Aranzadik Euskadiko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa aurkeztu du
Hegaztien Nazioarteko Eguna dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1949tik ornitologiaren mundua estatu mailan ikertzen duen erakundeak, Euskadiko hegazti habiagileen atlasa aurkeztu du . Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-faunaren aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona jasotzen duen atlasaren edizioa Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailak gidatu du, Juan Arizagaren zuzendaritzapean.
Ornitologo aditu honek aurkezpenean azaldu duenez, “ikerketa hau gure lurraldeko hegazti-faunaren aberastasunaren erradiografia da. Metodologia zientifikoaren bidez, gure hegaztien egoerari buruzko informazio zehatzagoa izatea lortu dugu: ugaltze-espezie guztien kopurua, espezieen ugaritasunaren kalkulua edo habitaten araberako populazioen tamaina, besteak beste”. Lan hori ornitologian adituak direnekin egin da. Horiek 5x5km-ko UTMko lauki edo gelaxken arabera zenbatu eta hartu dituzte datuak, eraztunak dituzten hegaztien datuak ere kontutan izan dira eta baita ornitho.eus fauna bistaratzeko plataforman jasotako datuak ere.
Horrela, Aranzadiren ikerketak ondorioztatu du euskal autonomia erkidegoan 180 hegazti-espezie ugaltzen direla, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie ugarienen artean, hau da erregistratutako gelaxka guztietan daudenak eta populazio-tamaina handia dutenak, honako hauek dira: txolarre arrunta 390.000 banako, txantxangorria 330.000 banako, txepetxa 290.000 banako, zozo arrunta 280.000 banako, txinbo kaskabeltza 280.000 banako, txonta arrunta 270.000 banako, kaskabeltz handia 210.000 banako eta erregetxo bekainzuria 160.000 banako.
Liburu honen ondorioen artean, esan daiteke kontserbazio-egoera onenean dauden espezieak basokoak direla, adibidez okil beltza; nekazaritza-inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude. Habitat horiei (landazabalak, lehorreko laborantza-eremuak…) lotutako espezieen % 30ek nabarmen murriztu dute banaketa-eremua mendearen hasieratik. Hori da Antzandobi arruntaren kasua, atlas honen portadan ilustratutako espeziea.