Emakumeak pilotari, baita larruzko paletan ere

Ordizia Hiria larruzko paleta txapelketako pilotarietako batzuk antolatzaileekin. ··· Oiangu pilota

Emakumeak pilotari, baita larruzko paletan ere

Gipuzkoan lehenengoz Ordizia Hiria emakumeentzako larruzko paleta txapelketa antolatu da azaroan

Agurtzane Núñez

Kirolaren historian, lehenengo profesionalak emakume raketistak izan ziren, XX. mendearen hasieran. Baina ehun urteren ondoren, ia frontoira itzuli berri direla esan daiteke. Emakumezkoen pilotan pausu bat gehiago emateko asmoz, Ordiziako Oiangu pelota elkarteak Ordizia Hiria txapelketa antolatu du larruzko paleta modalitatean. Txapelketa azaroaren 15etik aurrera jokatuko dute zortzi bikotek.

«Gaur egungo haurrek emakumezkoak frontoian zer egiteko gai diren ikustea nahi dugu; oso gutxietxiak daude nire ustez», azpimarratzen du Aitor Otegik, Oiangu pilota elkarteko arduradunak eta txapelketaren sustatzaileak. Orain arte emakumeak gomazko paletan aritzen dira eta, hortaz, Gipuzkoan antolatzen den lehenengo larruzko paleta txapelketa izango da. «Bizkaian beste bat antolatu izan da azken urteotan, baina besterik ez», dio.

Izan ere, emakumezkoentzako modalitate berria dela esan daiteke, nahiz eta raketistek ere larruzko pelotekin jokatzen zuten. «Emakumezkoen fitxa gutxi daude federazioan eta pelotari nahikoa ez dagoelako aitzakiarekin, ez dira ez entrenamenduak, ez txapelketak antolatzen, eta noski, ezta materialik lortzen ere», azaltzen du Otegik.

Hori dela eta, txapelketa honetarako gehienek aurrez ez zuten inoiz larruzko paletan jokatu. Beharrezko materiala Oiangu elkarteak eman die, jokatzen hasi ahal izateko. «Kaskoa behar duzu, baita paleta, zintak eta resina erabili behar dira, kirol garestia da txapelketa bakarra jokatzeko», aitortzen du. Oiangu elkartea larruzko paleta sustatzeko sortutako elkartea da, eta emakumezkoak ere kirol modalitate horretara erakartzeko helburuarekin sortu dute txapelketa.

«Jokamolde guztiz ezberdina da, ohitu egin behar zara. Abuztutik entrenamenduak egiten aritu gara pilotariekin eta badaude une honetan Gipuzkoako bigarren mailan dauden pilotari batzuk, oso oso ondo moldatu direnak modalitatera», aitortzen du Otegik. Jokoa azkarragoa da, teknikoagoa, eta Otegiren esanetan, «ez du denborarik ematen. Gainera, larruzko pelotak paretan eta lurrean irrist egiten du, jokoa bajuagoa da».

Modalitate teknikoagoa izateak emakumezkoen aurka baino, aldekoa dela uste du. «Normalean gizonezkoak baino teknikoagoak izaten dira. Indar gutxiago daukatenez, teknikoki osatzen dute, eta, onak direnak, teknikoki gizonezko asko baino hobeak dira», dio.

Ordizia Hiria Txapelketaren lehenengo edizioa jokatzeko hamasei pilotari lortu ditu. «Hamabi neska gipuzkoarrak dira, bat nafarra eta gainerakoak gasteiztarrak». Tartean daude aurtengo Bizkaia txapelketa irabazi duten Amaia Irazustabarrena eta Leire Galdos, larruzko paletan aurretik jokatu zuten bakarretakoak.

Guztientzako astean bitan entrenamenduak antolatzen dituzte, txapelketarako jokamoldean praktika eskaintzeko. «Hamabi batek Ordizian entrenatzen dute astean bitan, bi ordu eta erdikoak, Oianguko kide batekin. Uste dugu ez dela bakarrik frontoia irekitzea, baizik eta denbora horretan jokoan hobetzen laguntzea, nola kokatu, posturak hobetuz, eta abar. Gainerakoak, Gazteizen entrenatzen dute».

 




Txapelketarako hamasei pilotariak launa bikoteko bi taldetan banatuko dira, ligaxka gehiegi ez luzatzeko, abendutik aurrera ere beste txapelketak jokatzen dituztelako pilotariek. «Partidak orekatuagoak izateko, onenak direnak maila bajuagoa duen batekin jarriko ditugu. Partidak ligaxka moduan jokatuko dira». Hau da, talde bakoitzeko bikoteek hiru partida jokatuko dituzte elkarren aurka, eta ondoren, lehenengo sailkatuak beste taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du finalerdia, eta hortik aterako dira finalistak. Guztira bost asteko iraupena izango du txapelketak.

Emakumezkoen partidak Ordizia Hiria txapelketako parte hartzaileak Gasteizen larruzko pilota entrenamenduan. ··· Oiangu pilota elkartea

Oiangu pilota elkarteak gaur egun ez dauka emakumerik bere kideen artean, eta hortaz, Ordiziaren tamainako herri batean larruzko pilotaz jokatzeko erreferenteak ere falta dituztela konturatu ziren. «Faltan botatzea baino, uste dut emakumezkoek egon behar dutela», azpimarratzen du.

Azken hiruzpalau urteetan pilota eskola egituratua sortu ondoren, emakumeei aukera bat emateko ordua iritsi dela uste dute ordiziarrek. «Batzuetan entrenamenduetan neska batzuk sartzen dira frontoira, baina ez dakigu zergatik, bai seniorrak zein haurrak denak gizonezkoak garelako, edo erreferenterik ez dutelako, ez da inor animatu. Gure helburua Ordizian emakumezko partidak ikustea da, eta kirol honetara emakumezko berriak erakartzea».

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta