Naturaz gozatu: ikusi eta… entzun!
Adi egonez, dozenaka hegaztien kantuak identifikatu ahalko ditugu naturan gabiltzanean
Mikel Olano, basozaina
Naturak ikuskizun apartak eskaintzen dizkigu egunero nahiz eta gu askotan ez ohartu. Horretarako mendi aldera txangoak egiten ditugu, aisialdiko irteerak eta beste hainbat jarduera naturaz gozatu asmoz. Eta ez daukagu urrutira joan beharrik hori egiteko, Euskal Herrian bertan baditugu hainbat paraje eta txoko zoragarri ikusi eta ezagutzeko. Natura ez da bakarrik dokumentaletan azaltzen diren Parke Natural zoragarri horietan eta antzeko parajetan gordetzen den zerbait. Etxe atarian ere naturaz gozatzeko aukera daukagu.
Eta zer zentzumen erabiltzen dugu gehien bat hori egiteko? Begiak, ikusmena da erantzuna. Normalean natura ikusi egiten dugu, gure begiekin aztertzen ditugu bazterrak. Zer polita hau, ze ederra hura. Eta momentu zoragarri horiek sekula ez ahazteko argazkiak ateratzen ditugu. Guk gerora ere gozatu ahal izateko ikusitakoan eta ingurukoei ere erakusteko. Gaur egun, asko igo da naturari buruzko argazkigintza. Mendiak, ibaiak, zerua, loreak, animaliak…. Modan dago gero sare sozialetara igo eta lagunekin partekatzea bizi izan ditugun momentu paregabe horiek.
Hala ere, bada beste zentzumen bat informazio ikaragarria ematen duena eta inork gutxik erabiltzen duena: entzumena. Gure ingurua soinuez beterik dago. Noizbait gelditu gara txango bat egiten ari geran bitartean eta inguruan ze soinu dauden arreta jarri? Ezetz esango nuke. Nik jendea paseoan edo mendian ikusten dut bere aurikular edo antzekoak belarri zuloetan jarrita musika edo irratia entzunez.
Natura ulertu eta interpretatzeko garaian ezinbestekoa da entzumena erabiltzea. Gure inguruan soinu pila entzun daiteke kasik uneoro. Lekuaren arabera ezberdinak izango dira noski. Ez dira soinu berdinak entzungo hiri handi batean edo herri txiki batean. Soinu mota batzuk nahiko orokorrak dira, haizea, trumoia, euria, ibaia… Hiri handi batean kotxeen zaratak entzungo ditugu, fabriketako sirena hotsak, jendearen marmarra eta antzekoak. Herri txiki batean, behien zintzarri hotsak, ardien marruak, elizako kanpai hotsa eta antzekoak.
Naturak bioaniztasuna berarekin dakar. Leku batean zein bioaniztasun dagoen aztertzerako garaian ezinbestekoa da entzumena erabiltzea. Landareekin ez hainbeste noski, baina bai animaliekin eta, batik bat, hegaztien kasuan.
Apirila da eta natura esnatuta dabil. Egunsentian, oraindik ilunbistan, bat batean koro baten moduko zerbait entzuten da gure etxe ondoko landazabal eta basotxoetan. Bertan bizi diren hegaztiak egunsentiarekin batera kantuz hasten dira. Momentu zoragarria, paregabea. Eta sarrerarik ordaindu beharrik ez emanaldi eder hori entzuteko. 15-20 espezie txori inguru denak batera eta ozen kantuan. Sekula entzun duzu kontzertu hori? Ba merezi du eta ez daukazu urrutira joan beharrik.
Txorien kantuak
Eta kasualitatez txori horien soinuak ezagu-tzen badituzu? Badakit hau lan oso zaila dela eta urte asko eta gogo handia behar direla horretara iristeko. Gauza guztietan bezala, orduak sartu behar. Baina ezagutu ezkero nahikoak dira 10-15 minutu lurrera begira, jakiteko ze txori mota ari diren kantuan eta espezie bakoitzetik zenbat. Hau da, 15 minututan jakin genezake gure etxe inguruan edo beste edozein lekutan bizi diren hegaztien gehiengoa zein den. Informazio berdina begiekin, ikusmena erabiliaz ateratzeko, egunak eta egunak beharko genituzke prismatikoak eskuetan ditugularik.
Txoriek, kumatzeko garaia iritsi dela antzematen dute eta arrek batik bat, kantuz ekiten diote egunari. Eta zergatik kantatzen dute? Bi arrazoi nagusi daude. Bata bikotea erakartzeko eta bestea bere lurraldea defendatzeko beste arren aurrean.
Guk momentu hori aprobetxatzen dugu kantu horiek bereizi eta ze hegazti mota eta zenbat ari diren jakiteko.
Zuk badakizu ze txori mota dituzun etxe inguruan? Edo mendira joaten zarenean, aldamenean ze bizilagun dituzun? Ba garbitu belarriak eta jarri adi-adi entzuten. Momentu batean gelditu, begiak itxi eta inguruko soinuak entzuten saiatu. Agian soinuren bat ezaguna zaizu. Ariketa polita eta oso lasaigarria da.
Txepetxaren kantua ezagutzen duzu? Txantxangorriarena? Ze hegaztik kantatzen du zure ustez ondoen, agian birigarroak? agian zozoak? Azeriaren zaunka ezagutzen duzu? Eta orkatzarena? Katagorrien alarma garraisia?
Guzti hau mundu bat da eta zoratzea ere ez da komeni, baina soinuen bidez animali ezberdinak bereizi eta ezagutzea ariketa polita bezain betegarria da.
Entzumena erabiliaz jakin genezake askotan ze urtarotan gauden. Adibidez, kurriloak entzuten baditugu seguruenik udazkena izango da. Enarak edo kukua entzuten badugu, udaberria. Hegaberak entzuten baditugu negua ez da urruti ibiliko…
Berdin jakin genezake zein lekutan aurkitzen garen. Belatz handiaren garrasia entzuten badugu harkaiztiren bat ez da urruti ibiliko. Okil beltza entzuten badugu basoan egongo gara. Martin arrantzalearen txistua erreka edo ibai ondoan entzungo dugu.
Gauean entzuten diren soinuek zerbait zirraragarria izaten dute. Urubiaren uluak adibidez, edo uda beteko gau batean kilkerren kontzertuak. Apoa bere kantu tristearekin. Txantxikuaren kantu saltarina. Paregabeak.
Eta horrela mila adibide. Hau guztia begiak itxita egin genezake, soinuei adi jarrita.
Natura hitza modan dagoen zerbait da baina ez daukat zalantzarik berarekiko gero eta aldenduagoak bizi garela. Orokorrean naturatik at bizi gara. Presaka. Gero eta urbanitagoak gara. Gero eta kalekumeagoak. Ez gara konturatzen kate luze batetako kide soilak garela. Zuhaitzak, txoriak, tximeletak, apoak eta abar luze bat gure bizi lagunak direla.
Soinuek Naturara hurbiltzen gaituzte, bere partaideak sentiarazi. Mundu berri bat eskaini. Saia gaitezen bada, mundu horretara hurbiltzen. ‘Agian erretiroa hartzen dugunean, denbora librea dugunean…’ hori erantzuten dit jendeak. Gauza da jubilatzerako gehienok entzumena dezente galdua izango dugula eta ez dugula piperrik ere entzungo.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |
Pingback: Txantxangorri 135. alea - Txantxangorri Aldizkaria