Arrano beltza, erregeetan errege

Arrano beltza

Arrano beltza, erregeetan errege

Gure mendietan, 1995an aurkitu zitzaien habia lehenengoz eta ordutik 20 kume hegatu dira bi lurraldeetan

Mikel Olano, basozaina

Zalantzarik gabe arrano beltza (Aquila chrysaetos) da gure mendietako errege-erregina. Europan, egunez ibiltzen den harraparirik handiena, hegazti benetan ikusgarria da. Dotorea, indartsua. Beste harraparietan bezala, emea tamainaz arra baino dezente handiagoa da. Hegoak zabalik 215-230 zentimetroetara ailegatu daiteke. 75-90 zentimetro arteko altuera izaten du. Pisuari dagokionez, emea 6-7 kilo artean ibil daiteke.

Atzapar ikusgarri batzuen jabe, beraiek estutuaz akabatzen ditu harrapakinak. Moko sendo batek laguntzen dio harrapakin horiek zatitu eta jaten.

Kolore marroi ilunekoa da. Burua argiagoa dauka, urre kolorekoa. Gazteak oso beltzak izaten dira eta bai hegaletan baita isatsean ere, orban zuri nabarmenak izaten dituzte. Adinez gorantz egin ahala kolorea ere aldatzen joaten zaie. ‘Klio, Klio’ antzeko soinuak ateratzen dituzte. Nabarmena izaten da kumeak helduei janari eske ateratzen duen soinua.

Hainbat herrialdetako armarrietan ageri den hegaztia da, adibidez, Nafar erresumakoan. Indarraren adibide. Garai batean gure lurraldean ondo hedatua egon bazen ere, azkeneko mendean jazarpen ikaragarria pairatu duen hegaztia da, desagertzera ailegatu arte.Garai bateko esamesek zioten ume txikiak ere eramaten zituela atzaparretan hartuta. Zorionez garaiak aldatzen doaz eta gezurrak eta sineskeriak bukatzen.

Mundu mailan ondo hedatua dago. Europa eta Penintsula mailan ere nahiko zabaldua. Normalean mendilerroak dira bere bizileku.

Gurera etorriaz, pixkanaka, garai batean bizi zen lekuetara itzultzen ari da. Nafarroan 50 bikote inguru bizi dira. Erkidegoan, Araban eta Gipuzkoan soilik aurkitzen da ugaltzaile bezala. Bizkaian ez du umatzen. Araban 17 bikote inguru dituzte.

Gipuzkoan, Hego-Eki-aldeko mendilerro nagusian umatzen du. Lurralde hau nafarrekin partekatzen da. 1995ean aurkitu zitzaien habia mendilerro honetan eta ordutik ona, dakigunez, 16 kume hegatu dira. Bi txitako umaldiak ere izan ditu. Azken urte hauetan ez du lortu kumerik ateratzea.

Ekialdeko beste lurralde batean ere umatzen du. 2016an topatu zitzaien habia eta, gure kontuen arabera, ordutik hona hiru txita hegatu dira. Aurtengo denboraldian beste txita bat martxan dago.
Beste bi mendi lerroetan ere bere aipuak gero eta ugariagoak dira. Ez da harritzekoa Aizkorri eta Aiako Harritan hegazti paregabe hau ikustea. Beraz, eta lehenago esan dudan bezala, poliki bada ere, errekuperatzen ari da gurean. Zergatiak bat baino gehiago izan daitezke. Bi behintzat azpimarratuko nituzke.




Bata, ez duela garai bateko presioa jasaten. Harraparien tiroketa asko jaitsi da. Pozoia ere ez da garai batean bezala erabiltzen. Bigarren arrazoia, jatekoa ugaritu egin zaiola. Orkatz eta basurdeen populazioak asko igo dira. Harrapakinak ugaritzen ari zaizkion heinean arrano beltzaren populazioak ere gorantz doaz.
Hegazti babestua da. Erkidegoko Katalogoan Kaltebera bezala sailkatua dago.

Harrapakinei buruz, behin umaldia bukatutakoan habietara igo izan gara eta besteak beste espezie hauen aztarnak topatu izan ditugu: azeria, azkonarra, katagorria, erbia, sugea, orkatz gaztea, basurde kumea, basakatua, belatxinga mokogorria, erroia, hontza zuria, hontza ertaina, belea edota eskinosoa.

Habiari dagokionez, oso handiak izaten dira. Adarrez osatuak eta material finagoekin bukatuak. Normalean harkaitzetan egiten du habia, baina ez da batere arraroa zuhaitzetan ere jartzea. Horretarako zuhaitz altuak aukeratzen ditu.

Habia urte askoan zehar erabilia izan bada plataforma oso handia bilakatzen da. Lurraldean 5-6 habia eduki ditzake. Urtero habia ezberdinak kargatzen ditu materialekin eta azkenean hauetariko batean etzaten da.




Ondorengoa da bere fenologia erreproduktiboa:

  • Urtarrilean eta batik bat otsailean territorioa markatzen aritzen dira (lupina eginaz).
  • Otsailean habia(k) kargatzen aritzen dira. Nahiz eta bat kargatzen aritu, gero beste batean jarri daitezke.
  • Martxoaren erdialdea baino lehentxeago kopulatzen ari dira eta laster emea etzaten da inkubaziori hasera emanaz (martxoaren erdialdetik hilaren bukaera bitartean).
  • Kumea maiatzaren hasieratik hilaren erdialdea bitarte horretan jaiotzen da (1etik 15a bitartean).
  • Ekainaren erdialdean, kumea(k) oso politak egoten dira, gorputz beltzarekin (nahiz eta zuritasun batzuk ikusi) eta buru zuri zuriarekin.
  • Ekainaren azken eta uztailaren aurreneko astean, kumea oso hazia dago jadanik, dena beltza.
  • Uztailaren bigarren astetik aurrera hegaka egiten dute.
  • Dena den espezie honetan ere kumeen kopuruak zer esana dauka, hau da, bi kume baldin badira epe horiek zerbait luza daitezke.

    Gazteak lurraldean jarraitzen dute hurrengo araldia hasi bitartean eta helduek elikatzen dute. Orduan kanporatuak izaten dira eta dispertsio garaia hasten zaie. Garai hau bereziki gogorra izaten da eta gazte asko hiltzen dira.

    Alde batetik beraiek topatu beharra daukatelako janaria. Ehizatzen ikasi beharra daukate eta bestaldetik istripu asko jasaten dituzte.

    Azpimarratzekoa da elektrokuzioarena. Harrapakinak zelatatzeko tentsio altuko postetan pausatzen dira eta ondo isolatuta ez badaude zutabe hauek, bertan hiltzen dira korronte elektrikoak jota. Ziurtatu genezake hau dela penintsula mailan, arrano beltzaren kasuan, hil-kortasun gehien sortzen duen arrazoia.

    Lehenago esan dugun bezala pixkanaka espezie hau garai bateko bizi lekuetara bueltatzen ari da. Hori posible izateko ezin bestekoa dugu arazo hau konpontzea. Neurriak hartzen hasiak dira eta poliki-poliki ari dira zutabe horiek zuzentzen. Legeak horrela agintzen du.




    Haize errotak ere ekidin behar dira bere bizi-eremuetan. Hauekin talka egiteko arrisku handia egoten baita.

    Maila txikiagoan baina badira beste hainbat gauza zuzendu beharrekoak. Hain zuzen ere gure aisialdiekin zerikusia dutenak: eskalada, parapenteak, mendi lasterketak, argazkilaritza eta abar luze bat. Espezie hau bereziki izua da eta bakea du gustuko bizitzen jartzen den lurraldeetan. Gure mendietan gaur egun bake gutxi dago. Aipatu ditudan aisialdiko jarduera horiek oso kaltegarriak dira espeziearekiko. Beraz baldintzak eta debekuak jartzea ezinbestekoa izango da.

    Zorionez zientzia gailentzen ari den garai honetan hainbat tresna baditugu gure arrano beltzen nondik norakoak jarraitzeko. Horietako bat da gps-ak jartzea da. Motxila txiki baten moduko zerbait jartzen zaie biz-karrean eta ondorioz jakin genezake uneoro non dabiltzan. Ezinbesteko tresna kudeaketa egoki bat egiteko.

    Ea ba denon artean lortzen dugun hegazti paregabe honen itzulera bermatzea. Erregea, garai batean galdutako lurrak berreskuratzera dator. Arrano erregea.




    Idatzi zure iritzia

    Cristaleria Añorga Txiki
    Arretxe lorategia
    Gruas y Transportes Urbieta