Bertsolaritzaren historiaren lekuko

Martina, Pio eta Trini Lazkao Txikiren gelan. Núñez

Bertsolaritzaren historiaren lekuko

Lazkao Txikiren jaiotetxeak garai bateko bertsolaritzaren oroimena gordetzen du

Amaia Núñez Yarza

Bertsolaritza nekazal munduan sortu zen eta, bertsolariek garai batean fama oso ona ez izan arren, hor eutsi zion bere izaerari. Garai bateko bertsolari gehienak nekazal giroan sortu ziren eta horren lekuko izaten jarraitzen du Abalin baserriak. 60.hamarkadan geldirik dagoela ematen badu ere, bertsolaritzaren historiako zati bat ere gordetzen du, Joxe Miel Iztueta ‘Lazkao Txiki’ bertsolariaren jaiotetxea zen eta horrela mantendu dute bere ilobek. Beraiek ere bertan jaiotakoak dira eta familiaren historia gorde dute.

Lazkao Txikiren liburuak, argazkiak, arropa, garaikurrak, opariak… denetik gorde dute bere gela zenean. Duela 30 urte zendu zen, bihotzeko ebakuntza egitera joan zela, 66 urterekin. Urtebete lehenago jubilatu zen eta izen handiko bertsolaria bazen ere, gertukoa zen, hainbat emanaldi eta ospakizunetan parte hartzeko prest. «Koadernoetan dena apuntatzen zuen, baina gero ez zuen begiratzen eta batzuetan joatea ahazten zitzaion», gogoan du Trini Barandiaran ilobak.

Bere gelan, bertsolaritza da nagusi eta historia gertu sentitzen da. Berak umetatik miresten zituen Basarri eta Lasarte ez dira falta, ezta Mattinen argazkiak ere. «Egunen batean uste dut Zaldibiara jaitsi zela eta Basarri bertsotan zegoen. Urteetan alde handia zuten. Basarri bertsotan entzun zuenean, lehen baldin bazuen bertsotarako zaletasuna, orduan ireki zi-tzaion gehiago. Hura izan zen Jaungoikoa ikusiko balu bezala», dio Trinik. «Izugarrizko errespetua zion, baita Lasarteri».

Bere gauzen artean harmonikak ere badauzkate. «Bakar-bakarrik harmonika jotzen egotea gustatzen zitzaion», azaltzen du eta Martina ahizpak gehitzen du, «ez dakit ze inspirazio ematen dion leiho horrek». Izan ere, logelako leihoa da gelako elementu garrantzitsuenetakoa. «Orain zuhaitzak daude, baina lehen dena ikusten zen». Grabagailua ere bazuen, eta basora joaten omen zen txorien kantak grabatzera.

Bertsolaritzara dedikatu baino lehenago hainbat lanetan jardun zen, besteak beste pen-tsuak saltzen. Bere koadernoetan dituzte diru-gorabeherak apuntatuta, txukun-txukun. Halabaina, diruari ez zion garrantzia handirik ematen eta, gerora, «liburuak txukuntzen kobratu gabeko txekeak ere aurkitu ditugu orrien artean».




Etxekoei laguntzeaz gain, lagunen laguna zen eta bere izenak Lazkaotik urrun ere bizirik dirauela jakin zuten. «Gorritin bazuen lagun bat eta semea Ameriketara joan behar zela esan zion, soldaduska ez egiteagatik. Lazkao Txikik liburu sorta bat oparitu zion, ‘han ez dek holako libururik topatuko eta euskera ez ahaztu behintzat’. Bertsolaritza jarraitzen zuen handik eta duela urte batzuk, Maizpide Euskaltegiko talde bat etorri zen bisitan. Hemen bazkaldu zuten eta postreetan zuzendariak esan zigun Mikaela Goikoe-txea, artzai joandakoaren alaba, taldean zegoela. Hau ezagutzeko ilusioa zuen, bere aitak esan ziolako nola Joxe Mielek liburuak oparitu zizkion», gogoratzen dute. «Mikaelak euskaraz ikasi zuen eta gurasoak Gorritira etortzen zirela esan zigunean, hona gonbidatu genituen eta hiruak etorri ziren».

Ilobek, Joxe Miel osabarekin erlazioa duen guztia gordetzen dute: aldizkariak, liburuak, marrazki bizidunetako bideoak, marrazkiak, baita pandemia garaiko musuko bat ere bere irudiarekin. «Gazte talde batek despedida egin zuen eta gero hemen utzi zuten».




Hogeita bostgarren urteurrenean, ekitaldi berezia antolatu zen Lazkao Txiki gogoratzeko. Normalean herrian egiten bada omenaldia, egun hartan Abalin baserrian elkartu ziren. «Festa polita izan zen, jende pila bat etorri zen», oroitzen dute. Gerora, Aralar alderako ibilaldietan pertsona ugari igarotzen dira bertatik, «askok galdetzen zuten hemen zen eta, Udaletxean plaka jartzeko baimena eskatu genuen». Joxe Mielek jaiotetxeari eskainitako bertsoa irakurtzen da, berak hain maite zuen txantxangorri bat alboan duela.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta