Gipuzkoak 1.000 urte beteko ditu bere lehen aipamen idatzitik

Gipuzkoak 1000 urte

Gipuzkoak 1.000 urte beteko ditu bere lehen aipamen idatzitik

Idatzizko lehen aipamena 1025ekoa da, Salvador de Olazabal monastegiaren dohaintza-dokumentuan eta, beraz, Gipuzkoak 1.000 urte ditu gutxienez

Gipuzkoak 1.000 urte beteko ditu aurten, jasota dagoen lurraldeari buruzko lehen aipamen idatzia egin zenetik. 1025. urteko dokumentua da, orain arte aurkitu den zaharrena, eta ‘Ipuscua’ hitza aipatzen du; zehazki, Huescako San Juan de la Peñako liburu gotiko edo kartularioko idazkietako bat da.

Erakunde publikoek egitarau zabalarekin ospatuko dute efemeride hau ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ izenburuko ekimenarekin. Ekitaldi ezberdinekin, lurraldearen historia eta ondareari buruzko ezagutza sustatzeaz gain, helburu nagusia da urteurren honek gipuzkoarren balio komunitarioak ospatzeko eta indartzeko balio izatea.

Aipamena jasotzen duen dokumentuan Ipuscoako jaunak, García de Azenarizek, eta bere emazte Gayla de Iputzak, San Juan de la Peña zenobioaren alde egindako dohaintza agertzen da. Bere zaintzapean zeuden beste lur batzuekin batera, Salvador de Olazabal monastegia utzi zuten zenobioarentzat. Gaur egun Altzoko lurretan dago monastegi hau, Altzo Azpin.

Jatorrizko testua latinez idatzita dago eta ‘San Salvador de Olazabal Monasterioaren dohaintza’ du izenburu. Dokumentu horretan, Nafarroa eta Gaztelako lurraldeen mugak zehazten dira, eta ‘Ipuscua’ aipatzen da bi erresumen arteko muga osatzen duten lurraldeetako bat bezala.

Altzo, Ipuscuari lotua

Dohaintzaren dokumentuari esker, Altzoko udalerria ere Gipuzkoako historiari lotuta geratu da betirako. Horregatik, Altzoko Udalak hainbat jarduera egingo ditu urtean zehar. Hainbat ekitaldiren artean, besteak beste, Aranzadi Zientzia elkartearekin lankidetzan, ‘Altzo 1025’ izeneko ikerketa historiko-dibulgatzailea argitaratuko dute eta Altzo Azpiko elizan indusketa arkeologiko bat ere egingo dute.

Era berean, Altzon Gipuzkoako Batzar Nagusien ezohiko Osoko Bilkura egingo da, Ipuscuako lehen aipamena ospatzeko. Gainera, San Juan de la Peñan jasotako idazkiaren faksimilea argitaratzeko lanean ari dira erakundeek ezagutzera eman dutenez.

Bestalde, aurten egingo den beste ekitaldi nabarmenetako bat ‘1000 urte Gipuzkoan’ erakusketa izango da, lurraldearen historia bere sorreratik gaur egunera arte aztertzen duena. Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dagoen erakusketak Gipuzkoaren iragana hobeto ezagutzeko aukera ematen diguten objektu eta dokumentu historikoak erakusten ditu, 1025eko dokumentuaren kopia barne.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia