Bizitza luzatzeko pikantea

Pipermina, espezia pikantea.

Bizitza luzatzeko pikantea

Jaki minak osasunarentzako onuragarriak direla azaldu dute ikerketek

Agurtzane Núñez Yarza

Ibarrako piperrak oso goxoak dira, baina erraz galtzen dute munduko jaki minenen aurka. Ameriketan zein Asian, baita Afrikan ere, oso zabalduak daude saltsa edo osagai pikanteekin egindako errezetak, askok probatu bakarrik egingo lituzketenak. Hala ere, ikerketen arabera jaki pikanteak jatea osasunarentzako guztiz onuragarria da, beti bezala, neurrian hartuta.

Osagai ezberdinak dira janariei zapore mina ematen diotenak, tipula eta baratxuria esaterako, baina dudarik gabe pikanteenak pipermina eta piperrak dira. Biek dute capsaicina, zapore mina ematen diena, baina landare ezberdinetatik ateratako produktuak dira. Hainbat barietate daude, gustu guztietarakoak, eta rankina ere badute, Scolville izenekoa, piperrek duten capsaicina kantitatea neurtzen duena.

Piper arruntek zero balioa dute, Ibarrako piparrek, Ezpeletakoek eta Padroikoek 5.000 unitate inguru dute minenek, baina gehien pikatzen dutenak milioi batetik gorako balioa dute eskalan: naga viper, carolina reaper, dragon’s breath eta, minena, pepper x. Azkena gutxik probatu dute, pixka bat bada ere, segituan hasten direlako eztarrian erredura, arnasketarako zailtasunak eta goragalea.

Bere nerrian hartuta, hala ere, egunero jan daiteke. Besteak beste, jaki pikanteek gorputzaren tenperatura igotzen dute eta metabolismoa aktibatzen dute. Horregatik, plater minak jateak argaltzea ekarri dezake. Gainera, capsaicina betegarria da, gutxiago jatea eragiten duena.

Digestioan ere lagun-tzen du, kontrakoa dirudien arren. Izan ere, capsaicinak urdaileko likidoak sortzea eragiten du. Hori bai, urdaileko arazoak edo antzeko gaixotasunak dituztenek, oso kontuz jan beharrekoa dute, larritasuna areagotu baitezake.

Azukrearekin edo gatzarekin arazoak dituztenentzat ere, capsaicina lagungarria da. Alde batetik, diabetesa kontrolatzeko lagungarri izan daiteke, insulinaren eragina sustatzen duelako. Bestetik, platerei osagai pikanteak botata, gatz gutxiago bota ahal izango diogulako.

Zapore pikantea duten osagaiek, bestalde, propietate antiinflamatorioak dituzte, odolaren zirkulazioa aktibatzearekin batera arterien hantura gutxitzen dutelako. Horrekin batera, capsaicinak nerbio-zelulatan eragina du gorputzeko mina guxituz.

Antiinflamatorioa izateaz gain, capsaicina propietate antioxida-tzaileak ditu, kolesterola gutxitzen laguntzen duena, bihotza osasungarri mantentzen lagunduz. Gainera, arterien presioa gutxitzen du odol-hodiak zabaltzen dituelako.

Gripearen sendagarri bezala ere erabili izan da antzinatik pipermina, mukiak kanporatzen laguntzen duelako. Horretarako, osagai aldakorrak dituen infusioa egin behar da irakindako uretan pipermina eta limoi zukua botaz. Hamar minutuz beratzen egon ondoren, iragazi eta eztia gehitu behar zaio. Egunean hirutan hartzeko infusioa da, lehenengoa baraurik eta gero jan baino lehen.

Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta