Edatea baino gehiago
Ura bakarrik edan nahi ez badugu, bi aukera freskagarri gehiago ditugu: zaporedun ura eta granizatuak
Uda ez da urtaro bat soilik, eguraldi ona eta tenperatura beroen sinonimo izaten da normalean, denen alaitasumerako. Horrekin batera, urteroko gomendioak hasten dira, ura edatearen garrantzia azpimarratzen dutenak. Beti ura edatea, hala ere, aspergarria da batzuentzat eta azkenean freskagarriak erosten bukatzen dugu.
Azkenaldian, modan jarri dira zaporedun urak, oinarrian frutarekin infusionatutako ura direnak. Herrialde anglosaxoietan eta Europa iparraldean oso ohikoak dira, baina gure inguruan oraintsu hasi dira zabaltzen. Oinarrian denbora batez uretan eduki diren fruta edo barazkiekin zaporea ematen zaio urari, baita bestelako propietateak ere. Arazo nagusia da, aurrez prestatutakoek gehienetan azukre gehiegi izaten dutela, askotan freskagarriek adina.
Ur mota horiek etxean prestatzeko ez da ezer berezirik egin behar, eta ia edozein fruitu erabili dezakegu, norbere gustuaren arabera konbinazioak eginez. Behar den bakarra aho zabaleko ontzi handi bat da, litro edo litro eta erdi inguruko edukierakoa. Frutak ez du izan behar espresuki erositakoak, jandako sagarraren azalarekin egin daitekeelako.
Hori bai, fruituen propietateak behar bezala igarotzeko ahalik eta azalera handiena egon behar da urarekin kontaktuan. Horretarako, egokiena ahalik eta xerra finenak egitea da. Esan bezala, frutaren azalak ere balio dezake, fruta beste gauza baterako erabili badugu, adibidez piñarena eta azenarioarena, edota usain-belarrak ere gehitu daitezke, menda, ezkaia edo martorria, ahal bada aurretik pixka bat zanpatuz.
Frutak denbora batez egon behar dute uretan. Onena ordu batzuk egotea da, infusioa hotzean egin dezaten; hiruzpalau ordurekin nahikoa da, baina gero eta gehiago hobe. Gauean prestatzen badugu, hamabi orduz eduki dezakegu hozkailuan, hurrengo egunerako prest izateko.
Izotzarekin ere bai
Zaporedun uren hurrengo pausua granizatuak edo izotz-edariak izan daitezke. Egun beroetan ederki datoz izozkien ordez. Zaporedun urek ez bezala, granizatuek azukrea daramate; edonola ere, egarriari aurre egiteko modu ezin hobea dira.
Ia edozein fruitu erabili daiteke granizatua egiteko. Oraingoan fruitua bera beharko dugu. Limoizkoa egiteko, adibidez, lau limoiren zukua eta litro erdi ur beharko ditugu, nahi dugun azukrea erantsiz. Dena ondo nahastu eta iragazki batetik pasako dugu, zukuarekin bakarrik geratzeko. Ondoren, bandeja edo ontzi zabal batean jarriko dugu. Ordu erdiro izozkailutik atera eta sardexka edo tenedore batekin izotza hautsiko dugu. Hainbat aldiz errepikatuko dugu, izotz txikien testura lortu arte.
Sagarra, marrubia edo zukurik gabeko bestelako fruituekin egin nahi izanez gero, azukrearekin eta limoi-zukuarekin nahastu eta irabiagailuarekin zukua egingo dugu. Kasu batzuetan, fruta eltze batean azukrearekin eta limoi-zukuarekin egosi dezakegu siropea egiteko. Sirope hori bere horretan izozkailura sartuko dugu ontzi zabal batean, berriro ere ordu erdiro izotza hautsiz. Fruta beharrean, kafearekin edo infusioekin ere prestatu ditzakegu granizatuak.