Igarabak bizitokia aurkitu du Gipuzkoan

Igaraba Gipuzkoako ibai-arroetara hedatu da.

Igarabak bizitokia aurkitu du Gipuzkoan

Ia 50 urtez desagertuta egon ondoren, ibaien hobekuntzak igaraba probintziako arro guztietara hedatzea egin du

Agurtzane Núñez

Joan zen mendearen erdialdetik ez zen igarabarik ia ikusten Gipuzkoako ibaiertzetan. Industriek sortutako uraren kutsadurak eta ehizak, azken aleak 70. hamarkadan guztiz desagertzea eragin zuen. Baina bukatu berri den urtean berri on bat ezagutu da: berriro hedatu da probintzia osoko ibai-arroetan zehar.

«Igarabaren buelta guztiz naturala izan da, ez da birpopulaketarik egin», dio Aitor Lekuona Gipuzkoako Foru Aldundiko ibai inguruneko teknikariak. «Nafarroan inoiz ez dira desagertu, eta bertatik hasi dira hedatzen, Bidasoatik, Urumeatik, eta pixkanaka, ekialdetik mendebaldera hedatzen joan dira», azaltzen du.

Banaka bizi diren animaliak dira igarabak edo nutriak, eta beste animalietan gertatzen den antzera, gazteek familia-ingurua utzi eta lurralde berriak esploratzera joaten dira. Bizitzeko toki egokia aurkitzen badute, bertan geratuko dira, eta bestela, beste toki batera mugituko dira. «Gazteen mugimendu horietan, lehengoan ez bezala, oraingoan egoera ona topatuko zuten: ur nahiko garbiak eta janaria», azpimarratzen du.

Izan ere, azken hamarkadatan Gipuzkoako ibai-inguruen egoera guztiz aldatu dela esan daiteke, ezbairik gabe. «Hiru aldaketa nagusi eman dira: industria gutxiago daukagu, industria hori ingurumenarekiko beste kontu batekin ibiltzen da, eta saneamendu eta ur-hornidura izugarri hobetu da. Duela 30 urte arrainik ez zegoen lekuetan arrain pila bat dago», zehazten du.
Eta ingurumenean eman diren aldaketa horiek izan dira pixkanaka igarabaren itzulera bermatu dutenak. «Oso berri positiboa da. Hemen egoteak esan nahi du ekosistemak nahiko ondo daudela», dio.

 




Arrantza ziurtatua

Izan ere, arrantzaleen kezkatako bat izaten da aurrerantzean arrain guztiak jango dituztela, baina Lekuonak alderantzizko irakurketa egiten du, «arrainak jaten dituzte, noski, baina arrainak daudelako. Arrantza egiteko munduko toki hoberenena bazoaz, Alaskara adibidez, animalia pila bat topatuko dituzu arrainak jaten, igarabak, hartzak, eta abar».

Igarabak normalean bakarrik egoten dira, bakoitzak bere lurraldetxoa dauka, eta araldian edo zelo-garaian bakarrik elkartzen dira. Egun batzuetan elkarrekin egon ondoren, bakoitzak bere bidetik jarraitzen du berriro. Kumeak jaiotzen direnean, familia egitura hori hilabete batzuetan mantentzen da, koxkortu eta ingurunea esplora-tzen hasten diren arte.

Egunez zaila da ikustea, gauez ateratzen dira, eta arrainak, karramarroak zein igelak jan ditzakete. Gero, ibaiertzetako zuhaitzen sustraien arteko zuloetan edo arroken arteko zuloetan ezkutatzen dira.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta