Munduari bira arrozetan
Milaka urtez erabili da sukaldean eta munduko leku ezberdinetan ekoizten da gaur egun
Amaia Núñez Yarza
Arroza eguneroko elikagaia da hainbat tokitan, kutuxia bestetan. Duela milaka urtetatik ekoizten da eta erabiltzen da elikagai moduan. Produktu bakarra badirudi ere, barietate ugari daude mundu mailan eta bakoitzak bere sukaldatzeko modua du. Ekoizpen handiena Asian egiten bada ere, herrialde ugaritan daude barietate propioak.
Munduan urtean bostehun milioi tona arroz baino gehiago ekoizten dira, eta horietatik ia erdiak Txinan eta Indian du jatorria. Asiako lurraldeak dira ekoizpen handiena duten hamar herrialdeetatik bederatzi, Brasil ere bertan baitago. Espainian, Katalunia ekoizten da gehien, Valentzia eta Andaluziarekin batera. Hala ere, Nafarroan ere ekoizten da.
Dendan gero eta arroz aukera handiagoa ikus daiteke, motaren arabera, baina orokorrean hiru barietatetan banatu daitezke: ale luzekoa, ertainekoa eta motzekoa. Ale luzeko arrozak testura soltekoak dira, usain leuna dute eta sukaldatzerakoan oso egokiak dira entsalada, goarnizio eta arroza osagai nagusi duten plateretarako, adibidez, gastronomia hinduan sukaldatzen den pilaferako. Mota honetakoak dira Basmati (India), Jazmin (Thailandia) eta Dorado (Estatu Batuak) barietateak.
Tamaina ertaineko aleak dituzten arrozen ezaugarri nagusia moldakortasuna da, errezeta ezberdin askotan erabili daitezke, besteak beste risotto, paella eta kremetan. Mota honetako barietate nagusiak dira, adibidez, Arborio eta Carnaroli italiarrak, eta Bomba espainiarra.
Azkenik, ale txikiena duten barietateak glutinosoak, hau da, itsaskorrak dira, eta textura krematsuagoa duten errezetetarako oso egokiak dira, postre ezberdinak edota sushia, kasu. Plater hauek prestatzeko barietate japoniarra, Italiako Arborio Glutinoso edota Japoniako Mochi erabiltzen dira.
Hala ere, arroza ekoizten denetik merkatura iritsi bitartean egiten zaion prozesuaren arabera aleak ere hiru motakoak izan daitezke. Txuriak dira ohikoenak, salbaturik eta ernamuinik gabekok, bere kolore zuria ematen diotenak eta azkarrago egostea errazten duena.
Salbatua eta ernamuina kontserbatzen duten arrozak integral bezala ezagutzen dira. Zuntz eta nutriente ugari dituzte, besteak beste, B1, B2 eta B3 bitaminak, burdina, magnesioa, kaltzioa eta potasioa, zapore biziagoa ematen diotenak. Testura mastekagarria dute, baina denbora gehiagoan sukaldatu behar dira.
Hirugarren ale mota arroz basatia izango litzateke, naiz eta benetan ez den arroza, baizik uretako landare gramineoen familiako hazia. Kolore ilunagoa dute, intxaur zaporea eta testura mastekagarria.