Iñaki Gorostidi: «Hamalau urterekin 125 kilo jasotzen nituen jada»

Iñaki Gorostidi 185 kiloko harriarekin. Argazkia: L.M. Núñez

Iñaki Gorostidi: «Hamalau urterekin 125 kilo jasotzen nituen jada»

Iñaki Gorostidi > harri-jasotzaile ohia

Amaia Núñez

Iñaki Gorostidik txikitatik zuen pisua altxatzeko trebetasuna eta baserriko lanetan laguntzen zuenean nola moldatzen zen erakustea zuen gustuko. «Hamahiru edo hamalau urterekin 100 kiloko zakuak altxatzen nituen. Gogoan dut pentsua ekartzen zigutenean, gustura etortzen zen hona, esaten zidaten ‘aizu Iñaki, etorri da’ eta ni erakustaldia egiteko gogoz egoten nintzen», oroitzen du.
Horrela sartu zen, pixkanaka, harrijasotzen munduan. Anaia Jesus Marik harri bat eraman zuen baserrira, eta horrekin aritu ondoren, Zizurkilgo Irazu baserrian harri zaharrak zeuzkatela jakin zuten. 125 kiloko harriak zeuden han eta haiekin probatu zuen. «Hamalau urterekin 125 kilo jasotzen nituen jada», dio.

Garai hartan aldeko iritziak jaso zituen, harrijasotzeko modua ikusirik. Hala ere, harri-jasotze munduan sartzeko apostua egin behar zuen. «Orduan ez zeuden markak, ez ezer. Apustuak egin behar ziren eta Mendizabalekin egin nuen». Hamazazpi urte zeuzkan eta apostuan berak 113 kilokoa esku batez jaso behar zuen eta Mendizabalek 150 kiloko kubikoa. «Asteasun egin genuen. Sei minutuko hiru txanda izan zirela uste dut, galdu egin nuen. Hogeitamar jasoaldi inguru eman nizkion», gogoratzen du Gorostidik.

Urte haietan harri-jasotzaileen demak ezagunak baziren arren, familian harri-jasotzaile bat izatea ez zen gustukoa eta Iñaki Gorostidiren gurasoak ez zeuden oso alde. «Garai hartan harri-jasotzaileak, edo aizkolariak, alde batetik ondo ikusiak zeuden eta, bestetik gaizki ikusiak. Betiko alferra zen, lanik egiten ez zuena… Hori zen garaiko pentsamoldea». Hala ere, ordutik aurrera apostu batzuk egin zituen, «batzuetan galduz eta besteetan irabaziz», hogei urterekin soldaduskara joan behar izan zuen arte.

Baina ordurako, bere pisuaren barruan, ia lehiakiderik gabe zegoen. «Laurogei kilo baino gutxiago pisatzen nuen. Hor mantentzen nintzen, eta ni baino pisu gehiagokoen aurka egin behar nituen apostuak. Hogei urterekin nire pisuan ia aurkaririk gabe geratu nintzen».

Boxeo profesionala

Garai hartan boxeorako ona izan zitekeela eta, boxeoan proba egitera animatu zuten eta horretan hasi zen. Pisu ertainean aritu zen, eta 33 borrokaldi jokatu zituen. Horietatik hamasei irabazi, sei baliogabe eta beste guztiak, galdu egin zituen.

Jean Paul Gobet zuen manager moduan, jatorriz iparraldekoa nahiz eta Parisen bizi zen, eta bertan zuen gimnasioa. Urtebetez ere bizi izan zen Gorostidi Parisen. «Boxeoari esker jende asko ezagutu nuen, horien artean odolezko lehengusu bat, Paco Ibañez kantautorea». Baina «momentu hoberenean» zegoenean etxera itzultzea erabaki zuen hogeitabost urterekin. «Neure buruari esan nion: ‘Iñaki, beste 25-30 borrokaldi egingo dituzu, baina ez zara ez igo ez jaitsiko, hor erdian egongo zara’, eta itzultzea erabaki nuen hitzemanda nituen borrokaldiak egin eta gero».

Baserrira itzultzean bere harriekin egin zuen topo berriro, eta harrijasotzera itzuli zen. Aurreko urteetan boxeoari esker 72 kilotara jaitsi zuen bere pisua. «Hain gaizki ez zitzaidala etorri ikusi nuen eta, pixkanaka, harrien pisua handitzen joan nintzen», azaltzen du. Baina berriro, aurkaririk gabe geratu zen bere pisuan.

