Mondeju eta Ardo Azoka ospatuko dute Amezketan urriaren 12an

Mondeju eta Ardo Azoka Amezketan

Mondeju eta Ardo Azoka ospatuko dute Amezketan urriaren 12an

Bigarren edizio honetan, herriko mondejugileen bederatzi postu eta Euskal Herriko zazpi upategik parte hartuko dute

Mondeju eta Ardo Azoka ospatuko dute bigarren urtez jarraian Amezketan. Aralar inguruan sortu zen jaki honek bere eguna du jada Tolosaldeko herri honetan. Bertako altxor gastronomikoa den mondejuaren balio gastronomikoa azpimarratu nahi dute azoka honetan, «gure herriaren eta mendiaren arteko lotura bereziaren isla» baita.

Mondejuaren jatorria antzina herriko artzainek ardiak negurako prestatzeko garaian hasten da, eta horregatik du elikagai honek ekoizpen eta kontsumo garai zehatz bat. Ardi zaharrak eta antzuak aprobetxatzeko sortu zen, eta ardikiarekin guztiz lotutako menu baten oinarria zen garai batean. «Etxekoandreek mimoz prestatzen zuten, isilean baina harrotasunez, eta horrela iritsi da gaur egunera. Gure aurrekoek egindako lanari esker, tradizio honek irauten du, eta mondejuak gure iraganari lotuta mantentzen gaitu, gure lurrarekiko harremana elikatuz», azaldu zuten aurkezpenean.

Gaur egun oraindik etxe askotan prestatzen da elikagai hau eta urriaren 12an plazara aterako da, Mondeju eta Ardo Azokarekin. «Festa honetan, herritarrek eta bisitariek elkarrekin gozatu ahal izango dute mondejua dastatuz, Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako ardo onenekin lagunduta».

Aurten, Azoka borobiltzeko goizean Joseba Erasoren omenezko III. Artzain txakur erakustaldia egingo da Jauregi Handiko zelaian. Azoka eguerdian irekiko da Amezketako plazan eta 16:00ak bitartean photocall-a, haurrentzako txokoa eta herriko ekoizleen gunea ere egongo dira.

Azokan bederatzi herriko ekoizlek jarriko dute postua: Mari Jose Murua, Xatur Zabala, Katalina Murua eta Arantxa Murua, Roxi Goñi eta Agurtzane Garmendia, Olatz Balerdi, eta Ttiri Gorostidi eta Joxe Mari Amundaran herritarrak, eta Txindoki Jatetxea, Beartzana jatetxea eta Ñañarri tabernak.

Aldi berean, zazpi upategitako edariak dastatu ahal izango dira. Aurten Nafarroako ardoak izango dira protagonista eta probintzia horretako lau upategi egongo dira: Aristu, Biurko Gorri, Mendiko eta Lezaun. Beraiekin batera, Gipuzkoatik Hika txakolina eta RBLD sagardoak, eta Arabatik The Mozo Wines izango dira.

Gainera, Loidi eta Lizeaga baserrietako ardi gisatua eta Oteiza Goikoa gazta jateko aukera ere egongo da.

Dastatzeko txartelak salduko dira. Txarlek bakoitzak 1,50 euro balioko du, 4 txartel 5 euroko prezioan eskaintza izango dute. Kopak, berriz, 2 eurotan salduko dira.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta