Arantxa Atxukarro: «Jai dudan egunetan ia beti lasterketa daukat»

Arantxa Atxukarro 2020ko Berastegiko Negutrailean

Arantxa Atxukarro: «Jai dudan egunetan ia beti lasterketa daukat»

Arantxa Atxukarro korrikalariak ia astebururo parte hartzen du mendi-lasterketatan

Agurtzane Núñez Yarza

Gaztea zenetik dabil lasterka Arantxa Atxukarro, baina ez horretan bakarrik, hainbat kiroletan ere parte hartu baitu: frontenisa, karatea edo pala, besteak beste. Urte batzuk kiroletik urrunduta egon arren, gaur egun berriro bidean da eta hainbat herri-lasterketatan parte hartzen du, baita maratoietan ere.

-Noiz hasi zinen korrika egiten?

-Txikitan gogoratzen naiz, hamar urte inguru nituenean, nire izeba Mari Carmenek lasterketetan atera nahi izaten zuen, eta behin entrenatzera lagunduko nion galdetu zidan. Hamabost urtera arte edo iraun nuen. Berastegi inguruko mendietan entrenatzen genuen, baina batzuetan Tolosako Berazubira ere joaten ginen. Han Dina Bilbaorekin topo egin nuen behin, entrenatzailearen laguna zelako. Berarekin pistari bi itzuli ematea sekulakoa izan zen niretzat. Gero, lasterketak utzi eta karatea egin nuen bost urtez, hogeita hiru urtera arte, seme-alabak izan nituen arte.

-Noiz hasi zinen berriro korrika?

-Alabak bi urte zituenean edo hasi nintzen berriro. Lagun batek, Mertxek, komentatu zidan Behobian atera nahi zuela, eta ea lagunduko nion. Ez dut asko behar anima-tzeko, gaztetan edozertara apuntatzen nintzen, txistua ikastera, pianoa, frontenisean, karatean… Egun batean, bere senarrak bota zidan inor ez dela korrikalari petoa maratoia egiten duen arte, eta horrela, lehenengo maratoia egin behar izan nuen.

-Baina entrenamenduak asko aldatuko dira, ezta?

-Bai, nahiz eta nik ez ditudan oso ondo prestatzen. Baina bukatu nuen eta nahikoa barre egin genuen. Azkenean, niretzako maratoia zure buruarekin duzun jolas bat da. Bada momentu bat gorputzak ezin duela gehiago esaten duena eta zuk esan behar diozu ‘bai, ahal duzu’. Azken kilometroak borroka bat dira. Joan den urtean lau maratoi egiteko erronka jarri nuen, eta egin nituen. Aurten bost egin nahi ditut.

Maratoiak entrenatzen

-Denbora hobetzen saiatzen zara batetik bestera?

-Zirkuituaren arabera. Adibidez, Laredokoan bero izugarria egiten zuen. Orduan, erlojuari buelta eman eta zure buruari esaten diozu ez dela marka egiteko eguna, lasterketa bukatzekoa baizik. Lasterketa batzuk ondo ateratzen dira, eta besteak ez.

-Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

-Sentsazioen arabera entrenatzen dut, eta serieak, adibidez, ez zaizkit ezer gustatzen. Maratoirako hogei kilometro egingo ditut agian entrenamenduetan, asko jota 30era iritsi naiteke, baina askotan nahiago dut ez egitea, garrantzitsuena irteerara iristea delako. Badago jendea gehiegi entrenatzeagatik gero irteerara ere iristen ez dena. Behin pasa zitzaidan, 35 kilometroko entrenamenduekin, eta ikasi nuen.

-Beti daukazu hor erretiratzeko aukera ere.

-Erretiratzea oso gogorra da. Hobe da polikiago joan eta bukatzea. Laredoko maratoian, adibidez, eskerrak nire senarra zegoen. Lehenengo itzulian jada erretiratu egin nahi nuen, beroagatik, eta esan zidan ‘zertara etorri gara, ez zara bukatzera etorri?’, eta pentsatu nuen, ‘ba, honaino etorrita, bai’. Gero eskerrak eman nizkion.

Lasterketak astebururo

-Zenbat maratoi egin dituzu?

-Guztira sei egin ditut, lehengo urtean lau: Zaragozakoa, Laredokoa, Vías Verdes izenekoa eta Logroñokoa; eta hamabitan Behobia. Lasterketak ahalik eta gehienak egiten ditut. Normalean, lanean larunbatean edo igandean dut jai eta agendan begiratzen dut nora joan naitekeen. Ia jai-egunero lasterketaren batean parte hartzen dut.

-Azkenekoan, Berastegiko Negu Trailen hamargarren izan zinen.

-Beno, oso korrikalari onak daude, eta, horiek ez badute parte hartzen, goian egoteko edo irabazteko aukera daukazu. Zortea da.

-Hainbeste lasterketatan parte hartu ondoren, kuriositate bat baino gehiago izango duzu.

-Behin Soraluzekora joan nintzen eta izena ematean jartzen zuen ‘700 eskailera’. Ezjakintasunarekin joan nintzen, esanez, ‘zer izango da’. Hogei bat igotzera proba egin nuen eta konturatu nintzen gogorra izango zela, ez nagoelako ohituta eskailerak igotzera. Azkenean, lehenbizi zioan neskaren atzetik jarri nintzen, berak korrika igotzen zituen eta nik oinez, baina azken 400 metroetan esprinta bota nion eta lasterketa irabazi nuen. Pentsatu ere ez nuen egin irabaziko nuela.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta