Zaldibiatik Arkakara ibilbidea

Zaldibiatik Arkakara ibilbidea.

Zaldibiatik Arkakara ibilbidea

Zaldibiako parke botanikokotik aterako gara. Ibaiaren kontrako norabidean gurutzatuko dugu Ola eta Olakoerrota baserrietara iritsi arte. Ondoan dagoen zubia gurutzatutu dugu eta errepidera igoko gara.

Bertatik abiatzen den bidegorritik jarraituko dugu bidea eskuinerantz. Hamabost minutuko bidea daramagunean, bidegorria zubi batean bukatuko da. Gurutzatu eta ezkerrerantz, baserriaren ondotik, ateratzen den mendi-bidetik jarraituko dugu.

Bost minutu beranduago, bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerretik jarraituko dugu, ibaiaren ondotik jarraituz. Bidean aurrera eginez, karobi baten eta harrizko zubi baten ondotik pasako gara. Errota baten ondotik pasatzerakoan aldapa motz bat igoko dugu, eta ezkerretik jarraituko dugu. Segituan, hurrengo bidegurutzera iritsiko gara. Asfaltatutako bidetik jarraituko dugu, beherantz.

Hiru ordu laurdeneko bidea egin dugunean, Antxieta-Telei baserriaren aurretik igaroko gara. Aldapa igo eta hurrengo bidegurutzean ezkerretarantz jarraituko dugu. Minutu gutxi barru, hurrengo baserriarekin topo egingo dugu. Zementuzko bidetik jarraituko dugu aurrera.

Segituan langa batera iritsiko gara. Gurutzatu eta pixka bat aurrerago, bigarren langa bat gurutzatuko dugu. Bidearen azken zatian aldapa bat igogo dugu, eskailera batzuetan amaitzen dena. Eskaileretatik jaitsi, zubia gurutzatu eta Arkakako ur-biltegira iritsiko gara. Ibaiaren ondoko bidea jarraituz, atsedenlekura iritsiko gara, eta gorago, zentralera. Itzulera bide beretik egingo dugu.

    • Iraupena: 1 o.
    • Zailtasuna: erraza
    • Desnibela: 55 m.
    • Distantzia: 3,3 km.
    • Irteera: Zaldibia



 

Inguruan

Garbilekua

Antzina, etxeetan garbigailurik ez zenean, emakumeak garbilekuetan elkartzen ziren arropa garbitzeko. Horiek eraiki baino lehenago, hala ere, arropa garbitu beharra zegoen eta ibaien eta erreken ertzetan egiten zuten lixiba edo lixua. Zaldibian, parkearen ondotik igarotzen den Amundarain ibaian oraindik ikusi daiteke harrikoa egiteko lekua. Harriak, uraren eraginez gastatuta dauden arren, argi erakusten du non garbi-tzen zen arropa.

Karobia

Joan den mendera arte, karea oso produktu garrantzitsua zen eguneroko bizitzan. Baratzeetarako izurriteen kontra erabiltzen zen, baita baserrietako paretak txuritzeko ere. Arkakara doan bide zaharrean oraindik ere ikusi daiteke karobi bat, osorik, asko erori egin baitira urteen poderioz. Ia baserri-multzo guztiek zuten karobia, auzorako karea egiteko. Normalean malda batean zeuden kokatuta, goitik harria eta egurra, karobi frantsesen kasuan, sartu ahal izateko, eta behin egina zegoenean, aurrealdeko zulotik ateratzen zen.

Latxa ardia

Zaldibia Aralarrerako sarrera nagusietako bat izanik, ardiek eta artzainek garrantzia berezia izan dute bere historian. Artzainak, esnearekin gazta egiteaz gain, arkumetik hainbat produktu ateratzen dituzte. Herrian nagusiena mondejua da, eta urtero, urrian ospatu ohi diren Santa Fe jaien inguruan Ardiki Eguna antolatzen da hileko azken igandean, 1994tik, herriko zein bailarako mondeju egileekin, eta Aralarko artzainen gazta lehiaketarekin.

Zubiaurre baserria

Elizaren atzean, Amundarain ibaiaren bestaldean, dago Zubiaurre baserria. Jatorrizko egurrezko egitura mantentzen du oraindik eraikinak, baita kanpoaldeko paretetan ere. XVII. mendearen erdialdean izan zen eraikia. Egurrezko egituraz gain, deigarriak dira ate nagusian, leihoetan zein balkoiaren euskarrietan dituen harlanduzko harriak. Fatxada nagusian ia alde batetik bestera doan egurrezko balkoia nabarmentzen da. Urte askotan bertan egon ziren herriko jostun eta irakurtze eskolak

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta