Artzantzaren etorkizuna

Unai Urretabizkaia eta Aiora artzainak. Argazkia: L.M. Núñez

Artzantzaren etorkizuna

Aiora Goikoetxeak eta Unai Urretabizkaiak 300 ardi hazten dituzte bere baserrian

Agurtzane Núñez

Esan daiteke, dudarik egin gabe, Aiora Goikoetxea ia jaio zenetik dela artzaina. Bere gurasoak, izeba-osabak, lehengusuak, baita gurasoen lehengusuak ere, artzainak dira eta txikitatik ardi artean bizi izan da. «Familiaren erdia baino gehiago artzainak dira edo ardien munduari lotuta daude», dio.

Horregatik, beretzat ia naturala izan zen duela lau urte Unai Urretabizkaia bere bikotearekin batera artalde bat sortzea baserrian. Unai kalekumea da, baina txikitatik argi zuen baserrian bizi nahi zuela. «Lazkaotik eskolatik ateratakoan bizikletan joaten nintzen aitona-amonen baserrira, Ataunera, ardiekin egotera», gogoratzen du. Eta, noski, aukera eduki zuenean, bere baserria erosi zuen.

Pixkanaka hasi ziren, baina gaur egun 300 buru inguruko artaldea daukate, eta jada denboraldi betean murgilduta daude urteko azken hilabeteetan. «Urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran hasten dira arkumeak jaiotzen. Aurten biki askoko urtea izan da eta hemen, hiru arkume erditu dituzten lau ardi izan ditugu», diote, oraindik harrituta. «Guk ez ditugu ardiak hormonatzen, modu naturalean egiten dugu, horregatik arraroagoa da».

«Bati antzematen nion tripa oso handia zuela, eta bromatan esaten nuen ‘honek hiru egingo ditu’. Noizbait izan ditugu hirukiak, baino baten bat beti ahulagoa edo hilda jaiotzen da. Aurten denak sano jaio dira.

Gehienak ere berak lagundu ditu jaiotzen. «Lehenengoari bi eginda utzi nizkion eta beranduago joan nintzenean beste bat zeukan. Eta nik zer egingo det orain? ze ardiek bi titi baino ez dituzte. Ba, kasu hauetan biberoia ematen zaie. Gero, amak oraindik esnea badauka, nere atzetik etortzen dira arkumeak eta esnea edaten laguntzen diet», azaltzen du. Lau hiruki izateaz gainera, arkumeen kolorean ere hirukiak izan dira: bi txuri eta beltz bat.

Arkumeak lehenengo asteetan hazi eta Eguberrietarako harategira saltzen dituzte. «Harrak kentzen ditugu eta emeetatik morfologikoki itxura onena dutenak eta genetikoki ere ama ona eduki dutenak uzten ditugu. Esnearen produkzioari ere begiratzen diogu, amak behintzat maiatzera arte izatea esnea», nabarmentzen dute. Bikien kasuan, «normalean bat harra eta bestea emea izaten da, orduan, emea uzten dugu. Hirukiak direnean denak kentzen ditugu, etorkizuneko belaunaldietan hirukiak egiten jarraituko dutelako».

Ardiak ezagutu

Datu horiek ez dituzte inon apuntatuta, baina buruz dakizkite, bizi guztia ardi artean emateak duen abantaila da. «Ardi guztiak ezagutzen ditut. Hasieran, ardi gutxiago genituenean, izena ere jartzen nien batzuei. Oran denak noren alabak, ahizpak edo ondorengoak diren dakit. Garrantzitsua da lan on bat egiteko», azpimarratzen du Aiorak.

Berak 2019an bukatu zituen artzain ikasketak Arantzazuko eskolan, 20 urterekin eta pandemiaren ondoren, bikotearekin batera artaldea jarri zuten, duela lau urte. Mendian ezagutu zuten elkar, Unaik behorrak igotzen zituelako, eta bera bere gurasoekin urtero igotzen zen Aralarrera. Duela hiru urte txabola bat lortu zuten eta ordutik, bertan pasatzen dute uda ardiekin maiatzetik aurrera.

Maiatzera bitartean, esnea saldu egiten dute Dorrea zentralera. Behin Aralarrera igota, txabolan gazta egiten dute. «Berrehun bat egiten ditugu, egunean sei edo, eta bertarako biderik ez dugunez, eskuan edo biz-karrean jaitsi behar ditugu», dio Aiorak. Egindako gaztak Unaik bakarrik jaten ditu, «niri gazta egitea asko gustatzen zait, baina jatea ez zait gustatzen, nahiz eta urtero probatzen dudan. Mamia ere ez zait gustatzen, eta arkumea ere ez dut jaten. Ardi-gisatua bakarrik».

Mendiko lehenengo hilabeteak gazta egiteaz gain ardiak lasai uzten dituzte, ahariak bota aurretik ekaina hasieran. «Bitartean neguko lanak aurreratzen ditugu, belarra egin, eta horrelakoak». Urrirako, ardiak berriro baserrira jaisten dira, umeak erditzen hasteko, denboraldi berri bati ekiteko prest.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia