Inma Mugerza: «Likidoa den ur gezaren %97a lurpeko urak dira»

Inma Mugerza Salubitan, Lurpea Garbi elkartearen neurketa batean.

Inma Mugerza: «Likidoa den ur gezaren %97a lurpeko urak dira»

Gipuzkoako akuiferoen egoera ondo ezagutzen du Inma Mugerza hidrogeologoak

Agurtzane Núñez Yarza

Biziraupenerako ura ezinbestekoa dauka gizakiak, baina hala ere, ur gehiena, gazia da. Gutxiena geza da, eta ia dena lurpean gordeta dago. Azken hamarkadatan mendian gero eta zabor gehiago isurtzen dira, lurpeko ur horiek kutsatu ditzakeena. Kutsatutako lekuak identifikatu eta lehengoratzeko helburuarekin sortu zen Lurpea Garbi elkartea, eta azken hilabeteetan hainbat hitzaldi eman dituzte. Hurrengoa Bidanian eskainiko du Inma Mugerza hidrogeologoak eta Lurpea Garbi elkarteko kideak, maiatzaren 24an.

-Zer da hidrogeologia?

-Labur esanda, lurpeko uren jatorria eta eraketa aztertzen dituen zientzia da. Kontuan izan Planetako ur-bolumenaren %91 ur gazia dela, itsasoak dira, baina gizakiok, sukaldatzeko, hidratatzeko eta ohikoak ditugun jarduera asko egiteko ezin dugu hori erabili. Planetaren %9a besterik ez da ur geza eta gehiena modu solidoan dago, glaziarrak dira. Likido moduan dagoen ur gezaren %97a baino gehiago lur azpiko urak dira. Beste %3a lurzoruan, atmosferan, erreka eta lakuetan eta biomasan banatuta dago.

-Lurrazpian dauden ur horiek zenbaterainoko garrantzia dute?

-Oso garrantzitsuak dira ur-baliabide gisa, ur geza eskuragarriaren kantitate handiena osatzen dute eta. Ekosistemetan oinarrizko funtzioa betetzen dute, iturriak, aintzirak, hezeguneak eta ibaien emariak mantentzen baitituzte.

-Gipuzkoan berezitasunik badago lurrazpiko uren inguruan?

-Ez nuke esango Gipuzkoan bestelako berezitasunik dagoenik. Lur azpiko urak leku guztietan daude eta, kasu askotan, akuiferoak osatzen dituzte. Gipuzkoan, leku askotan bezala, arroka-mota ezberdin asko daude (kareharriak, hareharriak, tupak, basaltoak…). Arroka horiek, beraien ezaugarrien arabera gaitasun ezberdina daukate era askotako akuifero-motak garatzeko. Eta akuifero-mota bakoitzaren arabera, ur horiek ezaugarri ezberdinak izango dituzte, bai konposizio aldetik, bai emari aldetik, mugitzeko abiadura aldetik eta abar.




-Etxeetan kontsumitzeko erabiltzen da ur hori?

-Gipuzkoako herri batzuetan etxeetara heltzen den ura lurpetik dator. Mendaro, Deba, Mutriku eta Elgoibar, adibidez, Kilimon akuiferotik hornitzen dira. Udan, Hondarribian Jaizkibel akuiferoaren ura erabiltzen dute. Bestalde, baserri askotan betidanik erabili izan dira mendiko iturri eta iturburuak eta horiek lur azpiko urak dira. Tolosaldean ere akuifero interesgarriak daude, hala nola, Elduaienekoa, Erniokoa edo Albizturrekoa.

-Albiztur eta Bidania-Goiatz akuifero baten gainean daudela esan digute.

-Bai, Albizturreko akuiferoaren, hala deitzen da, gainean daude. 27 km2-ko azalera dauka eta, gutxi gora behera, erdia Bidania-Goiatzek estaltzen du eta beste erdia Albizturrek. Salubita iturburutik isurtzen ditu urak, batez besteko 650 l/s-ko emariarekin. Gipuzkoako emari handiena duen ubegia da. Kareharriz osatutako akuiferoa da, hortaz kobazulo eta leize ugari topa daitezke inguruan eta baita zuloetan desagertzen diren errekatxoak ere, Osinondokoa bezala. Mota honetako akuiferoek zaurgarritasun handia izaten dute, izan ere, leize eta zulo handietatik ura iragazkirik gabe sar daiteke arrokan zehar. Honek esan nahi du, ura kutsatuta sartzen baldin bada, akuiferoak ez duela gaitasunik izango ur hori iragazteko eta kutsadura gutxitzeko.

-Azken hamarkadatan gero eta zabor gehiago isurtzen ari da kobazueloetan.

-Ez nago ziur zabor gehiago botatzen den edo ez, gertatzen dena da botatzen jarraitzen dela eta lehendik zegoenarekin pilatzen ari dela.




-Zergatik da garrantzitsua iturburuak garbi mantentzea?

-Lurpeko urek ur geza eskuragarriaren kantitate handiena osatzen dute, hortaz oso garrantzitsuak dira ur-baliabide gisa. Iturburu batetako ura kutsatuta irtengo balitz, horrek esan nahiko luke iturri horretara urak isurtzen dituen akuiferoaren osasuna ez dela ona. Eta kontuan hartuta lurrazpiko urek ekosistemetan oinarrizko funtzioa betetzen dutela ezinbestekoa da iturburuak eta akuiferoak zaintzea. Zentzu horretan, Albizturko akuiferoa baliabide estrategikoa izan liteke Tolosaldeko ur-hornidura arazoak konpontzeko. Zaintza hori beharrezkoagoa bihurtzen da kontuan hartzen badugu klima-aldaketak ur-baliabideen murrizketa orokor bat ekarriko omen duela.

-Arkaitzek iragazki moduan funtzionatzen dute?

-Hareharriz osatutako akuiferoek iragazki gaitasuna izan dezakete, baina arkaitz guztiek iragazki moduan funtzionatu dezaketela pentsatzea arriskutsua da. Harri guztiak ez dira berdinak, eta ezaugarri fisiko aldakorrak dituzte, porositate eta permeabilitatea adibidez. Arkaitzak zenbat eta pitzadura gehiago eta zabalagoak izan, orduan eta infiltrazio handiagoa eta iragazketa-gaitasun txikiagoa izango du. Akuifero karstikoen kasuan, Albizturrekoa bezala, gaitasun hori murritza da leizeetatik sartzen den urarentzako. Hori dela eta, zaurgarritasun oso handia izaten dute.





-Botatako hondakinen kalteak bertan bakarrik geratzen dira, edo ingurura ere zabaltzen dira? Hau da, kilometroetara dagoen toki batean eragina izan dezakete?

-Hondakin-motaren eta akuiferoaren ezaugarrien araberakoa da hori. Horretaz gain, hondakinak kobazulo lehor batetan badaude eta bertatik ez bada ura inoiz pasatzen, balizko kalteak ziurrenik hortxe geldituko dira. Baina hondakinak leize batetan baldin badaude nondik ura etengabe sartzen den, hondakinak zeharkatuz, arriskua handiagoa izango, urak hondakinen sustantziak disolbatu eta arrastaka eraman ahal izango dituelako akuiferoan barrena. Kasu honetan, aukera gehiago daude balizko kalteak urrutiago heltzeko.

-Esan digutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ba dauka arazoaren berri eta kezkatuta omen daude.

-Bai horrela da. Lurpea Garbiko kideok otsailean bildu ginen Ingurumen Saileko teknikariekin egoera zein den azaltzeko eta arazoak izan zezakeen irismena ikusita, oso kezkatuta agertu ziren. Bileran argi geratu zen benetako egoera ezagutzea beharrezkoa zela etorkizunean neurri egokiak hartu ahal izateko, hala nola, kobazuloen garbiketa mailakatua larritasunaren arabera. Hortaz, abendura bitartean, Lurpea Garbik, Tolosaldean hondakinak dituzten haitzuloen inbentarioa egiteko konpromisoa hartu du Aldundiarekin. Inbentario horretan kobazulo bakoitzaren egoeraren informazio zehatza jasoko da, bakoitzak suposatzen duen arriskuaren araberako sailkapena gehituz.

Jakin badakigu arazoa ez dela Tolosaldeara soilik mugatzen, eta lan txukuna eginez gero, ziurrenik beste mankomunitateentzat erreferentzi gisa balio izango du. Zentzu honetan, azpimarratu nahi dugu guretzat ezinbestekoa dela herritarren laguntza, hondakinak eduki ditzaketen koba berriak identifikatu edo ezagutzeko. Guk asko ezagutzen ditugu, baina ziur gaude askoz gehiago daudela ezagutzen ez ditugunak. Lurpea Garbiren helburua da haitzuloen garbiketa eta lehengoratzea, lurpeko uren kutsatzea ekidin eta leizeetako faunaren dibertsitatea gorde edo mantendu, eta gure iraganaren atea den arkeologia babestu, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek baliabide natural eta historiko hauetaz gozatzen jarrai dezaten.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta