Araitz, Aralarko ugatz gaztea
Une historikoa da, azken hamarkada luzetan Aralarren jaiotako lehenengo ugatz txita delako, Araitz izenekoa
Mikel Olano, basozaina
Azkenean hegatu da ugatz gazte bat Aralarko zeruetan, Araitz, bertan jaiotako gaztea. Mugarri historiko bat suposatzen du honek. Aurrez ez dago dataturik horrelako gertakari bat bibliografian.
Kontserbazio arloan lorpen garrantzitsu bat zalantzarik gabe. Baina hau ez da kasualitate hutsa izan, urte askotako lan eskergaren emaitza baizik.
1990. hamarkadan jada hasi ginen basozainak ugatz bakan batzuk ikusten Aralarren. Mendi irteerak ugaritzen joan ginen eta ondorioz ugatzaren behaketak ere bai. Gauzak horrela Madrilgo Ministerioko koordinatzailearekin harremanetan jarri ginen gertakizun hauen berri emateko. Berehala etorri zen gurera Rafael Heredia, garai hartako koordinatzailea.
Aralartik bueltan ibili ginen eta izugarrizko garrantzia eman zion mendilerro honetan ugatzak ikusteari. Aurreko mendean, hegazti hau kasik desagertzear egon zen Europa mailan eta Pirinioetan babestu ziren gelditzen ziren ale bakanak.
Gauzak horrela, garrantzia handia zuen lurralde berrietan ugatzak ikusteak. Gure inguruei ‘montes vascos’ deitzen zieten aditu horiek eta esan ziguten berebiziko garrantzia zuela ugatzak mendi hauek kolonizatzea gerora beste lurraldeetara zabal zitezen. Esate batetarako Picos de Europa aldera. Ugatzek korridore modura erabiliko zituzten gure mendiak.
Gogoratzen naiz ederki asko nola joan ginen Madrilera. Bertan Ugatzaren lan taldea bildu zen (Ministerioko arduradunak, Aragoi, Katalunia, Nafarrak eta gu, Gipuzkoarrak).
Bertan, Aralarren Gipuzkoako partean, P.A.S (Punto de Alimentacion Suplementaria) bat jartzea erabaki zen. Janleku bat alegia. Beraz, gurea izango zen Aralarren jartzen zen janleku ofizial bakarra, horrek berarekin dakarren ardura eta lanekin. Nafarrak bat etorri ziren erabaki honekin.
Aginduak jarraituaz, 1997. urtean jarri genuen janlekua martxan eta gaurdaino serio demonio ekin diogu lanari. Lan ikaragarria 27 urte hauetan egindakoa. Astero astero, neguz negu aritu gara lanean Gipuzkoako basozainak janlekua hornitzen. Askotan oso baldintza txarretan, elurra, haize bortitza, lainoa….
Jakina zen janleku hauek garrantzi izugarria zutela ugatz bikoteak lurralde batera lotzeko garaian eta horrelaxe izan zen. Berehala hasi ginen ugatz bakartiak janlekuan ikusten. Seguruenik, ez bagenuen martxan jarri izan janleku hau, gaur egun ez zen egongo ugatz bikoterik Aralarren finkatuta.
2011. urtean konturatu ginen ugatz markatu batek sarri erabiltzen zuela janlekua: Kiriku zen. Nafarroan jaioa, zehazki Arbaiungo arroila inguruetan. 2015ean hegazti hau janlekuan harrapatzea lortu genuen eta GPS bat jarri genion bizkarrean bere nondik norakoak kontrolatu ahal izateko. Nafarrak ere gurekin ziren harrapaketan.
2016ean lagun bat inguratu zitzaion eta bikotea osatu zen. 2017an beste ale bat azaldu zen eta bikotetik hirukotera pasatu ziren. Hauek ziren: Kiriku, GPS eta hegotako bandez markatua, arra. Muel, Aragoi aldetik etorri zen ugatz emea. Hau marka patagialez markatua. Eta Eder, markarik gabeko ar dotorea.
2019an etzan ziren lehenengo aldiz, hau da, txitatzen hasi. Hala ere, ez zuten kumerik atera.
2020ean Kiriku desagertu egin zen. Beraz, berriro bikote modura gelditu ziren. 2024garren urteraino itxaron behar izan dugu bikote honek (Muel eta Eder) arrakasta izan eta beraien txita hegaldatzen ikusi arte.
Hegazti honen kolonizazio prozesua oso motela da eta 30 urte behar izan ditugu bertan jaiotako ugatz gazte bat hegan ikusi ahal izateko. Lehen aipatu bezala gertaera historikoa eta lan haundi eta luze baten ondorioa.
Dakizuen bezala, Aralarko zati bat Nafarroa da eta bestea Gipuzkoa. Hegazti hauek ez dute mugarik ezagutzen eta kudeaketa egoki bat egiteko bi administrazioak eskutik joan behar dute. Orain arte egin den bezala. Aralar denona da eta bertan gordetzen diren altxorrak ere bai.
Kiriku, Aralarko erregea, 2020garren urtean desagertu zen. 2024ean errege berri bat jaio da, Araitz. Bizi luzea errege berriari!
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |
Pingback: Ardiki Eguna ospatuko da Zaldibian urriaren 27an - Txantxangorri Aldizkaria