Inauteriak dantzan

Abaltzisketako Txantxoak dantzan Inauteriak

Inauteriak dantzan

Inauteriak dantza propioarekin ospatzen dituzte Abaltzisketan eta Amezketan inauteriak

Amaia Núñez

Iñauteri festa ospetsuenetakoak Tolosakoak izan arren, probintzian badaude hainbat herri beraien jaia ospatzen dutenak. Duela ez hainbeste urte herri bakoitzak bere festa zuen, Tolosa edo Donostia bezalako herrigune handiagoak ‘urruti’ geratzen baitziren. «Abaltzisketan herriko San Juan jaiak baino jende gehiago biltzen zuela esaten zuen gure aitak», dio Jon Zubeldiak. Bere anaia Jose Luis izan zen herrian Txantxo-dantza berreskuratzeko lanean aritu zena, galdu baino lehen parte hartu izan baitzuen, eta 1989tik urtero ateratzen da herriko gazte taldea etxez-etxe eta baserriz-baserri.

Abaltzisketan eta Amezketan, ondoan dauden herriak izanik, Ihauteri jaiaren tradizioa antzekoa zuten bietan, nahiz eta izen ezberdina duten herri bakoitzean: Txantxoak dira Abaltzisketako dantzariak eta Talai-dantzariak Amezketan. Hala ere, egun ezagutzen direnak 1970 eta 1980 hamarkaden amaieran berreskuratuak izan ziren. Abaltzisketan ez dakite noiztik egiten den festa hau herrian; hala ere, ziur dakite urte zehatz batzuetan dantzatu zela: 1930, 1933, 1936tik 1940ra, 1947an eta 1971an. Urte horretan soldaduskara joan behar zuten gazteak osatzen zuten taldea garai hartan, baina 1989an berreskuratu zenetik herriko edozein gaztek parte hartu dezake.

Herrian zortzi dira dantzariak, berreskuratu zenean zortzi jantzi egin zituztelako. Jantzi berezia da: galtza eta alkandora zuriak, kolore ezberdinetako zintekin apainduak, gerriko gorria, edozein koloretako gorbata eta koloretako bi mantoi sorbaldetan, ‘bandolera’ modura lotuak. Txapela gorria da, kolore zuriko ‘mantila’ antzeko sare moduko bat dauka josia, txapelaren erdian borla zuri handia eta izkinetan borla zuri txikiak zintzilik, eta gomazko abarkak.

Jakin izan dutenez 1930 urtera arte bakoitzak nahi zuen jantzia eramaten zuen eta ondoren guztiek berdin jantzita joatea erabaki zen. Berreskuratzeko lanetan, jantzia ere argazki zaharren bidez berregin zuten. Horretarako 1971ko argazki bat erabili zuten oinarri. Aldaketa bakarra txapelak jasan zuen, argazkian daramatena ez baitzen berezkoa, ‘Amabine’ baserriko Julia Mimendiak esan zienez, eta Euskal Dantzarien Biltzarrean bilatuta lortu zuten egungo diseinua.

Amezketako Talai dantzariak. Argazkia: Núñez

Amezketako Talai dantzariak. Argazkia: Núñez

Amezketan Talai-dantza

Amezketan ere antzeko jantzia zutela dute gogoan adinekoek, baina 1976an berreskuratu zenean aldatzea erabaki zuten, jantziak galdu egin omen baitziren. Koldo Saralegi herritarrari esker berreskuratu zuten dantza herrian. Ordutik mahonezko galtzak, alkandora txuria, gerriko faja eta txapela, koloretako painueloa, galtzerdi txuriak eta abarkak dira jantzi ofiziala, «edonork etxean eduki lezakeena», dio Jokin Artola amezketarrak, «horrek edonork parte hartzeko aukera ematen du, izan gaitezke zortzi, hamar, hamabi…».

Izan ere, igandean bi talde osatu ohi dituzte, batzuk Ugarte auzoaren aldea eta besteek Aspila aldea egiteko. Ondoren, bi taldeak Zubillaga auzoan elkartzen dira herrigunea zeharkatzeko. Arratsaldeko hiruak aldera amaitzen dute eta astelehenean jarraitzen dute geratzen zaizkien etxeekin.

Bigarren egunerako furgoneta bat alokatu ohi dute eta Bedaion dantzatu eta gero herriko gainontzeko baserrietara joaten dira. Honela, gogoan dute duela urte batzuk poltseroa ahaztu zutela: «Neska bat urte askotan poltsero atera zen. Behin, Ugarten etxe batean geundela, etxekoekin kontutan geratu zen eta guk alde egin genuen. Furgonetan sartu ginen eta hurrengo etxera arte joan ginen. Han dantza egin genuenean etxekoek galdetu ziguten ‘Poltseroa non duzue?’ Begiratzen hasi ginen, eta falta», kontatzen dute barrez.

Dantzariekin batera doaz Abaltzisketan musikariak eta mozorroak, edo poltseroak amezketarren kasuan. Musika trikitiarekin edo akordeoiarekin izaten da, eta kasu batzuetan baita txistulariekin ere. Bedaioko Juan Antonio Sarasola txistularia izan zen urte askotan Abaltzisketako konpartsako txistularia, eta 30. hamarkadan Larraitz auzoko trikitilari bat hasi zen.




Puska-biltzea

Bi herrietan antzekoa da, makil-dantzaren aldaera bat, Amezketan Talai dantza deiturikoa. «Hemen Abaltzisketan baino azkarxeagoa da, bestela berdintsuak dira», azaltzen du Julen Otamendi amezketarrak.

Dantzariekin batera bi mozorro doaz Abaltzisketan, garai bateko baserritar jantziarekin. Lehenengo mozorroa konpartsan aurrena joaten da, eskuan erratza daramala eta dantzatu behar duten lekua garbitzeaz arduratzen da. Bigarren mozorroak, aldiz, aurpegi belztua du jendeak ezagutu ez diezaion eta saskia eramatearen ardura du. Bera arduratzen zen baserri edo etxeetan emandako dirua bildu eta jasotzeaz.

Gerra Zibilaren aurretik ‘Puska biltzea’ egiten zen, baserriko produktuak jasoz: barazkiak, txerrikiak, arrautzak eta abar. Baserri bakoitzak festan laguntzeko bidea zen. Amezketan poltseroak hartu dute mozorroen funtzioa azken urteetan. Jokin Artolak entzuna die herriko adinekoek kontatua «lehen beti, Abaltzisketan ere bai, izaten zela bat gaiztoa, dantzan ari ziren bitartean baserrira joan eta lapurretan egiten zuena. Gu horren aldean txintxoak gara. Esaten dute batzuetan beldurrez egoten zirela Talai dantzariak edo txantxoak ailegatzeko, bazekitelako dantza eta esker ona eta zerbait polita zela, baino bazegoelako atzetik zerbait egingo zutena txarra». Gaiztakerien arduraduna bigarren mozorroa zen.

Hala ere, Ihauteri jaietan herri guztiak parte hartzen zuen ekimena zen. Hori dela eta, igande eta asteartean erromeria antolatzen zuten dantzariek plazan. «Bildutako produktuen zati batekin afaria egiten zuten eta soberan zutena Ostatuari saltzen zioten. Salmentan eta etxez etxe ateratako dirua plazan erromeria egiteko musikari bat eta edariak ordaintzeko erabiltzen zuten», azaltzen du Jon Zubeldiak.

Guda Zibilaren ondoren debekatua egon zen, nahiz eta ‘puska biltzea’ egitera ausartzen ziren gazteak bazeuden. Baina arratsaldean erromeria antolatzea arriskutsuegia gerta zitekeen.

Gaur egun, gehienak Tolosara joaten dira festara eta igandean bakarrik ateratzen dira dantzan Abaltzisketan. Hala ere, festa ondo amaitzeko, eta ohiturak ez galtzeko, bi herrietan afaria egiten dute. «Lortutako diruarekin afaria egiten da baita irteeraren bat urtean zehar», azaltzen dute amezketarrek eta eskertzen dute etxeetan eskaintzen dizkieten gosari eta hamaiketakoak. «Ez digute denetan ematen, eskerrak, bestela ez ginateke mugitu ere egingo».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta