Andres Etxeberria: «Besteentzako jateko lan egin behar baduzu, ikaragarrizko erantzukizunarekin lan egin behar duzu»
Andres Etxeberria berastegiarrak gaztaren kultura zabaldu zuen herrian
Agurtzane Núñez Yarza
Neguarekin batera hasten dira jaiotzen arkumeak, eta ordutik aurrera artzainak gazta egiteko denboraldiari hasiera emango diote. Andres Etxeberria berastegiarra 40 urtez aritu zen artzain, eta herrian artzaintzaren eta gaztaren kultura zabaldu zuen, oraindik ere bizirik dagoena.
Etxeberriak gaztetatik ezagutu zuen artzainaren bizitza, eta hazi zenean, hori izan zen bere ogibidea. «Etxean 150 bat ardi genituen, sei-zazpi behi eta behorrak. Ia etxe guztietan 150 edo 160 ardi zeuden. Ardi zaharrak diru asko balio zuen, ileak ere diru asko balio zuen. Etxerako gazta juxtu-juxtu egiten zen, baina nola besteak dirua balio zuen…», gogoratzen du. Hala ere, berak argi zuen nekazaritza-lanetan arituko zela, eta horretara bideratutako ikasketak egin zituen.
«Hogeita zazpi urterekin, ia gazteleraz hitz egiten ez nekiela, Valladolidera joan nintzen ‘Nekazaritza enpresaren zuzendaritza eta gestioa’ ikastera. Hasiera oso gogorra izan zen», dio. Ikasketetatik bueltan, bere artegia jarri zuen martxan Rosa Catalá emaztearekin batera eta urte batzuk beranduago gazta egiten hasi ziren. «Iparraldeko apaiz bat ibili zitzaigun lehenengo erakusten, gazta egiteko kooperatiban zebilena artzainekin eta ondo zekiena gazta egiten. Baldintza eta gordetzeko lekuak nolakoak izan behar zuen erakutsi zigun», azaltzen du Andres Etxeberriak.
Bera zen herrian gaztagile profesional bakarra, baina hainbat herritarrek ere ikasi zuten orduan gazta egiten, ikastaroetan edo berak erakutsita, eta ordutik hainbat etxetan egiten da gazta Berastegin. «Ni bezala, jende asko preparatu zen orduan, aurretik ez baitzekien. Esne ona hurrengo egunean gazta egiteko nola gorde, ze tenperaturatan, ahal den azkarrena esnea hoztu behar dela bakteriologia ez igotzeko edo errape minik baldin bada ardiak zaindu eta apartatu egin behar direla, tratamendua egin eta bakean utzi», zehazten du. Azaro hasieran antolatzen den Kultur Astean antolatzen den lehiaketan hamarretik gora gazta aurkezten dira urtero, denak herriko baserrietan eginak, Etxeberriak sortutako bidearen erakusle.
Izan ere, ordura arte etxe bakoitzean ahal zen modura egiten zituzten gaztak, «neurririk gabe, behatzarekin tenperatura hartuta. Askotan gazta txarrak ateratzen ziren, eta errua eguraldiari edo trumoiari botatzen zitzaion», gogoratzen du. Etxeberriak garrantzia handia ematen dio gazta egiteko prozesuari, «besteentzako jateko lan egin behar baduzu, ikaragarrizko erantzukizunarekin lan egin behar duzu, serio egin beharreko lana da», azpimarratzen du.
Berak gogoan du nola artegia jarri zuenean galdezka aritu zen herrian gazta ona egiteko ospea zutenei. «Nik ardiak nituen baserriko azken jabearen semea egunero egoten zen nirekin, egunean bitan, ardiak jezten genituen bitartean. Galdetu nion zer egiten zuten eta esan zidan amonak esnea ekarritakoan ontziak garbitu arazten zizkiela sutako hautsarekin, gero urarekin ondo garbitu eta adar batean zintzilik jarri lehortzeko. Sutako hautsak, beste gauza batzuen artean, lixiba dauka. Hor konturatu nintzen noizbait garbiketaren kultura egon zela, baina gero galdu egin zela», dio.
Gazta egiteko tresnak ere, gaztetan ez zituen ezagutu. «Gazta egiteko kultura kasik inork ez zekien herrian. Kaikua ezagutzen genuen behiak jezteko ere erabiltzen zelako, baina gure etxean ez zen egon. Abatza ez genuen ezagutu eta gazta-zumitza ere ez, gaztaren moldea egiteko erabiltzen zena», azaltzen du. «Gazta egiteko gatzagia botatzen zen nolabait, kriterio askorik gabe. Azkenean mamitzen zelako, nahastu eta pila bat egiten zen, ateratzen zena ateratzen zela. Nola gehienetan txarra ateratzen zen, erruduna eguraldia izaten zen. Bestetan gizonak esne txarra ekarri menditik eta andrea erruduna gazta ona egiten ez zekielako. Gatzagia ere ardiari kendu eta bere horretan edukitzen zen sukaldean. Gero ikasi genuen ondo esne txarrarekin gazta ona ezin dela egin. Baldintza asko behar dira gazta ona egiteko», azpimarratzen du.
Etxeberriak berandu ezagutu zituen gazta egiteko tresnak. Horregatik, jubilatu zenetik antzinako egurrezko tresnen erreprodukzioak sortzen ditu, jendeari ezagutarazteko.