Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko, artea

Koldobika Jauregi, bizitza ospatzeko artea. Argazkia: Luis Maria Nuñez

Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko, artea

Koldobika Jauregi oroituko dute Alkizan artea protagonista izango den jardunaldietan urrian

Amaia Núñez

Artea elkargunerako lekua da eta Koldobika Jauregik horretarako lekua sortu zuen Alkizako Ur Mara museoan beste hainbat lagunekin batera. Eskultura, pintura, grafikak, musika… arte disziplina guztiak zeuden ongi etorriak bertan. Urrian KJ Bizitza Efimeroa jardunaldiak antolatu dituzte Alkizan Udalak, herriko hainbat eragilerekin eta museoaren lagunekin batera, bere bizialdia ospatzeko.

Arteak hartuko du protagonismoa bi asteetan zehar eta hainbat disziplinetako lagunek parte hartuko dute. Horrela, urriaren 4an Koldobika Jauregiren gertuko artisten eskultura, pintura eta argazki erakusketa inauguratuko da Fagus Alkiza Interpretazio zentroan, udaletxeko azken solairuan. Bi astez egongo da ikusgai, hilaren 20ra bitartean.

Era berean, hiru eguneko zikloa antolatu da, urriaren 10etik 12ra. Ostegun horretan ‘Dantza’ filmean oinarrituko dira ekitaldiak. Telmo Esnal zuzendariak, Juan Antonio Urbeltz eta Koldobika Jauregirekin elkarlanean egin zuen filma. Jauregik eta Elena Cajaraville bikoteak sortu zituzten filmaren atrezzoa, jantzien planteamendua zein dantzarien apaingarriak.

Lehenengo filmea proiektatuko da Fagus Alkizan eta, ondoren, Telmo Esnal eta Xabier Artolarekin solasaldia izango da. Artolak filmaketaren baitan argazkiak atera zituen eta erakusketa sortu zuen, eta ikusgai egongo dira jardunaldi hauetan ere.

Ur mara museoan hainbat txoko berezi daude eta horietako bat da Thoureauren etxea, basoan dagoen egurrezko etxetxoa. Antonio Casadok ‘Walden’ liburuaren autorea ikertu du eta museoan hainbat alditan izan da, liburuak aurkezten zein autorearen inguruko solasaldiekin. Urriaren 11an, Fagus Alkizan emango du hitzaldia, ‘Jauregi gogoan’, 19:00etan.

Grafia efimeroa plazan

Bizitza efimeroa jardunaldien ekitaldi Nagusia urriaren 12an, larunbatean egingo da. Alkizako plazan elkartuko dira bera oroitu eta bere bizialdia ospatzeko. Azken urteetan Jauregik egiten zitueKoldobika Jauregi Ur Maran. Argazkia: Luis Maria Núñezn grafika efimeroetan oinarrituko da ekitaldia. Urmarako lagunek bere omenezko grafika egingo dute eta, bitartean, Jauregirekin elkarlanean aritu ziren hainbat pertsonek ere parte hartuko dute, ez arte munduan bakarrik, baizik bizitzako beste hainbat alorretan ere. Bakoitzak hitz batzuk esan edo zerbait utziko du irudian. Grafika mandala antzekoa izango da, eta sortzeko Jauregik erabiltzen zituen sinbolo eta koloreetan oinarritu dira. Ilargia eta urdina izango ditu nagusi, anila zehazki, berak sortzen zituen pigmentuetan oinarrituta.

Koldobika Jauregik bere etxeko ateak irekita zituen eta azken hamarkadan Alkizan egiten ziren Sormenaren Kabia bekako epaimahaiko kide eta tutoreetako bat zen, baita udan antolatzen zituzten Ur mara arte egonaldietan ere. Horrela, bertan parte hartu duten artistek ere Jauregiren omenezko erakusketa antolatu dute eta elizako arkupeetan egongo da ikusgai urriaren 11tik 13ra bitartean.




Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta