100 ale… eta aurrera!
Atzoko gauza dela dirudi, 2011ko abenduan Txantxangorriko lehen alea inprentatik atera eta irakurleengana hegan hasi zenean. Zortzi urte eta ehun aleren ondoren, urruti ikusten zen unea ospatzen ari gara.
Txantxangorrik 100 ale
Hilabetez-hilabete argitaratzeko asmo bakarrarekin, ehunekora iritsi gara. Bilduma oparoa, zuek irakurleok gabe lortuko ez genuena. Hilabete hasieran zain egoten zaretenak gertuko dendan aldizkaria hartzeko, kaletik eskatzen diguzuenak, etxean jasotzeko harpidetzen zaretenak; baita Argazki Erronkan izena emateko deitzen diguzuenak edota, soilik, gairen bat zenbat gustatu zaizuen esaten diguzuenak.
Talde-lana
Aldizkaria osatzen duen taldea aski ezaguna da. Batzuk lehen egunetik gaude, beste batzuk bidean gehitu zaizkigu, eta, guztien artean, pixkanaka, aldizkariaren jarrera anitza definitzen joan gara.
Lerro hauetan ezin ditugu iragarleak ahaztu. Alez ale, lehen zenbakitik huts egin gabe daudenak, baita noizean behin agertu direnak. Beraiek gabe ezinezkoa izango zen zenbaki borobil honetara iritsi ahal izatea.
Eskerrik asko!