Neandertalak San Adrian igarobidean txango gidatua

San Adrian koban indusketak. Aranzadi

Xehetasunak

Ordua: 27 urria, 2024 10:00

Non? Otzaurte

Ekitaldi mota: Bisita gidatua

Antolatzailea: Anduetza Parketxea

Ekitaldiari buruz

San Adrian koban egindako azken indusketa arkeologikoen berri emango da

Urtero, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, San Adrian igarobidea (Leizarrate) induskatzen eta aztertzen dute, eta aurten XVIII. kanpaina arkeologikoa izan da. Udaro, aparta den igarobide honen sekretu berriren bat aurkitzen da: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat… Baina iazko eta aurtengo aurkikuntza aparta izan da: neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu dira eta.

Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatzen zen… Berreskuratutako aztarnen argitan gaur badakigu neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela.

Txango gidatu honetan, neandertalen garaiko azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzera emango dira. Gainera, antzinako hominido horri buruz hitz egingo dugu; ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak… baina oraindik asko dago ikertzeko. Eta nola ez, igarobide esanguratsu honetan izan diren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa egingo da. Ahaztu gabe igarobide ospetsu eta magiko hau Aizkorri-Aratz natura parkean dagoela.

Anduetza parketxeak antolatu duen datorren iganderako, urriaren 27rako, txangoak
ez du zailtasunik, edozein herritarrentzat egokia da. Ibilaldian izango diren azalpenak bi hizkuntzatan dira. Euskarazko saioa Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan eta gaztelaniazko saioa 12:00etan. Aldaola aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago.

Aurreikuspena, euskarazko txangoa eguerdiko 11:30erako amaitzea da eta gaztelaniazkoa 13:00rako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Prezioa pertsonako 6 eurotakoa izango da. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, (hala balegokio), eguraldia dela medio, azken orduko aldaketaren bat balego, modu horretan antolatzaileek izena eman dutenei abisu emateko aukera izango dutelako.

Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:
943 80 21 87 / 688 62 36 09
anduetza@gipuzkoanatura.eus
www.gipuzkoanatura.eus


Informazioa gustatu bazaizu, jarrai gaitzazu sarean (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta