Ataungo Mitoaldiaren seigarren edizioa irailaren 9tik urriaren 21era

Jentilen etorrera Ataungo Mitoaldia. Jentilbaratza elkartea

Ataungo Mitoaldiaren seigarren edizioa irailaren 9tik urriaren 21era

Jentilen etorrerarekin amaituko da aurten Ataungo Mitoaldia

Ataungo Mitoaldia, mitologia eta kondairak batzen dituen jaialdia, seigarren urtez antolatu da, eta pertsonai ezagunenak bertan izango dira: Mari Munduko, basajaun, sanmartin Txiki, sorginak… Irailaren 9an hasi eta urriaren 21ean amaituko da.

Joxe Miel Barandiaranek Ataunen ereindako haziak fruitu ugari eman du eta horren adierazle da Mitoaldia. Jentilbaratza Kultur Elkarteak, Ataungo Udalarekin eta Barandiaran museoarekin elkarlanean eta herriko hainbat taldeen laguntzarekin antolatzen du jaialdia eta kondairetan oinarritutako jardunaldiak. Hau seigarren urtea bada ere, duela 40 urte hasi ziren, lehen aldiz Jentilen etorrera antolatu zutenean.




Gerora, Gau Ibilaldi mitologikoak ere antolatzen dituzte. Orain bi ekitaldi hauek urtez urte tartekatzea erabaki dute, guztia prestatzeko egin behar den lana handia baita, elkarteko kideek bolondres egiten dutena. Gainera, lau urtez behin Antzinako lanen eguna ere antolatzen du Jentilbaratza elkarteak. Joan zen urtean, 2022an, antolatu zen azkena, 1960. hamarkadako bizimoduaren erakustaldiarekin.

Mitoaldia irailaren 9an hasiko da Irulegira antolatu duten irteerarekin eta urriaren 21ean amaituko da Jentilen etorrerarekin. Bitartean, Anjel Lertxundiren ‘Ez dago Transilvaniara joan beharrik’ hitzaldia (irailaren 15ean), ‘Irati’ filmaren proiekzioa (irailaren 30ean), Mari Mundukoren ipuin kontaketa antzeztuak (urriaren 7an) eta Luis Mari Zalduaren ‘Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosak’ hitzaldiaz gozatu ahal izango dute gerturatzen direnek.




Hemen VI. Mitoaldiko egitarau osoa:

Irailak 9, 8:30etan. Irteera Irulegi herrixkara, Bisita gidatua (Aranzadi).

Irailak 15, 19:00etan, Herri Antzokian: Anjel Lertxundi idazlearen hitzaldia: ‘Ez dago Transilvaniara joan beharrik’.

Anjel Lertxundi euskal idazlerik oparoenetarikoa da. Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Hitz-jokoen zalea, hiztegia iraultzeko eta aberasteko bultzatzaile nekaezina da.

Euskarak duen idazle onenetakotzat jotzen da Lertxundi, eta ofizio handienekoen artekoa.

Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Zinemaren munduan ere murgildu eta bi film zuzendu ditu: 1985ean Hamaseigarrenean aidanez (izen bereko bere liburuan oinarritua) eta 1987an Kareletik. Horretaz gain, hainbat hedabidetan esku hartu du, tartean Berria egunkarian. Euskal Idazleen Elkartearen sorreran, 1982an, erakundearen presidente izendatu zuten, eta kargu hartan aritu zen 1985 arte. Euskaltzain urgazlea da, eta euskaltzain oso izendatzeko proposatu dute. 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan.

Irailak 30, 17:30etan, Herri Antzokian: Irati filma, Paul Urkijo zuzendariaren aurkezpenarekin.

Euskal mitologian oinarritutako filma ospetsuaren proiekzioa. ‘Irati’ pelikularik ikusiena izan zen Euskadin bere lehen asteburuan, eta bigarren estreinaldirik onena estatu mailan, zazpigarren tokian sartuta.

Euskaraz egindako pelikulen artean zineman mugarri bihurtu zen. Euskaraz orain arteko ikusiena da 155.000 ikusle baino gehiagorekin.

Egun berean ‘Mitologika’ Erakusketa izango da ikusgai Paul Urkijo eta Nerea Torrijoren bozetoekin eta Rakel Alzateren ilustrazioekin. Goizeko 10:00etatik-12-30etara eta 16:00etatik-20:00etara.



Urriak 7, Barandiaran Museoan: Ipuin kontaketa antzeztuak egongo dira Mari Mundukoren eskutik. 16:30etan eta 18:00etan.

‘Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak’ izenburupean, Marimunduko eta beste hainbat pertsonaiek ipuin kontaketa antzeztua eskainiko dute Barandiaran Museoan. Bi saio eskainiko dira, bata 16:30ean eta bestea 18:00etan. Aurrez izena eman behar da, plaza mugatuak dira eta.

Urriak 11, 19:30etan, Barandiaran Museoan: Luis Mari Zaldua Etxaberen hitzaldia, ‘Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosak’.

Luis Mari Zaldua filologian doktore eta euskaltzain urgazleak, bere azken lanaren berri emango digu, bere ikuspegitik murgilduko gaituelarik euskal mitologiaren munduan. Euskal hizkuntzaren aurreneko lekukotasunen garaietan eta testuinguruan sakonduz emango du bere hitzaldia.

Urriak 21, 19:15ean: ‘Jentilen Etorrera’

1981ean sortu zen eta Euskal Mitologian oinarritutako ikuskizun berezia da. Herri antzerkia zutabe eta garai bateko sinesmenak ardatz. Urtero hiru legenda edo istorio mitologiko antzezten dira. 50 herri aktorek hartzen dute parte eta 150 lagun inguru ibiliko dira, kale ibilaldiko pertsonaiak antzezten eta antolaketa lanetan.

Herritik ibilaldia egingo dute lehenik eta ondoren antzezlanaren bi eskainiko dituzte, lehenengo saioa 19:15ean hasiko da eta bigarrena 22:00etan. Sarrerak www.jentilbaratza.eus webgunean jarriko dira eskuragarri doan.

Urtero legez, gurekin izango dira jentilak, sorginak, Torto, Basajaun, Akerbeltz, Zezengorri, Samartin Txiki, Kixmi eta beste zenbait pertsonaia mitologiko.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta