Migel Zeberio, diziplinak elkartzearen sekretua
Basoan kontzertua egitearen aitzindari, mendi-zeharkaldia antolatu du Miguel Zeberiok
Amaia Núñez Yarza
Musika munduan murgilduta bizi da gaztetatik. Txistua du ogibide, Gasteizko Kontserbatorioko irakasle da, baina ‘Et Incarnatus’ orkestrako sortzaile eta hamaika koruen zuzendari izateagatik da ezaguna Migel Zeberio. Duela 24 urte ekimen berritzailea izan zen orkestra, mendian kontzertua eskaintzeko planteamenduagatik besteren artean eta ordutik emanaldi eta ekimen ugari sortu ditu, musika hainbat diziplinekin uztartuz.
Mila proiektu sortzen zaizkio Zeberiori arte eszenikoak orokorrean, eta musika zehazki, zabaltzeko. Azkena, datorren uztailan egiteko antola-tzen ari diren ‘URMUGA Euskal Herria mendebaldetik ekialdera’ mendi-zeharkaldia, ur isuriak banatzen dituen lerrotik: «19 egun izango dira orkestrarekin, mendizaleekin eta goi mailako graduko ikasleekin. Zazpi kontzertu eskainiko ditugu, probintzia bakoitzean bana, baita batzuk mendian ere».
Lan asko eskatzen duten proiektuak izaten dira, profesional ugariren parte hartzea eskatzen dutenak, baina gustura aritzen da. «Bi aukera dituzu: egitea ala ez egitea», onartzen du. «Beti ibili izan naiz horrelako gauzak egiten. Hortik sortu zen Udako solstizioan, ekainaren 22an, Tolosako Urkizun eskaintzen dugun kontzertua». Laster mende laurdena beteko dute. Azken urteetan gainera Udazkeneko Ekinozioko kontzertua egiten hasi dira Zaraten eta Neguko Solstiziokoa Aralarko San Migelen.
Natura eta musika uztartuz
«Mendia eta natura, musika, nire pasioak dira», aitortzen du Zeberiok eta horiek uztartzen saiatzen da ahal duen heinean. Normalean betiko lagunekin batera antolatzen ditu, bakoitzak bere aletxoa jarriz. «Angel Ortiz, edo Felipe Uriarte mendizaleak, Xabi Lozano argiztatzailea, Iñaki Epelde artista, J. Kruz Igerabide idazlea… Sentsibilitate handia daukan jende talde zabala da, eta beraiekin lan egitea gozamena da». Horrela, talde anitza osatzen dute, bai musikarien aldetik, zein muntaketa eta ezkutuko lanetan ibiltzen diren teknikoekin. «Guztiek dute bere garrantzia, eszenatokiko lanez arduratzen direnak, baita sorkuntzaren eremu zabalekoak ere. Ez da bata bestea baina garrantzitsuagoa».
Etxean ikusitakoagatik edo, beti izaten ditu eskuartean proiektuak. «Etxean berezitasun bat genuen: telebistarik ez geneukala, eta liburu eta disko ugari zeuden eta zenbait soinu tresna ere. Kultur zaletasun handia zegoen, aita mila istoriotan sartuta zegoen, CIT-ean, Lizardin, ikastolan…».
Horrela, bera sei urterekin hasi zen musika ikasten Tolosako bandako zuzendari zen Jose Antonio Ruiz Bonarekin eta «pixkanaka musikaren munduan murgiltzen hasi nintzen eta beste hiru anai arrebek atzetik jarraitu didate».
Azken Muga Zaraten
Duela bost urte Azken Muga proiektua jarri zuen martxan Guillermo Olmo eskultorearekin batera Zaraten. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta antolaketa lanetan murgilduta daude jada. Lehenengoz inguruko herrietako udal guztien babesa lortu dute. Izan ere, aitortzen duenez, «ekimen hauetan inguruko eta bertaratutako eragile eta partaideekin sortzen diren lotura berriek hauspotzen naute, lanean emandako energiak leiho berriak irekitzen ditu eta denboraren poderioz emaitzak jendeen baitan errotzen direla sentitzeak ereindakoaren sari bilakatzen dira».
Hala ere, proiektu hauek guztiak ekonomikoki «oso latzak» direla onartzen du. Izan ere, «jendeak oraindik ez du ulertzen kon-tzertu batean aukera ematen zaionean 10 euroko laguntza bat emateko, laguntza hori ematea zilegi dela. Adibidez, udako proiektua aurrera dijoa eta momentu honetan numero gorriak dauzkagu abiapuntu, beti da horrela. Nere bizitzeko eta proiektuak egiteko moduan beti tokatu zait hori, onartzen dut, bestelakorik gutxitan ezagutu dut. Normalean beti ematen diogu buelta egoera guztiei, baina gogorra da. Gure kultura horrelakoa da. Aldiz, Europako zenbait txokotan oso bestelakoa da babesa. Alde horretatik oso diferenteak gara».
Pingback: Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron omenduko ditu maiatzaren 27an - Txantxangorri Aldizkaria