Be! asteburua ospatuko da Berastegin bigarrenez martxoaren 1etik 3ra

Be! artzain kultura asteburua ospatuko da Berastegin.

Be! asteburua ospatuko da Berastegin bigarrenez martxoaren 1etik 3ra

Arkumea balioan jarri eta herriko artzain kulturaz gozatzeko festa izango da Be!

Joan zen urteko arrakastaren ondoren, bigarren urtez Be! Artzain Kultura asteburua antolatu da Berastegin. Martxoaren 1etik 3ra ardiaren garrantziaren gorazarre egingo da, herrian azken hamarkadatan izan duen garrantziaren erakusle.

Gastronomiatik haratago, Berastegin ardiak eta artzaintzak izan duen eraginaren eta duen etorkizunaren erakusle izango da ekitaldia. «Lehen sektorea indartu nahi dugu, eta ezinbestean, ikuspegi berritzailea eta sormena izan behar ditugu presente», azaldu zuen ekitaldiaren aurkezpenean Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak. Hitzaldiak,ibilaldiak, bisita gidatuak eta azoka egingo dira martxoko lehenengo asteburuan. Helburua «arkumea balioan jarri eta bere kontsumoaren inguruan hausnartu eta gozatzeko festa izatea da. Bisitariei gozatu eta ikasteko aukera eman nahi diegu formatu berritzaile eta parte hartzailean».

Berastegiko udalak zein herriko artzain-mahaiak antolatutako ekitaldia izan da, baina aurten herritar talde bat ere gehitu da antolakuntza taldera. «Lehen sektorea eta herritarrak elkartu behar gara, eta denok batera aurre egin», adierazi zuen Jose Ignazio Ugartemendiak, Gazpio gaztandegiko artzainak.

Horregatik, lehenengo ekitaldia ‘Hausnartu eta ekin!’ izeneko hitzaldi eta solasaldia izango da. «Artzainei ahotsa eman nahi genien, beraien bizipenak eta hausnarketak jaso. Baina ez dugu artzainen artean soilik hitz egin, eta gonbidapena luzatu nahi diegu herritarrei, eskualdeko lagunei edota interesa izan dezakeen edozein euskal herritarri» ekitaldian parte hartzeko, azpimarratu zuen.

Iazko Be! asteburuak jasotako harrera onaren ondoren, egitaraua oinarrian bera mantendu dute, nahiz eta berrikuntzak ere sartu dituzten herritarren zein bisitarien esperientzia hobetzeko. Horrela, aurten kanpotik datozen bisitarientzat autokarabanak uzteko eremua edota herriko nekazalturismoetan ostatu hartzeko aukera sortu dute. Gainera, asteburu guztian «herriko taberna eta jatetxeek artzaintzarekin lortura duten elikagaiez osatutako menuak eskainiko dituzte», aipatu zuen alkateak.

Mantendu den ekitaldietako bat astoekin ibilaldiak dira. «Astoek lagunduta Besabietako bordara bisita gidatua egingo da larunbatean», azaldu zuen Ane Urkizu artzainak. Bordan, «Koro eta Andres herriko artzainek borden erabilpenari, egiturari eta abarri buruzko azalpenak emango dizkiete bertaratuei. Honekin batera, bordan ardiak egongo dira ikusgai». Bisitari amaiera emateko herriko gazten dastaketa egingo da.

Goizean Besabietako borda ikusiko badute, arratsaldean Berastegiko belazeetan barrena bigarren ibilbide bat egingo da, Gazpio gaztendegira. Haurrekin familian egiteko pentsatuta dago ibilbide hau. Oraingoan ere, astoek lagunduta egingo da, eta gaztandegian bertako lana Jose Ignazio Ugartemendiaren eskutik ezagutzeko aukera egongo da. Gazta-dastaketarekin bukatuko da orduan ere bisita.

Ibilaldietan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Goizeko bordara bisitan 60 pertsonentzako lekua dago eta arratsaldean, gaztandegira bisitan, 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izen-emateak beartzainkultura2il.com helbidera mezua bidaliz edota 600567730 telefonora deituz egin daiteke.



Gainera, bisita gidatuez gain, martxoaren 2an, larunbatean, haurrentzako artzain kulturaren inguruko tailerra antolatu da. Iraitz Garaiburu artzainak gogoratu zuenez, «iaz oso aberasgarria izan zen. Oier Ugartemendia eta biok arkumeren inguruko hitzaldia eskainiko dugu. Herriko artzain gazteak gara eta ezagutza hori partekatu nahi dugu haurrekin, gertuan dutena baloratu eta sentitu dezaten».

Bestalde, bigarren egunean ere azoka gastronomikoa egongo da. «Eskualdeko herritarrak eta Euskal Herriko bisitariak gonbidatu nahi ditugu ardikia eta arkumea formatu desberdinetan dastatzera», azaldu zuen Garaiburuk aurkezpenean. Hori dela eta azoka gastronomikoa egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera frontoian hainbat produktuerekin: kalderetean, ardi gaztarekin egindako kroketak, arkumea parrilan, arroz-esnea eta, nola ez, gazta. Horiekin batera beste hainbat posturekin osatuko da azoka: artile-tailerrak, artisau garagardoak, arkumea erosteko postuak, eta abar.

Asteburuko egitarau nagusia igandean ospatuko da. Joan zen urtearen antzera, bi kilometroko ibilbidea prestatu dute herrian zehar, ardiaren inguruko kultura laburbiltzen duten hainbat gunerekin. «Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko ditugu artzain kultura bertatik bertara ezagutuz.», laburbildu zuen Xabi Saralegi zinegotziak. Horrela, bezperako azokak jarraipena izango du frontoian, eta horrez gain latxa ardiaren azpi-arraza desberdinen erakusketa, astoekin ibilaldiak, euskal artzain txakurren erakustaldia, Andres Etxeberriaren eta Aranzadiren etnografia saileko artzainen lan tresnen erakusketa edota gazta-dastaketa egongo dira besteak beste. Gainera, goizean zehar Gazpio artegia bisitatzeko aukera egongo da. Hiru bisita egingo dira, eta joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta