Baratza mendian
Asko dira etxe inguruko zelaietan aurkitu ditzakegun belar jangarriak.
Letxuga, espinakak, perrexila, apioa edota baratxuria ia egunerokoan erabiltzen ditugun barazkiak dira. Baina, gaur egun dendatan erosten ditugun landareak, noizbait basoan ere hazi ziren, eta oraindik ere aurkitu daitezke mendian edota zelaietan barazki moduan kontsumitu ditzakegun landareak.
Mendeetan zehar, lehenengo gizakiak landatzen hasi zirenetik, hazien aukeraketa egin izan dute, eta ondorioz, normalean landare basatiak txikiagoak izan ohi dira. Hala ere, basatiak direnez, hain zuzen, propietateak ere kontzentratuagoak izaten dituzte, kontsumitzerakoan kontuan izan behar dena. Gainera, ondo garbitu behar dira prestatu edo jan aurretik, naturan animalien gorotzekin kontaktua eduki dezaketelako.
Basoan aurkitutako fruituak eta landareak biltzea eta jatea betidanik egin izan den zerbait da. Hala ere, azken mendean, herrietako biztanleek batez ere gosete garaietan kontsumitu izan dute bertatik. Perretxikoen eta onddoen, masusten edota basaranen antzera, asko dira mendian aurkitu daitezkeen elikagaiak.
Bestalde, kasu askotan baratzeetan belar-txarrak bezala ezagutu izan dira, eta horrek ere beren ospe txarra handitu du, jangarriak direla ezkutatuz. Hain zuzen ere, belar-txarrak ateratzea ekiditeko produktu askok eragin dute bide ertzetan hazten ziren barazki jangarriak gero eta gutxiago izatea, eta sakonago bilatu behar izatea.
Malba
(Malva sylvestris)
Hostoak edozein baraz-ki bezala kontsumitu daitezke, bere horretan egosita edota zopan, eta gazteenak gordinik, en-tsaladan. Ez dauka zapore gehiegirik. Loreak, more kolorekoak, jangarriak dira ere, entsaladan. Bai hostoak zein loreak muzilago motako fibra dute, hesteetako igarotzean laguntzen dutenak. Hori bai, kontuan izan behar da jasotzerakoan hosto garbiak hartzea, inolako onddo gorririk edo herdoilik gabeak. Gainera, ez dira lore guztiak hartu behar, espeziaren iraupena bermatzeko.
Osina
(Urtica dioica)
Erresumingarria izateagatik askotan baztertua izan den landarea da. Osin-zopa plater ezaguna da, kalabazina, tipula eta patatekin batera prestatzen dena, baina tortillan edo espinakak bezala ere kontsumitu daiteke. Udaberrian jasotzen dira hosto gazteenak, gainerakoak zuntz gehiegi dutelako. Mineral asko dituen landarea da, batez ere burdina eta magnesioa, baita bitaminak ere. Eskularruekin eta guraizeekin biltzea gomendatzen da, minik ez hartzeko. Propietate erresumingarriak 60 gradutik gora egosterakoan kentzen zaizkio.
Txikoria-belarra
(Taraxacum officinale)
Infusioetarako oso ezaguna den landarea izateaz gain, hostoak en-tsaladan edo zopatan kontsumitu daitezke. Ahal bada udaberrian jaso behar da, hostoak samurrak daudenean, edota loratu aurretik. Izenez zein formarengatik basa-txikoriarekin nahastu daiteke, baina txikoria-belarrak ez du iletxorik hostoen azpian. Lore-begiak ireki aurretik kontserban prestatu daitezke, kaparrondoen antzera.
Mihilua
(Foeniculum vulgare)
Bide ertzetan hazten den landarea da mihilua, nahiz eta egun dendatan ere aurkitu daitekeen. Anis ukitua du eta en-tsaladetan zapore berezi hori emateko erabili ohi da. Mihiluak zuntz asko dauka eta nahiko hari-tsua da, hortaz ezin da bere horretan jan. Onena zati oso txikitan moztea da, adibidez, entsaladan jateko. Fruitu-zukuetan ere erabili daiteke. Haziak ere jangarriak dira, platerak gozatzeko erabiltzen direlarik. Mihiluak haize-minaren aurkako propietateak ditu. Zurtoinak, hari-tsuak diren arren, ahoan mastekatu daitezke aho-zapore ona edukitzeko.
Pingback: Espinakak, burdinaren legendadun barazkia - Txantxangorri Aldizkaria