Arrikrutzeko lehoiarekin hizketan
Iñaki Zubeldiak Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura nola aurkitu zuten kontatzen duen eleberria argitaratu berri du
Amaia Núñez
Idazle bezala, benetako gertaera eta pertsonak bere liburuetan tartekatzea ohituta dago Iñaki Zubeldia. Bere azken liburuan, pauso bat aurrera eman eta gaztetan Arrikrutzeko koban bizitakoa kontatu du. Eta ez nolanahiko istorioa: leizeetako lehoiaren hezurdura ia osoa aurkitu zuten berak eta Jesus Manuel Maroto ikaskideak 1966ko udazkenean.
Bere lehenagoko liburuetan ere Arantzazun izandako bizipenak argitaratu izan ditu Zubeldiak, besteak beste, ‘Josu Azalaren abenturak’ liburuan, beraien ‘salbatzaile’ izendatu zutena protagonista izanik. Oraingoa, ordea, eskoletan hainbat aldiz kontatu duen gertaeran guztiz oinarritutako eleberria da.
«Zergatik hainbeste urte? Uste dut adorea falta zitzaidala», dio. Garai hartan bai bera eta Maroto, baita Nazabal ere, Aran-tzazuko fraide ikasleak ziren. «Fraile eta ikasle egondakoen konplejoak izan nituen hasieran, orain ia pasa zaizkit. Hasieran ez nuen ezer entzun nahi Arantzazu eta fraileei buruz. Ez rekuerdo txarrak. Konplejoa, jendeak zer pentsatuko izaten dira», aitortzen du.
Horrela, urte luzez eleberria lozorroan eduki du, hezurdura lurrean etzanda topatu zuten antzera. Izan ere, aitortzen du «beldurra» ematen ziola bere esperientzia honetaz idaztea. «Beldurra nion ez asmatzeari, beldurra nion baita ere agertzen den kutsu erlijiosoari. Garaikoa da eta idazle bezala errealista izan nahi nuen, errealitatean oinarrituta gertatu zena, horko sentimenduak, sentsazioak, otoitzak onartuz; eta kosta egin zitzaidan horrela idatzi behar nuela onartzea. Faktore asko dira egin zutenak uste baino luzeago egotea idatzi gabe».
‘Lehoiaren atzaparretan galduta’ eleberrian abentura haren xehetasunak kontatzen ditu: haitzuloko Aranzadi gela lehen aldiz bisitatzeko irteera izan behar zena, nola bihurtu zen beraien bizitzako momenturik okerrena galdu egin zirenean, eta lagunek hamabi ordu eta gero, erreskatatu zituzteneko pozaren ondoren, nola jaso zuten ezustekorik handiena ikusitako animalia-hezurrak Iberiar penintsulan aurkitutako lehenengo ‘panthera spelaea’ zela jakitean.
Izan ere, leizeetako hartzaren aztarna ugari ezagutzen ziren ordurako Euskal Herrian. «Bergarako Seminarioko aita dominiko bat etorri ohi zen, karretilarekin, eta hartzaren hezurrak eramatzen zituen», dio Zubeldiak. Baina beraiek ikusitakoa beste animalia guztiz ezberdina zela konturatu zen liburutegian kontsulta egin zuenean.
Pasadizo hark bere bizitza Arrikrutzera eta, bereziki, bertan aurkitutako hezurdurari lotuta utzi zuen, eta horregatik azken kapitulua dedikatu dio, ‘Lehoari gutuna’, zuloan erori eta irten ezinik milaka urtez ezkutuan egon zen animalia hari. «Askotan pentsatu izan dut lehoiaren bengantza izan zela galdu izana», komentatzen du.
Munduan hiru
Duela lau urtera arte, Iberiar penintsulan topatu den hezur-sorta osoena eta bakarra zen Oñatin aurkitutakoa. 2017an Kantabriako La Garman beste bat topatu zen nahiko osoa. Hauetaz gain, Siberian topatu diren bi lehoi-kume izozturen gorpuak deskubritu dira soilik osorik.
Kuriositateak eraman zituen bi lagunak leizera, eta jankiminak eraman zuen Zubeldia aurkikuntzaren ondorengo egunean jaiki bezain laster liburutegira joan eta aurrehistoriako animalien hezurren inguruko liburu bat kontsultatzera. Orduan konturatu zen ez zela berak uste zuen hartza, eta hurrengo espedizioetako batean burezurrean zintzilik zegoen letagina hartu zuten.
Honetan ere zortea izan zuten Arantzazun zegoen aita Alejandro Ezkurdiak fraideak, Aranzadi Zientzia elkarteko kide zenak, lagunduta Jesus Altuna arkeologoarekin harremanetan jarri zen eta hark eman zion erantzuna, baita deskubrimendu hark zuen garrantzia handia ere. Liburuaren epilogoa Jesus Altuna berak idatzi du, Koro Mariezkurrenarekin batera. Argitalpena Oñatiko Udalak egin du. 500 ale inprimatu dituzte eta 12 eurotan jarriko da salgai.
Kobazuloan gidari
Ordutik, garai hartako espeleologian eta arkeologian aditu nagusiak ezagutzeko aukera izan zuen Zubeldiak. Aldizkarien bidez beraien lana mirestetik, Oñatiko leizezuloan beren gida izatera igaro zen, berak bakarrik baitzekien nola iritsi gela hartaraino.
Guztien artean, aipamen berezia du Felix Ruiz de Arcautek. Berak topografiatu zuen haitzuloa gazteetan eta «inoiz ez dut ahaztuko nola esan zidan ‘gehien izorratzen nauena da gu hemen hainbeste ibili, gehiena topografiatu, planoak atera eta bi fraidekume ‘nobato’ izatea hezurdura aurkitu zutenak’. Ez modu txarrean, humiltasun eta graziaz beterik baizik», dio.
Ruiz de Arkaute espeleologo tolosarra urte gutxi beranduago hil zen, 1971an Larrako sisteman dagoen Pierre Saint Martin koban, ur jauzi bat gurutzatzean seguru automatikoa blokeatu eta izoztuta.
Izan ere, Iñaki Zubeldia izan zen guztien gida hezurrak atera bitartean, baita ondorengo urteetan ere, jende askok ezagutu nahi baitzuen aurkikuntzaren lekua bertatik bertara. «Askotan joan izan naiz bisita gidatuekin. Idiazabalgoekin urtero joaten ginen, Ikaztegietatik ere bai, Oñatiko Aloña Mendi elkartekoekin…», oroitzen du. Jesus Manuel Maroto kidea aldiz, ez zen berriro sartu.
Hala ere, liburuaren berri eman dio, baita Jesus Nazabali ere. «Nazabali bidali nion eta asko gustatu zaio. Eskerrak ematen dizkit. Oso gustora dago. Maroto ere bai. Bere andreak esaten zidan ‘Ez zenuen zertan sartu, oso noblea izan zara’. Han zegoen nirekin, nola ez nion sartuko! Oso eskertuta daude», azaltzen du.
Historiaurreko hezurduraren aurkikuntzak Oñati eta Arantzazu arkeologiaren nazioarteko mapan jarri zituen ordutik aurrera, gaur egunera arte bizirik dirauen interesa piztuz. Ikerlari asko joan dira ordutik bai haitzulora, baita hezurrak ikertzera ere.
«Duela 35.000 edo 40.000 urtekoa dela adierazi zuen Jesus Altunak. Upsalako Unibertsitatera ere eraman ziren lagin batzuk ADN probak egiteko, baina oso kalitate txarra omen dute eta ezinezkoa izan zuten. Europako beste herrialdeetan topatutako beste hezurdurekin alderatu eta erlazioak zeuden ikertu nahi zuten», azaltzen du Zubeldiak.
Pingback: 32. Arkeologia Jardunaldiak ospatuko dira Aranzadiren eskutik - Txantxangorri Aldizkaria