Hori ikusirik, marka pertsonalak jartzen hastea erabaki zuen. Horretarako bere lehengusu Paco Ibañezekin batera jaialdi berezia antolatzea otu zitzaion: «nire lehengusua abesten eta ni harrijasotzen». Bi jaialdi egin zituzten, bata Eibarren eta, bestea, Tolosan. Eibarko Unibertsitatean 180 kilokoa jaso zuen esku batez eta Tolosan 175 kilokoa. «Ondo ikusten nuen neure burua eta 185 kilokoa hartu nuen. Baina gutxi iruditzen zitzaidan harri horrekin bakarrik joatea eta 200 kilokoa nuenez, horri 5 kilo gehitzea pentsatu nuen eta biekin joatea». Baina bost kilo beharrean zortzi kilo gehitu zizkioten.

Hala ere, saiakera egin nahi izan zuen: lehenengo 185 kilokoa lau aldiz jaso esku batekin eta ondoren 208 kilokoa bi eskuekin. «Orain, denbora igarota, hori ikusi eta erokeria dela konturatzen zara», dio. 185 kilokoa lau aldiz jaso zuen eta 208koa bi aldiz. Saio amaieran pisatu eta 77 kilo zituen. Marka berria jarri zuen: pertsona batek jaso duen pisurik handiena, esku batekin bere pisua bi aldiz eta 54 kilo gehiago, eta bi eskuekin bere pisua eta 31 kilo gehiago. «Bere pisua hiru aldiz jaso duen harri-jasotzaile bat bada, Uxarbe, baina harri modernoekin eta plomoarekin. Ez harri zaharrekin», argitzen du Gorostidik. Hortik aurrera harriak bere izena hartu zuen.

Marka hori lortu ondoren 190 kilokoarekin saiatu nahi izan zuen, baina jaialdia antolatzeko diru faltak saiakera bertan behera utzi zuen. «Gero, tendoiak moztu nituen motozerrarekin lanean ari nintzela eta hor amaitu zen nire karrera. Urte bete baino gehiago egon nintzen ezer egin gabe, gero beste harri batzuekin saiatu nintzen, baina hankak ez zuen ondo funtzionatzen», azaltzen du. Urteek ematen duten ikusmoldearekin, «200 kilokoa esku bakarrarekin jasotzea lortuko nuela uste dut, pisu horretan bertan».

Kirolari bizitza amaitu ostean ez zen harri-jasotzetik aldendu. Baserrian bertan, Apakintzan, harri zahar ugari bildu ditu, baita bere ibilbideari buruzko erakusketa ere: argazkiak, egunkariko albisteak, kartelak… baita boxeo zakua eta eskularruak. Harri zaharren miniaturak eta harrizko oroigarriak ere egiten ditu. Gainera, urte hauetan beste harri-jasotzaile gazteen entrenatzaile gisan aritu da. Momentu hauetan Joseba Esnaola berrobiko gaztea laguntzen ari da pixkanaka hobetzen joan dadin.

 

Gorostidi Harria

1982ko maiatzaren 9an jarri zuen markaren 25 urteak bete zirenean ekitaldi berezi batekin oroitzea otu zitzaion Iñaki Gorostidiri, «ez nintzen konturatu ordura arte inork ez zuela marka hori hautsi». Jasoaldi hark eman zion errekorra berdintzeko aukera ematen du ordutik Adunako frontoian ospatzen den Gorostidi Harria jaialdian. «Lehenengo urtean 185 kilokoa esku batez altxatzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan, bi eskuekin jarri genuen eta sari berezia esku batekin jasotzen zuenari», azaltzen du, baina inork ez du lortu marka haustea.

Aurten ekainaren 15ean izango da jaialdia eta zazpi harri-jasotzailek parte hartuko dute: Joseba Ostolaza, Urtzi Telleria, Joseba Urrutia, Iban Ugartemendia, Jokin Eizmendi, Jon Ander Maiza eta Urpe. Bi harri zaharrekin lan egin beharko dute: 113 kiloko bola eta 139 kiloko erreka harria. Gainera berritasun bat ere bada: antzinako eran jaso beharko dituzte, hau da, kolarik eman gabe. Horretarako guztien aurrean garbituko dituzte eskuak. Horretaz gain, 185 kiloko zilindroa ere bertan izango da saiatu nahi duenarentzat. Lortzen duenak sari berezia izango du, 300 euro.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia