Etorkizunerako historia zatiak gordez
Juan Joxe Agirrek ia mende erdi darama euskal gaien inguruko dokumentuak biltzen Lazkaoko Beneditarren artxiboan
Agurtzane Núñez
50.000 mila kartel, 40.000 pegatina, 8.000 aldizkari eta ehunka artxibo eta bilduma gordetzen ditu Juan Joxe Agirrek Lazkaoko Beneditarren Fundazioko dokumentazio gunean. Pixkanaka, duela berrogeita bost urte hasi zen lana euskal gaien inguruko gune garrantzitsuenetakoa bihurtu da, kultura, politika, gizartea zein beste hainbat gaien inguruko dokumentu bereziekin.
Agirrek Beneditarren monastegiko lanen artean liburutegia zaintzeko ardura hartu zuenean ezin imajinatu zuen hasiko zuen lana. «Liburutegian gai guztietako liburuak zeuden, gure formaziorako. Ni 1970ean hasi nintzen, baina aurretik formazio hori ez genuenez, Bartzelonara joan nintzen orain bibliotekonomia esaten dena ikastera. Hiru urtez egon nintzen, eta han ikasi nuen biblioteka bat nola eraman behar den, nola jarri behar den eta nola handitu», gogoratzen du Juan Jose Agirrek.
Bartzelonan, Montse-rrateko monastegian, bertako apaizek jada gordetzen zituzten garaian argitaratzen ziren aldizkariak eta «batez ere Frankismo garaian aldizkariak eta egunean eguneko materialak zeukan balioa, isilka sortzen zena, han ikasi nuen ze balioa zeukaten lekuan-lekuko historia egiteko», azaltzen du. Horrela, Lazkaora itzuli zenean, Euskal Herriko gaiei buruzko liburutegi onena egin nahi zuela pentsatu zuen. Pentsatu, eta egin, «orduan, garai hartako paperak biltzen hasi ginen han eta hemen. Pentsatzen genuen biharko egunean memoria historikoa izango zirela», oroitzen du. Bien bitartean, noski, Beneditarren monastegiko liburutegia ere zaintzen jarraitu zuen. «Jendeari materiala eskatzen joan zen, lehenengo ezagunei, gero ezagunen ezagunei. Pixkanaka sare bat sortu zuen eta jendeari konbentzitu zion gauzak hona ekartzeko», adierazten du Miren Barandiaran dokumentazio zentroko arduradunak.
Biltzen hasi
Gertukoetatik hasi ziren baina sarea laster Gipuzkoatik inguruko probintzietara zabaldu zuten, baita Frantzia, Ingalaterra eta Ameriketara ere. «Euskal Herriarekin erlazionatutakoak dira, alde batetik hemen ateratzen dena baina baita kanpoan euskaldunek edo Euskal Herriari buruz argitaratzen dena. Hemen erbesteko materiala oso garrantzitsua da», azpimarratzen du Barandiaranek. «Hemendik alde egin zutenek kultur lanak kanpoan egin zituzten, modu eskasean, baina aldizkari zoragarriak atera ziren Buenos Airesen, Caracasen, Mexikon, Txilen, Kolonbian, baita Ipar Ameriketan eta Iparraldean», dio Agirrek.
1888 urtean argitaratzen hasi zen ‘Euskal Herria’ aldizkaria da zentroko bilduma zaharrenetarikoa, baina batez ere XX. mendeko bigarren erdiko dokumentuak dira nagusi. Miren Barandiaranek dioenez, «material gehiena 1973tik aurrera hasi zen biltzen, baina atzeraka ere egin zuen. 60. hamarkadatik gaur egun arteko dokumentazioa dugu, panfletoak, kartelak, pegatinak, eta abar. Hasi zenean garrantzia asko ematen zien klandestinoei, beste lekuetan gordetzen ez zirenak hemen, konbentuaren babesean gorde ditu. Horri esker gaur beste liburutegietan gorde ez diren dokumentuak dauzkagu».
Lortzeko zailak
Euskalgintzaren arloan asko dira gorde dituzten dokumentuak, eta denak ditu gustuko Agirrek. «Klandestinoak zirenak, harrapatuz gero espetxera joango zirenak, niri ekartzen zizkidaten. Aldizkariak eta barne-dokumentuak, erreko zituzten beldurrez hona ekartzen zituzten. Orain, Madriletik etortzen dira doktorego tesiak egitera beste tokietan ez daudelako, edo osorik ez behintzat».
Horrela, Jakin edo Argia bezalako aldizkari ezagunekin batera herri aldizkari txikiak gordetzen dituzte, «batzuk bizpahiru ale besterik ez dira, agian herri bateko alderdi politiko batek ateratakoak, baina balio handia dute zeren beste inon gehiago ez daude. Titulo txiki asko ditugu, oso lokalak direnak, eta askotan galdu egin direnak», dio Miren Barandiaranek. Hori bai, dokumentazio zentroa bizirik dago eta oraindik egunero kartelak, aldizkariak, eta abar jasotzen jarraitzen dute. Hainbat pertsonen, sindikatuen zein erakundeen artxibo pribatuak ere jaso dituzte. Esaterako, Elkarri erakundearena, Aralar sindikatuarena edota Kili-kili haurrentzako aldizkariaren artxiboak dituzte jasota.
Beneditarren monastegia izatearen babesa garrantzitsua izan da ibilbide guztian: «guri hasi ginenean errazago ematen zizkiguten irizpide guztietako erakundeak errespetatzen genituelako. Ez genuen esaten ‘hori ez dut nahi’, beti pentsatu izan dut biharko egunerako zure kriterioen aurkako gauzak izan behar direla. Hori gertatutako zerbait da eta errespetatu egin behar da».
Duela zazpi urte Juan Jose Agirrek bildutako materiala gordetzeko egungo dokumentazio zentroa eraiki zen eta Beneditarren Fundazioa sortu zen. Egun Agirrerekin batera hiru pertsona ari dira lanean, bata kartelak eta pegatinak dokumentatzen, beste bat artxiboekin eta Miren Barandiaran lan orokorrekin. Orain dituzten dokumentu guztien deskribapena eta inbentarioa egiten ari dira, eta hurrengo pausua digitalizatzea izango da. «Kartelekin eta pegatinekin hasi gara oraingoz, kartelak handiak direnez lan egiteko zailagoak direlako eta hautsi egiten direlako. Hamar mila bat ditugu digitalizatuta oraingoz», dio Barandiaranek.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |
Pingback: Juan Joxe Agirre omendu dute memoriaren aldeko «artisau nekaezina» izategatik - Txantxangorri Aldizkaria