Josu Okiñena: «Euskal kultura pentsatzen duguna baina zabalagoa da»

Josu Okiñena eta Da Costa Zerainen. ··· OE Oficina

Josu Okiñena: «Euskal kultura pentsatzen duguna baina zabalagoa da»

Batura zikloak euskal musika klasikoa ezagutaraztea du helburu

Amaia Núñez Yarza

Batura musika zikloak hirugarren edizioa bete du aurten aurrekoekin alderatua jauzi handi bat emanaz. Ekitaldi gehiago antolatzeaz gain, hemeretzi denera, ikuslego handiago batengana ere iristea lortu dute, euskal musika klasikoa txoko berrietara eramanez. Apirilean oraindik bi kontzertu geratzen badira ere, jada datorrenean pentsatzen daude, aurten izandako arrakasta ikusirik.

Izenak dioen bezala Batura zikloa indarrak batu eta sinergiak aprobetxatzetik sortutako ekimena da. Guztiaren oinarrian Josu Okiñena piano-joleak euskal musika zabaltzeko hasitako lana dago, horren garapenaren ondorio naturala dela esan daiteke. «Nire karrera artistikoan munduan zehar euskal musika klasiko askotan jotzen dut. Leku askotan jende askok galdetu dit non dauden partitura horiek, asko gustatzen zaizkielako eta jo nahi dituztelako pieza horiek. Orduan konturatu nintzen hutsune bat zegoela, partitura hauek, euskal musika klasikoaren partiturak, orokorrean ez zeuden eskura», azaltzen du, asko jada agortuta zeudelako edota argitaratu gabeak zirelako. Horri erantzun bat eman nahian, partiturak argitaratzen hasi zen. Horrek erronka berri bat sortu zuen: «Partiturekin bakarrik adituek entzun dezakete musika» eta horregatik grabatu eta ohiko musika formatu eta plataforma digitaletan argitaratu zituzten.



Hala ere, euskal musika ezagutzera emateko hori nahikoa ez zela konturatu ziren, «oso garrantzitsua dela musika hau kontzertuetan programatzea, zuzenean publikoari erakusteko nolakoa zen euskal musika klasikoa». Horregatik, berari eskainitako ziklo bat egitea pentsatu zuten eta 2020an erabaki zuten hastea. Lehen bi kontzertuen ostean, segituan iritsi zen itxialdia eta urte hartako emanaldiak airean geratu ziren. «Bai Donostiako Udaletxeak eta Eusko Jaurlaritzak, bai parte hartzen zutenek laguntza asko eman zigutela reprogramatzeko kontzertuak».

Horrela, lehengo urtean egin zuten bigarren edizioa. Aurrenekoan ‘Quebec eta euskal musikaren arteko harremanak’ planteatu bazituzten, ‘Euskal musika Ameriketan’ izan zen bigarrengoaren gaia. Hirugarren ziklorako, berriz, ‘Emakumea eta euskal musika’ izan dituzte emanaldi guztien ildo nagusitzat.

Okiñenak urteak daramatza euskal musika aztertzen eta hori ere ageri da Baturaren oinarrian. «Eskuizkribuak aurkitzen dituzunean aztertu behar dituzu jakiteko zein garaikoak diren, ze kalitate artistiko duen, zein garrantzia duen historikoki… eta irizpide horiek jarraituz aukeratu ditzakezu zeintzuk diren egokienak, alde batetik, historikoki, eta bestaldetik, atseginak izango direlako publikoarentzako», argitzen du piezak aukeratzeko erabakiaren inguruan. Hala ere, aitortzen du «niretzako izan da sorpresa bat konturatzea Euskal Herrian ez dugula ezagutzen dugun ondarea nolakoa den». Izan ere, bere esanetan, «Euskal musikari buruz ari garenean beti folkloreari buruz ari gara hitz egiten, imajinatzen dugu folklorea edo ezagutzen ditugun abesti batzuk». Horregatik, «oso inportantea da nire ustez gogoratzea euskal ondarea ez dela bakarrik Euskal Herrian konposatu den ondarea, baita ere diasporan egindako produkzioa eta duen garrantzia eman behar diogu, ze euskal kultura pentsatzen duguna baino askoz zabalagoa da».




Gipuzkoan barrena

Aurten lehen aldiz Batura Zikloa hirietatik atera eta Gipuzkoako herri txikietara zabaldu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako Next Generation europar fondoko diru-laguntzen baitan sartutako ekimena izan da. Horrela, helburu bikoitza zuen: alde batetik mila biztanle baino gutxiagoko herrietan ekintza kulturalak programatzea eta, bestetik, hirietako biztanleei herri horiek ezagutzeko aukera ematea.

Zortzi kontzertu egin dira eta guztiz arrakastatsuak izan direla onartzen du Okiñenak. «momentu honetan eskatzen digute berriro egiteko eta bagoaz aurrera planteamendu honekin», dio. Izan ere, aitortzen duenez Donostiako eta hirietako biztanle gehienek ez dituzte Alkiza, Orendain, Baliarrain, Aduna, eta abar, Gipuzkoa barnealdean dauden herri txikiak ezagutzen. «Ze altxorrak, ze leku politak, askotan ez ditugunak ezagutzen». Horregatik, kontzertu hauetara joan nahi zutenentzako Donostiatik autobus bat jarri zuten doan eta guztietan bete egin da.





Batura Zikloak Gipuzkoan euskal musika klasikoa zabaltzen badu ere. Bertan parte hartzen duten musikariei esker musika hori nazioarte mailara zabaltzen da. Izan ere, hemen jotzen dituzten piezak beraien errepertorioan erabiltzeko aukera ematen zaie. Horrela, zikloaren eta Okiñenaren lanak zabalkunde berri bat jasotzen du. «Benetan oso pozik gaude emaitzarekin», aitortzen du.

Bi hilabetez nazioarteko lehen mailako musikariek aurkeztu dute beren lana, besteak beste, Sira Hernandez piano-joleak ‘Gernika’ bere azken lanaren estreinaldia egin zuen Amezketan, Karin Suleyman Grammydun tenorea Hondarribian aritu zen Okiñenarekin batera, edota Konstantin Soukhovetski, Maider Ronquete, Noelia Ibañez edota Franco Cavalleri musikariek parte hartu dute, besteak beste. Apirilean aurtengo zikloko azken bi kontzertuak geratzen dira, Beasaingo Igartza Jauregian apirilaren 23an, 19:00etan, Sugaar Ensemble eta Arkaitz Mendoza piano-jolearekin, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Klub Gunean, Aurélien Pontier piano-jolea apirilaren 29an, 19:30ean.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta