Aizkorri-Aratzeko natura-parkearen eguna ospatuko da ekainaren 2an Garagartzan
Gipuzkoako natura-parkerik handiena da eta bertako ondarea ezagutzera ematea da Aizkorri-Aratz egunaren helburua
Aizkorri-Aratz natura-parkea Gipuzkoako handiena da, 159 kilometro koadroko azalerarekin eta ekainaren 2an berau ezagutzera emateko eguna antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak lehen aldiz, Zegamako Udalaren, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren eta Etorlurren elkarlanarekin.
Natur eta kultur ondareak bat egiten dute Aizkorri-Aratz parkean. Gaur egun ezagutzen den paisaia eta dauden ekosistemak giza jarduerek itxuratu dute hein handi batean, abeltzaintzak eta basolanak. Hauen langintzatik sortu dira egungo mendiko larreak, inguruneko «altxor preziatuenetariko bat».
Gipuzkoako hego sartaldean dagoen parke natural honek duen garrantzia aitortzeko jardunaldia egingo da ekaineko lehen igandean. Hango landaretza, fauna, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerak ezagutzera eman eta balioan jarriko dira. Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan.
Egun horretarako Aizkorri-Aratz parkeko Garagartza ingurunea aukeratu da. Ingurumen-hezitzaile batek gidatuko ditu egun guztiko jarduerak. Parte hartu nahi dutenek Otzaurten elkartuko dira. Aldunditik azaldu duten ez dela haurrekin egiteko bereziki egokia, izan ere, ordu eta erdiko ibilbidea egingo dute Garagartzara iritsi arte. Horrenbestez, mendian ibiltzen ohituta eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea gomendatzen dute.
Garagartzara iritsitasoan, bertan dagoen artaldea ikusiko dute eta parke naturalean betetzen duen eginkizuna ezagutuko dute, baita nola zaintzen eta ustiatzen den. Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan, palankarien erakustaldia egingo da: burdinazko barra bat ahalik eta urrutien jaurtitzean datza. Euskal Herrian oso zabaldurik zegoen kirol hau, artzainen artean bereziki. Horren lekuko, Zegamako mendietan oraindik Palankaleku izeneko tokia egotea.
Jarraian, Et Incarnatus taldeko soka talde batek ‘Joan etorriko habanerak’ izenburuko emanaldia eskainiko du bertan Migel Zeberioren zuzendaritzapean. Egunari amaiera emateko, berriz, gazta dastaketa egingo da. Erosteko aukera ere egongo da. Edalontzia norberak eraman beharko du etxetik.
Garraio zerbitzuak
Egun horretan ezin izango da Garagartzara autoz gerturatu baimenik gabe Beundatik aurrera. Parte hartu nahi dutenentzako hitzordua goizeko 9:30ean jarri dute Otzaurten, eta itzulera 15:00etarako egingo da leku berera.
Hala ere, Aldundiak doako autobus zerbitzua jarriko du Donostiatik eta Tolosatik Otzaurteraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edota 943.802.187 edo 688.623.609 telefono zenbakietara deituta. Autobusa goizeko 8:00etan aterako da Donostiatik, Ibaetako EHUko Psikologia Falkutatearen aurreko geltokitik; 8:30etan Tolosan egingo du geldialdia Rondilla kaleko 34 zkiko. geltokian, Musika eskolaren aurrean. Arratsaldean, bostak alderako aurreikusten dute autobusa Donostiara iristea.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai gaitzazu sarean (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |