Leire Olaberria: «Lehenengo Munduko Kopan dominatan ikusten zarenean, badakizu edozertarako gai zarela»
Leire Olaberria > Txirrindulari ohia
Agurtzane Núñez Yarza
Atletismotik eman zuen saltoa txirrindularitzara Leire Olaberriak, artean 26 urte zituela. Hala ere, gutxiren esku dagoen lorpena erdietsi zuen: profesional izatea eta, gainera, goi-mailako emaitzekin.
-Nola hasi zinen txirrindularitzan?
-Atletismoa izan zen lehenengo egin nuen kirola, eta 26 urtera arte ez nintzen iritsi txirrindularitzara. Behin, atletismoko taldera pistako txirrindulari bat etorri zen, eta nola entrenatzen nuen ikusita, iruditu zitzaion pistako txirrindularitza ondo egin behar nuela. Baina niri ez zidan konbentzitzen eta nire entrenatzailea konbentzitu behar izan zuen. Sei hilabete inguru behar izan zituen nik pistako bizikleta bat hartzeko.
-Emaitzak laster iritsi ziren?
-Hasi eta hiru bat hilabetera Espainiako Txapelketa irabazi nuen. Berehala jabetu nintzen hain denbora gutxian irabazi banuen txapelketa Espainia mailan ez zela oso altua izango, eta horrek aukera eman zidan Europako Txapelketara joateko. Han ikusi nuen jendea profesionala zela. Egia esan, asko gustatu zitzaidan eta nire buruarentzat kristoren erronka zela ikusi nuen.
-Orduan erabaki zenuen profesional egitea?
-Momentu horretan unibertsitatea nengoen, lanean, eta iritsi zen une bat erabaki behar izan nuela. Lana utzi behar izan nuen apustu hori egiteko. Gero etorri zen ibilbide guztia, zeren egia da hasieratik emaitzak onak izan zirela. Baina egia da baita ere txirrindularitzan goi-mailara iristeko teknika eta taktika lan asko behar dela. Nik 26-27 urterekin hasita, lau urte behar izan nituen Joko Olinpikoetara iristeko, eta lau urte horietan asko eta azkar ikasi behar izan nuen.
Txirrindulari profesionala
-Noiz ikusi zenuen profesional izan zintezkeela?
-Kontutan izan momentu horretan Espainian profesional izateko aukera ez zegoela emakumeentzat. Munduko Kopako lehenengo txapelketan, Sidneyn, Australian, zilarrezko domina bat lortu nuen, eta berehala jabetu nintzen diziplina hori ondo zetorkidala, Joko Olinpikoetara joan nahi nuela, eta apustua nire aldetik oso indartsua izan behar zuela, inguruan nituen lehiakide guztiak profesionalak zirelako.
-Oso denbora gutxian izan zen dena.
-Mundu mailara iristen zarenean eta lehenengo postuetan egon ahal zarenean, badakizu lan eginez gero hobetu dezakezula. Nik ikusi nuen fisikoki ahal nuela, baina teknikoki eta taktikoki mugatua ikusten nin-tzen, eta banekien alde horiek lan eginez gero hobetu nezakeela, eta pixka bat hori izan zen nire helburua, nire entrenatzailearena eta nire inguruan zeudenena ere.
-Familian lehenago bazenuen aurrekaririk?
-Nire lehengusu bat, Andoni Olaberria, ‘mountain bike’ munduan ibili izan zen, baina, hala ere, egia da nire familian beti kirolzaleak izan direla eta etxean beti kirola jarraitu izan dugula. Baina gaztetxotan txirrindulari izan nahiko banu ez zidaten utziko, zeren gogoratzen naiz nire ahizparen lagun bat txirrindularitzan aritzen zela, saiakeraren bat egin zuen, baina amak ez zion utzi oso arriskutsua ikusten zuelako. Zorionez, ni hemeretzi urtetatik gurasoen etxetik kanpo bizi nintzen eta hortik aurrera erabakiak nireak izan ziren. Bikotearekin hitz egin nuen eta Joko Olinpikoetan egotea ametsa nuela esan nion, eta bere laguntza guztiarekin egin nuen ibilbidea.
-Entrenamenduak nolakoak ziren? Atletismoarekin alderatuta aldaketa dago.
-Begira, atletismoak eman zidan gauza on bat, oso garrantzitsua zena: gimnasioan indarra ondo lantzen jakitea. Gimnasioko lan asko egiten nuen, errepideko lana ere, ze pistako lana potentzia altukoa bada ere erresistentzia ere behar delako. Gero, nola ez, pista barruan ordu asko eta asko egiten nituen.
-Non entrenatzen zenuen?
-Denetik, nire bizitzaren etapa ezberdinetan leku ezberdinetan entrenatu izan dut. Egia da Anoetako belodromoa estalia dagoela eta gertu geratzen zaidala, baina goi mailan lehiatzen zarenean lehiatzen dugun belodromoetatik oso ezberdina da; eta ematen ziren entrenamenduetarako kondizioak ere oso gogorrak dira hezetasunaren eta hotzaren aldetik. Asko entrenatu izan dut Mallorcan, baita errepidean ere. Helburu garrantzitsuak nituenean Sierra Nevadan egiten nuen bloke bat eta gero Mallorcan egiten nuen lan espezifikoa. Egia da, baita ere, Munduko Kopan lehiatzen zarenean beti bidaiatzen eta lehiatzen zaudela.
-Esan duzu segituan ikusi zenuela maila ona eman zenezakeela, baina espero zenuen lortutakoa?
-Beno, Munduko Kopako lehenengo denboraldian dominatan ikusten duzunean zure burua, badakizu edozer gauza egiteko gai zarela, eta nik beti sinetsi izan ditut gauzak egin izan ditudan heinean. Badakizu beti egon ahal zarela hor aurrean, ez bada erorikoren bat edo gaixotasunen bat izaten. Berehala jabetu nintzen hori zela nire bidea, gustuko nuela eta ahal nuen guztia hobe-
tzen jarraitu nahi nuela. Munduko Txapeldun izatea ez nuen inoiz lortu, hirugarren izan nintzen mundial batean, baina egia da nire kirol-ametsak ia denak bete ditudala, eta ezin naiz kexatu.
-Pistaz gain rutan ere ibili ziren, zein nahiago duzu?
-Nire garaian Espainian ez zegoen aukerarik profesional izateko errepidean, eta nire aukera beti pista izan da. Pistan profesional izateko Munduko Txapelketan lehenengo zortziren artean egon behar izan zinen, eta zorionez hala izan da ia txapelketa guztietan. Errepideak talde bat edukitzeko eta kilometroak egiteko aukera eman dit. Gaur egun gauzak aldatu dira zorionez, baina orduan, errepideko profesional izateko kanpora atera behar nuen, eta niri pista gustatzen zitzaidan gehien. Nahiago nuen pistako denboraldia ondo prestatu eta gero, denboraldiz kanpo, egutegi bat egin, ez guztia, beste neurri batean.
-Lasterketak-eta asko aldatu dira?
-Bai, asko aldatu dira. Hasierako urteetan adibidez, beti mutilekin lehiatu behar izan nintzen neskentzat ez zeudelako behar bezalako lehiaketarik, neska gutxi zeudelako-edo. Gaur egun profesionalki ere emakumeen egutegia asko zabaltzen ari da, gauzak hobetzen ari dira. Gauza pila bat daude aldatzeko, baina bakoitzak bere ibilbidea tokatzen zaion garaian egiten du, dauden errekurtsoekin eta dauzkan medioekin.