Mondejua protagonista berriro Zaldibiako Ardiki Egunean

Zaldibiako Ardiki eguna: Ardiki kultur elkarteko kideak mondejuak prestatzen. Núñez

Mondejua protagonista berriro Zaldibiako Ardiki Egunean

Urriko azken igandean Zaldibia mondejuaren hiriburu bihurtuko da

Agurtzane Núñez Yarza

Gipuzkoako zeinu ikurretako bat gastronomia da, baina bada Goierrin eta Tolosaldean bakarrik aurkitu daitekeen produktu bat: mondejua. Aralarren magalean dauden herrietan egiten da antzinatik, bertan uda pasa duten ardiekin. Urriaren azken igandean, hilaren 29an, Zaldibia berriro ere mondejuaren hiriburu bilakatuko da, hestebete berezi hori goraipatu eta ezagutara emateko.

Aurten hogeita zortzigarren urtez antolatuko da Ardiki Eguna, Ardiki kultur elkartearen ekimenez. 1994an sortu zen mondeju-lehiaketa, baina arrazoi desberdinak medio, badira antolatu ez diren urteak ere, esaterako, 2020an pandemia zela eta. «Zaldibian mondejua ahaztuta ez da inoiz egon, baina hasi ginen suspertzeko edo indar berri bat emateko. Jende gehiagok ikasi zezan egiten», azaltzen du Migel Mari Irastorza Ardiki kultur elkarteko kideak.

Mondeju txuria

Izan ere, odolkia produktu zabaldua bada ere, mondejua Aralar inguruan bakarrik egiten da eta ez da hain ezaguna. «Ardi hestearekin egiten da, ardiaren seboa, porrua eta arrautzarekin. Hortik aparte, bakoitzak bere errezeta dauka, batzuk tipula pixka bat botatzen diote, edo perrexila, baita ardi-tripakiak txiki-txiki eginda», dio.

Lehiaketa irekia da eta herriko zein inguruko herrietako edozeinek parte hartu dezake, beti ere «mondeju zuria aurkezten», zehazten du. Izan ere, mondeju beltza ere egiten da etxe batzuetan, arrautza beharrean ardi-odola erabiliz, odolkiaren antzera.

Hogei bat parte hartzaile inguru aurkezten dira urtero goiz guztian egiten den lehiaketara. Bederatzi epailek dastatzen dituzte mondeju guztiak banan bana, antolakun-tza denak tenperatura egokian egoten saiatzen den bitartean. «Hiru epaile sukaldaritza munduko pertsonaiak izaten dira, eta gainerakoak herriko etxekoandreak eta mondejua egiten duten pertsonak», azaltzen du.

Mondeju guztiak batera berotzen dituzte eltzeetan, nahiz eta ez denak aldi berean. «Laurogei gradu inguruan edukitzen ditugu. Goizean zozketa egiten dugu. Aurrena atera behar dutenak saiatzen gera lehenengo berotzen, eta gero pixkanaka gainerakoak. Bestela, suertatzen den postuaren arabera, denbora asko egon beharko lukete sutan batzuk; ahal dela denak denbora berdintsua egon daitezen sutan», dio.




Aralarko gazta-lehiaketa

Mondeju-lehiaketarekin batera, urte batzuk beranduago Aralarko gazta-lehiaketa egiten hasi ziren, aurten 25. urtea beteko duena. «Hurrengo urtean konturatu ginen, artzainek Aralarren egindako produktua dela gazta eta mondejuarena bakarrik egitea ez zeukala zentzurik», azaltzen du. Ordutik, Aralarren egondako ardien gazta lehiaketa egiten dute, «artzain guztiek ez baitute oraindik Aralarren gazta egiten, baina ardiak bertan egondakoak dira».

Honetan ere, bederatzi epaileek osatutako epaimahai batek probatzen ditu gazta guztiak, «hiru sukaldaritza edo gastronomia mundukoak edo artzainen bat. Besteak gazta gustatzen zaien edo gazta munduan aritzen diren herritarrak dira», zehazten du Irastorzak.

Goiz guztian giroa alaitzen aritzen dira bertsolariak eta beraiek dira ere sari-banaketaz arduratzen direnak. «Ez dakit nola sortu zen sariak bertsotan ematearena, bertsolarien eta bertsozaleen artekoa izango zen, baina oso ondo atera zen eta horrela jarraitzen dugu. Aurten ere Sebastian Lizaso etorriko da eta berarekin egongo da Aitor Mendiluze, urte askotan etorri den Egañaren ordez».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta