Ane Lasa: «Aiztondo NKTko figura guztiak emakumeak izatea oso aberasgarria da»

Aiztondo NKTko jokalariak. Mikel Rodriguez

Ane Lasa: «Aiztondo NKTko figura guztiak emakumeak izatea oso aberasgarria da»

Aiztondo Nesken Kirol Taldea duela bi urte sortu zen, neskei kirola egitea errazteko helburuarekin

Amaia Núñez Yarza

Nesken kirola bultzatzeko lan handia egin da azken hamarkadetan eta horri jarraipena eman nahian sortu zen Aiztondo Nesken Kirol Elkartea duela bi urte. Kirol-helburu zehatzik gabe hasi baziren ere, boleibolean Gipuzkoako Txapelketa irabazi du jubenil mailako taldeak, klubaren jarraipena indartuz.

Aiztondo Kirol Taldearen sorrera bailarako neskek futbolean ibilbide osoa egiteko aukera izatea zen. «Villabonan bi klub daude, Billabona eta Danena, eta neska talde batzuk bazeuzkaten, baina ikusten zen neskak ez zutela ibilbide guztia, hau da txikitatik benjaminetan hasi eta jubenilak edo seniorrak arte klub berdinean egotea, beste herri batera joan behar ziren, familia eta neskentzako suposatzen duenarekin», azaltzen du Ane Lasa Aiztondo NKTko presidenteak. Hori ikusirik, guraso talde bat elkartu zen irtenbide bat bilatu nahian, izan ere, «egoera horrekin gutxi ziren apuntatzen zirenak».

Lehenengo pausoa bi klubekin elkartzea izan zen eta «bideragarriena hirugarren klub bat sortzea» zela erabaki zuten; «gure lanketa batez ere, emakumeen taldeko kirola bultzatzea da. Gure zonan badaude txirrindularitza, pelota eta beste kirol batzuetan lanean dabiltzanak, baina talde kirol bezala ez eta hori bultzatzeko sortu genuen. Hasieratik ere argi geneukan ez genuela nahi futbol talde bat izatea, baizik kirol talde bat, eta denborak esango zuela ze ibilbide egin», azaltzen du Lasak. Billabona eta Danena taldeen laguntza izan zuten prozesu horretan eta, segidan, Aiztondo bailarako udalei aurkeztu zieten proiektua. Alkiza, Larraul, Asteasu, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Udalei «ideia oso ona» iruditu zitzaien eta denen babesa jaso zuen klub berriak.

Erakundeen ondoren, gizarteratzeko unea iritsi zitzaion elkarteari eta «oso erantzun ona» jaso zuten. Gurea Antzokian egin zuten aurkezpen ekitaldiaren ondoren, gainera, futbolari bigarren kirol bat gehitzeko aukera sortu zitzaien. «Neska batzuen familiak etorri zitzaizkigun esanez beraiek boleibola egingo luketela, ea zer aukera zegoen». Gaur egun zuzendaritzan bi arloak daude, batzuk futbolaz arduratzen dira eta, beste batzuk, boleibolaz.

Guztien artean gurasoen inplikazioa guztiz beharrezkoa dela azpimarratzen du. «Talde bakoitzean zuzendaritzaren eta taldekideen arteko zubi-lana egiten duten gurasoak daude. Izan ere, hemen gaudenak bolondresak gara. Oso garrantzitsua da guretzako gurasoen lana ze askotan laguntzen digute antolatzen, kotxeak direla, torneoetan bazkaltzeko… oso gustora gaude», azpimarratzen du elkartean guztien artean sortu duten antolakuntza moduaz.

Amaitu berri den denboraldian futbolean maila guztietako taldeak izan dituzte. Txikietan, benjamin mailatik kadetetara bi talde bakoitzean eta jubeniletan bakarra. Boleibolean infantilen, kadeteen eta jubenilen taldeak dituzte. «Gipuzkoa mailan emakumeen artean asko hazi den kirola da».

Entrenatzeko instalazioak ere beste klub eta taldeekin elkarbanatzen dituzte. «Guk ez daukagu futbol zelai propiorik eta jolasten eta entrenatzen dugu bai Danenan eta bai Billabonan. Benjamin, infantil eta alebinak Billabonako zelaian entrenatu eta jokatzen dute, eta kadete eta seniorrak Zizurkilen».

Boleibolaren kasuan, Erniobea institutuan dute zentroa. «Ez dago zonaldean beste leku itxi bat neskak entrenatu ahal izateko, eta horrek asko mugatzen gaitu. Udal instalazioak dira, argi dago, baina pelotakoak joaten dira, eskola kirola ere hor dago, baita gu ere, eta denontzako ordutegiak ajustatu behar ditugu».




Talde bakoitzerako entrenatzaileak izatea beste erronka bat da kirol elkarte txikientzat. Aiztondoren kasuan, «inbertsio handia» egin dute beharrezko titulu eta ikastaroak egiteko. «Entrenatzaileak beti izan dira kirol munduan ibili diren jendea. Futbolean ibiltzen ziren neska gazte batzuk ere animatu ziren. Orain jubenil taldeko dexente dauzkagu txikiak entrenatzen», azaltzen du eta gehitzen du: «figura guzti horiek emakume izatea,  ez bakarrik jokalarik, baita arbitroak eta entrenatzaileak- eta zonaldekoak, uste dut oso aberasgarria dela Aiztondorentzat. Ez bakarrik gure klubarentzat, baizik bailararentzat, gizartearentzat».

Zentzu horretan, taldeko nagusienek ematen duten eredua nabarmentzen du. «Jokalari zaharrenek txikitan ez zuten jolastu futbolen, edo oso gutxi. Baina orain dauzkagun txikiak hazten doazen neurrian, horiek daukate beste formazio bat, beste teknifikazio bat, eta orduan emaitzak seguruenik askoz hobeak izango ditugu», dio Ane Lasak. Hala ere, beraien helburu garrantzitsuena «Aiztondoko emakumeak ahalduntzea da», kirol-lorpenetatik haratago, erakustea «espazioa gureak ere badirela eta posible dela».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta