Zumarren landaketak W-zuriak bizirauteko

Zumar landaketak w-zuriarentzako. Iker Novoa

Zumarren landaketak W-zuriak bizirauteko

Zumarrari lotutako tximeletaren desagertzea geldiarazteko proiektua du abian Zerynthia elkarteak

Amaia Núñez Yarza

Parkean edo basoan tximeletak hegan ikusten ditugunean, normalean ez da pentsatzen ingurune horri dioten loturan. Espezie gehienak landare mota bati lotuak egoten dira, bereziki arrautzak jartzeko eta beldar fasean elikatzeko erabiltzen dutena. Balkoiko geraneoetatik hasi, bide ertzeko osin eta sastraketaraino, baita mihilua, perrexila, azenarioak, elorriak, pinuak…

Landare hauek guztiak ugariak dira gure artean, baina badaude beste tximeleta batzuk landare elikagarria urria dutenak, adibidez W-zuria buztanmotza (Satyrium w-album) izenekoa. «Erresuma Batuan aspaldiko joera dago tximeletak eta orokorrean basa-bizitza guztia ikertzekoa eta datu asko dituzte. Adibidez han, bazekiten tximeleta horretan %97ko jaitsiera eman zela. Hemen suposatzen genuen antzeko zerbait gertatzen zela, baina benetan ez geneukan daturik hori frogatzeko. Benetan ez dakigu sikiera non dagoen, non geratzen den eta hasi ginen tximeleta hori ikertzen», aipatzen du Iker Novoak.

W-zuria buztanmotza tximeletak zumarrak behar ditu, bai arrautzak jartzeko, baita beldarrak elikatzeko. Garai batean zumarrak ugariak ziren Gipuzkoan, baina grafiosia izeneko gaitza sartu zen, urte batetik bestera zuhaitzak hiltzen dituena, eta gaur egun zumar heldu gutxi daude «eta bere atzetik tximeleta desagertzen joan da».

Gipuzkoan bertakoak diren hiru zumar mota daude: zumar hostotxikia eta zumar hostozabala, ohikoenak direnak, eta zumar dilindaria, Urola bailarako leku batzuetan dagoena. «Zumarren berezitasun bat da hostoak bota aurretik loratzen direla baita fruitua bota, eta fruitua galtzen dutenean, orduan ateratzen zaizkie hostoak», azal-tzen du Novoak. W-zuria tximeletaren beldarrak «zumarrak loratzean irteten dira arrautzetatik. Lehenengo loreak jaten ditu eta ondoren hostoetara pasatzen da».




 ikusteko zaila

Gainera, ez da begi-bistaz erraza ikusteko tximeleta, zuhaitzen goiko aldean hegan egoten baita eta arrautzak lokalizatzea da inguruan daudenaren seinale. Negua arrautza bezala igarotzen du eta martxoan ‘jaio’ ondoren, udaberria beldar eta krisalida moduan igarotzen du eta tximeleta helduak uztaila inguruan ikusi daitezke hegan. «Tximeleta honek belaunaldi bakarra dauka, helduak urtean garai bakarrean ikusten dira, ziklo bakarra osatuz».

Zumar gutxi dagoenez, tximeletak ere urritu egin dira. Horregatik, Zerynthia elkartetik espezie hau berreskuratzeko proiektu bat jarri zuten martxan. «Estatu mailan badaude talde batzuk zumarren egoerarekin kezkatuta eta azken hamarkadetan zumar erresistenteak bilatzen lanean aritu dira, hau da, zumar gehienak grafiosiaz hil diren tokietan gaitzari aurre egiteko gai izan direnak topatzen», azaltzen du. Horrela, «zazpi klon» lortu dituzte eta horiekin landaketak egin dituzte «zumarrak egon ziren edo garrantzia zuten lekuetan, biziraungo dutelakoan», tximeletak iraun dezan basotxoak edukitzeko helburuarekin. Gipuzkoan, besteak beste, bost lekutan egin dira landaketak: Zarau-tzen, Oñatin, Ibarran, Donostian eta Zumaian. «Oñatin Arantzazu auzoan egin zen, Iturrigorriko pagadiko izkina batean, bagenekielako tximeleta batzuk gera-tzen zirela».

Proiektu horren emai-tzak laster jasotzen hastea espero dute. Izan ere, W-zuria buztanmotza tximeletak zuhaitz helduak behar ditu, loratzen direnak. «Oraingoz zumarrak ondo datoz. Sei urteko zumarrak dira, gazte xamarrak, laster hasiko dira loratzen. Oraindik goizegi da, baina hemendik aurrera tximeletarentzat erabilgarriak izaten hasiko dira», dio esperantzaz Novoak.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta