Slow Art Day eguna ospatuko du Ur Mara museoak apirilaren 13an

Ur Mara Museoa. Argazkia Núñez

Slow Art Day eguna ospatuko du Ur Mara museoak apirilaren 13an

Arteaz lasai gozatzeko beta egongo da Ur Mara museoan Slow Art egunean

Alkizako Ur Mara museoak aurten ere Slow Art egunarekin bat egin du eta larunbatean, apirilaren 13an, ekitaldi berezia ospatuko du. Bederatzigarren urtez antolatuko da Alkizako museoan eguna, eta aurten ere proposamen ezberdinak aurkeztuko ditu bertara gerturatzen diren bisitariei. Mundu osoan 159 museok bat egingo dute ekimenarekin.

Bost proposamen aurkeztuko ditu museoak: ipuin kontaketa musikatua, kaligrafia, margoak eta bi eskultura. Egun hau Grap Hik! Arte Topaketak naturan programaren hamaikagarren denboraldiko bigarren ekitaldia da, martxoko azken larunbatean egin zen Basoaren egunaren ondoren. Sarrera doakoa da baina edukiera mugatua denez, joan nahi dutenek aurrez erreserba egitea gomendatzen dute urmara.alkiza@gmail.com helbidera mezua bidaliz.

Musika, margoa, kaligrafia eta eskultura

Eguerdian emango diote hasiera egitarauari, Jokin Aldazanalek eta Susana Cencillok aurkeztuko duten ‘Martin Galdox’ ipuin kontaketa musikatuarekin. Jarraian, Diana Chow margolariak bere margo lanak zein kaligrafia-lanak erakutsiko ditu, eta margoarekin bukatzeko, Jose Perea margolari andaluziarrak bere lana plazaratuko du.

Amaitzeko, Ur Mara museoko fondoko bi lan aurkeztuko dira: XVI. mendeko Sebastian donearen eskultura bat eta Koldobika Jauregik XVI. mendean bizi izan zen Juan de Juniren ‘San Juan’ lanaz egindako interpretazioa.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta