Artzain Eguna apirilaren 23an ospatuko da Ordizian

Ordiziako Artzain eguna. Argazkia: L.M. Núñez

Artzain Eguna apirilaren 23an ospatuko da Ordizian

Garena jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute aurten Idiazabal Gazta Berria Artzain Egunean

Agurtzane Núñez Yarza

Ordiziako Artzain Eguna datorren apirilaren 23an ospatuko da, asteazkenarekin. Urteko lehen azoka berezia izango da, gazta denboraldi berria irekitzen duena artzain eta artaldeak protagonista nagusi direla. Ohi bezala denboraldiko gazta berria ere aurkeztuko dute eta ekitaldi ugari egongo dira goiz guztian zehar.

Asteazkenero egiten den azokaren baitan ospatuko da usadioa jarraituz artzainen omenezko egun hau. Goi larreetara udaberrian egiten zen transhumantzia irudikatzen du eta artzainen lana balioan jartzea du helburu. Horregatik, ikusle gehien elkartzen dituen ekitaldia artaldeek Kale Nagusia gurutzatzea izango da berrito ere. Bost artaldek, 1.500 ardi inguru igaroko dira Ordiziako alde zaharretik. Larreen irekiera egun ofiziala maiatzaren 1ean egingo da eta ordutik aurrera milaka abelburuk egingo dute mendiko larreetarako ibilbidea udazkenean  berriro jaisteko.

Segidan, Udaletxeko Batzar aretoan Idiazabal Gazta Berria aurkeztuko da. Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita, Bizkaiako Dimako Garena jatetxeko sukaldariek ebakiko dute, denboraldiari hasiera emanez. Era berean, ETB2ko ‘Vascos por el Mundo’ programak jasoko du aurtengo omenaldia, produktua mundu osoan dauden Euskal Herritarrei gerturatu eta bere sustapenean egiten duten lanagatik.

Ekitaldi horretan Idiazabal gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatuko dira. Oraingo honetan, Nafarroako Egozkueko Marta Perez Loperena artzainak jasoko du artzain gaztaren kategorian eta, gaztandegien kategorian berriz, Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak jasoko du saria.

Gainera, ohitura den moduan, goiz guztian zehar artzantzarekin erlazionatutako ekitaldiak izango dira. Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egingo da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru  izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena, bai kalitatez eta baita kopuruz ere. Bi   motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.

Garagartza Plazan mamia egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki.  Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, ardi-jeztea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Aldi berean, 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok Garagartza plazan. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta lortutako dirua Aspanogirentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

Artzain eguna 2025 egitaraua

Azoka berezia goizean zehar, Plaza Nagusian baita inguruko kaleetan

9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.

Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.

10:00-14:00 Nikolas Lekuona Plazan: haurrentzat “Artzainen herri kirolak” jolasak. Ingurune horretan Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dira.

11:00 Artaldeak igaroko dira gune historikoan barrena.

11:15 Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da Udaletxeko Batzar aretoan. Dimako Garena Jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute Idiazabal gazta berria. Horren aurretik ‘Vascos por el Mundo’ programa omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.

11:30 Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.

11:30 Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, Aspanogiren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.

12:15 Ardien ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

*Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia