Amaiur Luluaga: «Sorkuntza prozesua oso zaila da, askotan ez daukazu oinarri bat, musika bat»

Amaiur Luluaga dantzaria.

Amaiur Luluaga: «Sorkuntza prozesua oso zaila da, askotan ez daukazu oinarri bat, musika bat»

Euskal dantzetatik dantza garaikidera saltoa eman eta dantzaz bizitzea lortu du Amaiur Luluagak

Agurtzane Núñez Yarza

Txikitatik dantzan pauso txikiak ematen joan zen Amaiur Luluaga. Lagunekin hasieran, bakarka ondoren, pausu horiek, jakin gabe, dantzari profesional izatera eraman dute, eta gaur egun hainbat proiektuetan parte hartzen du, bakarkako sorkuntzez gain, eta dantza-irakasle ere bada.

«Inoiz ez duzu pentsa-tzen dantzatik bizi zaitezkeela, hasteko oso zaila delako. Esango nuke gutxinaka gertatzen joan zela, eta konturatzen zara nahigabe profesional izaten ari zarela, astebururo dauzkazulako emanaldiak», azaltzen du Amaiur Luluagak. Bera hiru urterekin hasi zen, «lagun bat hasi zelako», Anoetako dantza taldean, eta ordutik gelditu ez duen ibilbidea hasi zuen: hamabi urterekin Ibarrako Alurr taldera joan zen. «Bertan geundela Aiert Beobide hasi zen irakasle, eta balleta eta dantza garaikidea erakusten hasi zen. Hor ireki zitzaigun beste mundu bat».

Izan ere, ordura arte euskal dantza tradizionalak bakarrik ezagutzen zituen Amaiur Luluagak eta estilo mota berriekin oso gustura aurkitu zuen bere burua. «Hemezortzi urterekin Aiertek zeukan Haatik konpainian sartzeko eskaini zigun bi dantzariri». Salto handiena 23 urterekin eman zuen, dantza garaikide ikasketak egiteko Bartzelonara joatea erabaki zuenean. «Eguneroko entrenamendu bat zen, eta benetako dantzari baten bizimodua», gogoratzen du.

Bertan ikasitako balleta eta dantza garaikidea bere sorkuntza guztietan nolabait daude presente ordutik. «Euskal dantzak eta garaikidea tartekatzen ditut, baina azken aldian gehienbat garaikidea egiten dut, horrela eskatzen dit gorputzak, eta bereziki nik egokitu dezakedalako nahi dudan modura egitea», dio.
«Euskal dantzak asko maite ditut, baina fisikoki oso gogorrak dira eta iada ez dauzkat hemezortzi urte», aitortzen du. Hori bai, gogortasun horrek oinarri sendoa eman ziola aitortzen du. «Euskal dantza egiten dugun guztiok oinarri oso tekniko bat daukagula uste dut, oso exijentzia maila altua daukate teknikoki, erresistentzia mailan, indarra behar da. Zentzu horretan, kondizio oso onak ematen dizkizu balleterako».

Baina hortik aurrera, «euskal dantzak zentzu batean motzak geratzen zaizkit; gerritik gora ia ez gara mugitzen. Dantza garaikidearekin beste mundu bat ireki zitzaidan, beste mugitzeko era bat».

Bartzelonatik bueltan, geratu gabe proiektu bat bestearen atzetik kateatu ditu, dantza ikuskizunak, musikariekin kolaborazioak zein dokumentalak tartekatuz. «Haatiken ‘Ur’, ‘Ur bizitan’, ‘Lau eme’ edota ‘Errimak oinetan’ ikuskizunekin nago; Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaranen Arineketan taldearekin ere kolaboratzen dut, eta Eñaut Zubizarreta txelo-jotzailearekin ere. Orain martxoan estreinatuko duen ‘Doodem’ proiektu berrian ere banago» eta horretaz gain, ikuskizun propioekin jarraitzen du, «Oihana iguaranekin ‘Amaraun’ daukat, eta ‘J-AhO!’ Bartzelonako beste bi dantzarirekin. Horri lotuta, ‘Bailar la locura’ dokumentala grabatu genuen». Guztia borobiltzeko, «dantza-irakaslea naiz, eta Haatiken profesionalentzako ikastaroak antolatzen ditugu. Dantzariok klaseetatik bizi gera, emanaldiak estra bat dira. Boladaka bizi zaitezke emanaldietatik bakarrik», zehazten du Amaiur Luluagak.




Hala ere, Euskal Herrian dagoen kultur-zirkuitua goraipatzen du, taldeei ikuskizunak eskaintzeko aukera ematen dielako. «Euskal Herrian baldin badaukagu gauza on bat zirkuitua oso txikia dela da, denak ezagutzen gara, eta dauden sorkuntza guztiak bertan mugitzen gara. Behintzat badaukagu zirkuitu bat ziurtatuta».

Azken hilabeteetan berriro ere sorkuntza prozesuan barneratuta dago, emanaldi berriak sortzeko bidean. «Sortzea lan oso zaila da. Askotan oinarri bat badaukazu, musikaren bat, baina askotan alderantziz izaten da. Orain badaukat musika bat eta nik horren gainean konposatzen joan behar dut, baina istorio bat behar dut. Testu batzuk daude eta orduan, nire mugimendua egokitu behar dut testuak eta musikak eramaten zaituzten giro horretara», azaltzen du.

Beste batzuetan hasiera guztiz inprobisatua dela aitortzen du. «Zuk hasi behar duzu erritmo bat bilatzen, edo mugimendu patroi bat bilatzen, interesgarria iruditzen zaizuna ikuskizun horren gaiarekin eta musika batean txertatzen dituzu. Beste batzuetan hutsik zoaz, musikarik gabe».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta