Beasaingo Gudugarreta auzoko etxeen historiako hirugarren liburua argitaratu da
Beasaingo Paperak bildumako 28. eta 30. aleen eranskina da, euskarri digitalean aurkeztu dena
Gaur egun Gudugarreta baserri bakan batzuez osatutako Beasaingo auzo bat besterik ez da, baina antzina, nortasun propioa zuen herribildua zen. Nafarroako Iratxen aurkitutako aintzinako dokumentu batean Beasain eta Gudugarreta hitzak aurkitu zituzten, herriari buruz ezagutzen den dokumenturik zaharrenean, hain zuzen ere, 1211. urtekoa.
Auzoaren garrantzia ezagutzera emateko Mikel Dorronsoro Ibarbiak, Yoseba Alonso Arratibelek eta Martin García Garmendiak, Txantxangorriko kolaboratzaileak, Beasaingo Paperak bildumako 28. alea eskaini zioten, 202o urtean, “Gudugarreta herribildua eskualdeko historian” izenburupean eta bigarrena, 2022an, 30garrena, “Gudugarretako etxeen eta etxe horietako biztanleen historia”. Orain, Gudugarretari buruzko bilduma ixten duen argitalpen digitala argitaratu dute.
Beasaingo udaletxean, Xabier Matarranz kultur zinegotziarekin batera aurkeztu duten argitalpena bi liburuki hauei batu eta trilogia itxiko duen alea izan da. Formatu digitalean kaleratu da, euskarri honek dituen abantailetaz baliatu ahal izateko besteak beste.
Honela, aurkeztu den eranskin hau, 30garren alearen jarraipena da: “Gudugarretako etxeen eta etxe horietako biztanleen historia”. Hain zuzen ere, etxe horietan bizi izan ziren familien azterketa da. Eranskin honetako informazio-iturri nagusia, hau da, testamentuek, ezkontza-itunen kontratuek, erosketek eta salmentek, errentamendu-kontratuek, erroldek eta abarrek ematen dituzten datuak izan dira.
Xabier Matarranz kultur zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, Gudugarretak monografia historiko propioa eskuratu du eta eranskin honekin itxi egiten da Gudugarreta auzoari buruzko ikerketa; garai batean herribildua eta egun Beasaingo auzo dena. Argitalpena www.beasain.eus atarian eskuratu daiteke eta lotura horretatik eskuratu daiteke liburua.
Beasaingo Paperak bilduma
Beasaingo Paperak izeneko bildumaren argitalpenarekin Beasaingo Udalak, Kultura Sailaren bitartez, herriko historia bere arlo desberdinetan ezagutzera eman eta zabaltzeko lana bultzatzen du. Bildumako lehen alea 1992an argitaratu zen eta “Beasaingo Elkarte herrikoiak” izan zuen gaitzat. Geroztik, urtero aurkeztu dira hainbat argitalpen Udazken Kulturala izeneko hamabostaldiaren barruan.