Ageramundu baserria | Aduna
Adunako Elbarrena auzoan dago kokatuta Ageramundu, Ageramunde edo Amundo bezala ezagutzen den baserria, izen bereko errekaren ondoan. Gaur egun geratzen diren baserri eraikuntza zaharrenetarikoa da, eta oraindik ere jatorrizko egurrezko egitura osorik mantentzen du. Mendeetan jasan dituen eraberritzeen ondorioz, jatorrizko hainbat elementu ezkutatu dira, nahiz eta oraindik ere landaguneko arkitekturaren erakusle den.
XVI. mendeko baserria
Baserriaren izena jada agertzen da 1680. urteko dokumentuetan. Ez da ezagutzen nolakoa zen jatorria, baina, bi mende beranduago, berriz, hiru solairuko eraikina zela ageri da. Oraindik ere, antzinako banaketa mantentzen du: beheko solairuan ikuilua, lehenengoan etxebizitza eta teilatu azpian biltegia.
Hala ere, eraikinaren egiturak XVI. mendeko arkitektura zantzuak ditu, mende horretan ere eraikia zegoela, edota aurretik beste eraikinen bat bazegoela erakusten duena: erdi-puntuko dobeladun arkua, gezileihoak edota harlanduzko baoak, eraberritze lanetan ezkutatu direnak eta barrutik bakarrik ikus daitezkeenak. Hori dela-eta, antzinako dorretxetzat jo izan da. Kanpoaldean, berriz, ageriak dira hareharrizko harlanduzko eskantzuak, baita fatxadako lerrotik gainjartzen diren harlanduzko haize-babesak.