Saguzarrak, gaueko lagunak
Saguzarrek lan handia egiten dute intsektuen populazioa kontrolatzeko
Amaia Núñez Yarza
Gauez bizi eta kolore ilunekoak edo beltzak izateak ez die fama ona izaten lagundu saguzarrei. Hala ere, naturaren balantza mantentzeko izaki oso lagungarriak izan daitezke gure inguruan gauero mila intsektu jatera ere iritsi daitezkeelako. Naturtzaindia elkarteak ‘Euskal Herriko saguzarren gida’ liburua argitaratu du ugaztun hauek hobeto ezagutzeko.
Bertan, Euskal Herrian bizi diren hogeita zazpi espezieren ezaugarriak azaltzen dituzte, gaur egunera arte argitaratutako hainbat ikerketa lanetan oinarritutako datuekin. «Gipuzkoan dauzkagun datuak aberasten ari gara, bailara guztietako espezieen aniztasuna erakusteko», azaltzen du Naiara Corcuera Naturtzaindia elkarteko kideak. Espezie guztiak lurralde zabalean hedatuta daude eta bat bera ez da endemikoa. «Gehienak hemen agertzen badira ere, Bizkaian, Nafarroan edo Iparraldean ere agertzen dira», dio.
Saguzarrak nonnahi
Uda garaia da saguzarrak ikusteko edo nabaritzeko hoberena, izan ere, neguan hiru hilabete hibernatzen igaro ondoren, iluntzetan ateratzen dira elikatzera. Gehienbat kobazulo eta basoetan bizi badira ere, badaude herriguneetako bizitzara ohitu direnak. Corcuerak azaltzen duenez, «badaude mota batzuk oso espezifikoak direnak beren habitataren erabilerarekin. Adibidez, badago saguzar bat Barbastella deitzen dena, oso beltza, gustatzen zaizkio baso helduak, zuhaitz zaharrak; baso asko eta eremu zabalak dauden inguruetan bizi da, gordetzen delako zuhaitzen zuloetan, edo txanda azalaren azpiko arrakaletan. Badaude beste batzuk ortuak eta baserri inguruetan gustatzen zaiena mugitzea, zelaiak, baso txikiak eta horrelako inguruetan», dio.
Espezie hauek «behar beharrezkoak dituzte horrelako inguruneak. Beste batzuk, adibidez, ur eremuetan ikustea da ohikoena. Badago bat, Myotis daubentonii, ur azaletan dauden intsektuak jaten dituena. Gero badaude beste batzuk apur bat generalistagoak direnak. Kalitatezko habitat bat ez dute eskatzen eta ohituta daude herri eremuetan bizitzera, zaratarekin, argi kutsadurarekin… pipistrelloak adibidez, saguzar txiki bat. Farola inguruetan eta mugitzen diren intsektuak jaten ikustea oso erraza da. Udako edozein gau epeletan ikusten direnak dira eta gure etxe inguruan dabiltzan intsektuak-eta jaten dituzte».
Horrela, hemen inguruko saguzar gehienak intsektujaleak dira: eltxoak, gaueko tximeletak eta sitsak jaten dituzte. «Badago saguzarren bat batzuetan txoriren bat harrapatu ahal izan duena, hemen daukagun saguzar handiena, noctulo handia. Ilunabarrean erretiratzen diren azken txoriren bat noizbehinka jaten du, baina orokorrean intsektujaleak dira», aipatzen du.
Mila intsektu gauero
Horregatik, intsektuen plagak kontrolatzeko laguntza handia eskaintzen dute saguzarrek. «Hemen toki askotan oraindik ez dugu horrelako arazorik, ezta kontzientziarik, baina benetan arazoa duten toki askotan, adibidez Ebroko delta inguruan, arrosarekin dauzkaten arazoak eta plagak kontrolatzeko, babeslekuak jartzen dira saguzarrak gordetzeko eta gero ingurune horretan intsektu jan dezaten».
Izan ere, saguzar batek gau batean bere pisuaren %30a jaten du intsektuetan, mila intsektu jan ditzake gauero eta «lortzen baduzu zure baratza inguruan horrelako komunitate bat finkatzea, horrek egiten dizun zerbitzua eltxoak eta plagak kontrolatzen kristorena da. Orain, gero eta gehiago, intsektuak gaixotasunak transmititzeko bektore dira. Norbaitek saguzarren zantzuak baditu etxean baloratu dezala, eta ez saiatzeko uxatzen».
Euskal Herriko espezieak lau familia eta hamaika genero ezberdinetan banatuta daude, guztiak legez babestuta. Tamaina ezberdinetakoak daude. Naturtzaindiako kideek hiru mailatan banatzen dituzte: txikiak 6 gramoko pisura arte, «behatz potoloaren tamainakoak dira, oso txikiak»; ertainak 7-16 gramo artean, eta handiak hortik gorakoak, «Euskal Herrian dagoen saguzar handienak 60 gramo ere pisatu ditzake».
Gainera, ‘Saguzar gauak’ ere antolatzen ditu Naturtzaindiak animalia hauek ezagutzera emateko. Hainbat herrietan jada aurrera eraman duten ekimen honetan, lehenengo lau panelen bidez saguzarren inguruko informazioa azaltzen dute eta ondoren, ibilaldi bat egiten dute ultrasoinu detektagailuekin.
Horrela, ibilbidean zehar linternekin ikusten dituzten saguzarren ultrasoinuak detektagailuen bidez entzuten eta identifikatzen saiatzen dira, espezie bakoitzak onda ezberdinak emititzen baititu. «Espezie batzuk botatzen duten ultrasoinua formagatik oso urrutira heltzen da, hogeitabost metrotara ere kaptatzen da seinale hori. Beste mota batzuk pasa behar dira oso gertu kaptatzeko, bost metro baina gutxiago behar ditugu ondo kaptatzeko».
Pingback: Txantxangorri 127. alea - Txantxangorri Aldizkaria