Emakume Laboral Kutxa Masterraren finala igandean Zarautzen

Laboral Kutxa Emakume Master Cup

Emakume Laboral Kutxa Masterraren finala igandean Zarautzen

Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko da partida eguerditik aurrera Arrizabalaga-Oses eta Aldai-Mendizabalen artean

Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga emakumezkoen pilotari erreferente bihurtu dira azken urteotan, bien arteko lehia gogoangarriak jokatu dituztenak, Olaizola II.a eta Martinez de Irujoren antzera. Egungo bi espezialistarik onenek, kantxan aurkari handiak baina kanpoan lagun handiak, final berri bat jokatuko dute igande eguerdian Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, kasu honetan binaka. Uxue Oses izango da egungo binakakoaren txapeldunaren atzelaria eta Nora Mendizabal izango da Dimakoaren, egungo kaiolako txapeldunaren, bizkartzaina.




Finala martxoaren 26an, igandean, jokatuko da, Zarautzko Aritzbatalde pilotalekuan, eguerditik aurrera. Lehenengo elite mailako pilota misto partida jokatuko dute Etxegarai-Gamindek eta Larrarte-Arrillagak, eta segidan Laboral Kutxa masterreko finala jokatuko dute Arrizabalaga-Oses eta Aldai-Mendizabalek.

Bi bikote hauek kalitate handiko txapelketa bateko onenak izan dira, eta final oso parekatua espero da, bai behintzat, Bizkaia torneoko finalari erreparatzen badiogu behintzat. Orduan Arrizabalaga-Oses tanto bakar batez gailendu ziren, baina Aldai-Mendizabalek ere badakite zer den elkarrekin txapela janztea, Nafarroa Arena ikusgarrian jokatutako Nafarroako Foru Erkidegoko Torneoan hala egin zuten.

Bizkaiko bi aurrelarien arteko lehia bakoitza berezia da, biak bikoteen pisua bizkar gainean jartzen saiatzen dira eta ikuskizuna alde honetatik bermatuta dago, baina andoaindarraren eta oñatiarraren lana ezinbestekoa izango da bi atzelari gipuzkoarretakoren batek bere txapelketa honetako palmaresa estreinatu dezan.

Urtarrilean Murgian hasi eta Larrabetzun, Zornotzan, Galdakaon, Amezketan, Seguran, Eskoriatzan, Asteasun, Laudion eta Arrigorriagan geltokiak izan dituen abentura eder honen amaiera izango da Zarauzko jaialdia. Arrigorriagan, pilota goxoa (Oronotz-Goietnetxe), pilota misto gazteak (Uriarte-Betegi) eta pilota mistoko lehen mailako (Etxegarai-Zabala) txapelak banatu ziren eta orain espezialistarik onenen txanda da, baina ezin da ahaztu Laboral Kutxa Masterrak erreferentziazko txapelketa batez gozatzeko aukera eman diela, txapelketa erabat ireki eta inolako murrizketarik gabeko batean, parte hartu nahi izan duten 65 emakumeei.

Gaurko Zarauzko aurkezpenean, María José Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Gotzon Enbil, Euskadiko Pilota Federazioko presidentea, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Leire Arana, Zarauzko Kirol zinegotzia, Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria eta Virginia Arana eta Josune Díez, LABORAL KUTXAko ordezkariak, izan dira. Denek bat egin dute txapelketa mota honek emakumeen kirolaren garapenean duen garrantzian, zorte ona opa diete finalistei, eta igandean Aritzbatalden txapeldun hauek babestera animatu dituzte pilotazale guztiak. Era berean, Emakume Master Cup txapelketa desberdinetan aritu izan den Eider Zubizarretari aipamen berezi bat egin nahi izan diote. Zarauztarra pilotan jokatu ezinik dabil azkenaldian zenbait osasun arazo direla medio eta laster kantxetan lehiatzen ikusi ahal izatea opa diote.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta