Ardiki Eguna ospatuko da Zaldibian urriaren 27an

Zaldibiako Ardiki eguna: Ardiki kultur elkarteko kideak mondejuak prestatzen. Núñez

Ardiki Eguna ospatuko da Zaldibian urriaren 27an

Zaldibia mondejuaren hiriburu bihurtuko da 29. Ardiki egunarekin

Agurtzane Núñez Yarza

Ohitura den bezala, urriko azken igandean mondejua protagonista izango da berriro Zaldibiako Ardiki Egunean. Aralarren magalean dauden herrietan bakarrik egiten den produktua da mondejua, larre garaieran uda pasa duten ardiekin. Aurten urriaren 27an ospatuko da Ardiki eguna, mondeju eta gazta lehiaketarekin.

Aurten hogeita bederatzigarren urtez antolatuko da Ardiki Eguna, Ardiki kultur elkartearen ekimenez. 1994an sortu zen mondeju-lehiaketa, baina arrazoi desberdinak medio, badira antolatu ez diren urteak ere, esaterako, 2020an pandemia zela eta. Antzita baserrietan bertako bizilagunen kontsumorako egiten zen produktua da mondejua, artaldetik erretiratuko diren ardien aprobetxamendu moduan.

Izan ere, odolkia produktu zabaldua bada ere, mondejua Aralar inguruan bakarrik egiten da eta ez da hain ezaguna. Ardi hestearekin egiten da, ardiaren seboa, porrua eta arrautzarekin. Zaldibiako familietan belaunaldiz-belaunaldi pasa dira errezetak, batzuk tipula pixka bat botatzen diote, edo perrexila, baita ardi-tripakiak txiki-txiki eginda.

Mondeju lehiaketa irekia da eta herriko zein inguruko herrietako edozeinek parte hartu dezake, beti ere mondeju zuria aurkezten, zehazten du. Izan ere, mondeju beltza ere egiten da etxe batzuetan, arrautza beharrean ardi-odola erabiliz, odolkiaren antzera.

Hogei bat parte hartzaile inguru aurkezten dira urtero goiz guztian egiten den lehiaketara. Bederatzi epailek dastatzen dituzte mondeju guztiak banan bana, antolakuntza denak tenperatura egokian egoten saiatzen den bitartean. Bederatzi epailek dastatzen dituzte goiz guztian, hiru mahaietan banatuta. Bakoitzeko bat sukaldaritza munduko pertsona bat izaten da, eta gainerakoan herriko etxekoandreak eta mondejuan egiten duten pertsonak.

Mondeju guztiak batera berotzen dituzte eltzeetan, nahiz eta ez denak aldi berean. Laurogei gradu inguruan edukitzen dituzte berotzen eta ahal dela denak denbora berdintsua egon daitezen sutan saiatzen da antolakuntzak, lehenengo atera behar dutenak lehenago berotuz.




Aralarko gazta-lehiaketa

Mondeju-lehiaketarekin batera, urte batzuk beranduago Aralarko gazta-lehiaketa egiten hasi ziren, aurten 26. urtea beteko duena. Gazta guztiak Aralarren uda pasa duten ardien esnearekin egindakoa da. Izan ere, artzain guztiek ez dute mendian gazta egiten, nahiz eta ardiek uda goi-larreetan igaro.

Honetan ere, bederatzi epaileek osatutako epaimahai batek probatzen ditu gazta guztiak, hiru sukaldaritza edo gastronomia mundukoak edo artzainen bat. Besteak gazta gustatzen zaien edo gazta munduan aritzen diren herritarrak dira.

 




Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta