Juan Joxe Agirre omenduko dute udazkenean
Gipuzkoako Foru Aldundiak Lazkaon Juan Joxe Agirrek «hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindaria» balioan jarri nahi du
Txantxangorri aldizkaria
Juan Joxe Agirre Begiristain (Alegia, 1930) beneditar eta artxibozaina omenduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak udazkenean. Agirrek Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbesteko funtsa garatu eta zaindu du mende erdiz eta Lazkaoko Beneditarren artxiboko sortzailea da. Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatu dute Lazkaon egingo den aitortza ekitaldia.
Euskal Herriko «memoria historikoaren eta hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik» omenduko dute, Eider Mendoza Diputatu Nagusiak azaldu duenez. 1970. urtean hartu zuen Lazkaoko Beneditarren monastegiko ardura Juan Joxe Agirrek.
Lehendik Montserrateko abadian jasotako Bibliotekonomia ikasketei jarraituz, garai hartan gainerako liburutegi eta artxiboetan gordetzen ez ziren funtsak biltzeari ekin zion Agirrek; formatuaren aldetik bereziak zirenak –panfletoak, kartelak, pegatinak, etab.– eta erbestean nahiz klandestinitatean ateratzen zirenak, alegia. Horrela, urte hauetan guztietan euskal gaien inguruko artxibo handia sortzen joan da Lazkaoko Beneditarren monasterioan, azken hamarkadetako euskal ondare dokumentalaren zati handi bat desagertzetik salbatuz eta ikertzaileen esku jarriz.
Beneditarren fundazioa
2011tik Lazkaoko Beneditarren Fundazioak kudeatzen du Agirrek sortutako funtsa, monasterioaren ondoan eraikitako artxiboan. Artxibozain beneditarrak egindako lanari jarraipena eta babesa emateko sortu zuten fundazioa Beneditarren komunitateak, Lazkaoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur egun, besteak beste, 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 aldizkari, 150etik gora bilduma dokumental eta dohaintzan jasotako 70 artxibo dauzka gordeta, Gipuzkoaren eta Euskadiren garapen historiko garaikidea aztertu eta ezagutzeko ezinbestekoak direnak.
Bere lan eta bizitza ibilbidean hainbat aitortza jasotakoa da Agirre, 1995ean Sabino Arana Saria jaso zuenetik. Ondoren etorri ziren Durangoko Liburu eta Disko Azokako Argizaiola Saria (1998), Euskal Pen Klubaren ohorezko luma (2007), Alegiko seme kuttun izendapena, Tolosako Galtzaundi Saria (2009) edota Manuel Irujo Saria (2009), besteak beste.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |