Osinberde ur-putzua

Osinberde Zaldibia, en el parque natural Aralar

Osinberde ur-putzua

Zaldibiako Arkaka ur-biltegitik abiatuko dugu ibilbidea. Errepidera igoko gara, eta eskuinerantz jarraituko dugu bidea. Errepidea zabalgune batea bukatzen da. Bertatik, ezkerretara dagoen langa gurutzatuko dugu, eta bidean gora jarraituko dugu.

Hasieran zementuzko bidea izango da eta ondoren, mendi-bidea izatera igaroko da, eta pixkanaka bidea lauagoa egingo da. Bost minutu inguru beranduago, bidegurutze batera iritsiko gara. Zuzen, eskuineko bidetik jarraituko dugu.

Aurrera eginez, beherantz egingo du bideak, eta minutu batzuk beranduago erreka bat igaroko dugu. Ia segituan, beherantz eginez, beste erreka batera iritsiko gara. Gurutzatu eta ezkerretara jarraituko dugu, aldapan gora. Ibilbidearen azken zatia errekaren ondotik egingo dugu, pixka bat aldapan gora. Bost minutuan iritsiko gara Osinberdeko urputzura.

  • Iraupena: 1h.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 100 m.
  • Distantzia: 3,4 km.
  • Irteera: Arkaka

 



Inguruan

Arkakako zentrala

Osinberdeko urak, inguruko hainbat errekastoekin batera, Arkaka du lehenengo helmuga. Bertan dago CAFen zentral hidroelektrikoa, azken mendean energia produzitzeko erabili dena. Zentralaren ondotik ateratzen den bideari jarraituz, oraindik ikusi daitezke ura garraiatzeko kanalak eta konportak, baita ur-jauziak eta ura biltzen zuen ur-lamina. Zentralean Uraren Interpretazio Zentroa egon zen, egun itxita, eta ur-lamina arrantza-eskola bezala ere erabili zen.

Osinberde ur-jauzia

Enirio-Aralar parke naturaleko sorlekuetako bat da Osinberdekoa, Amundarain edo Zaldibia errekaren iturburua dena. Ausa-Gazteluren azpiko akuiferotik ateratzen da ura, eta den emariarekin Enirio-Aralarko garrantzitsuena da, segundoko 350 eta 400 litro bitartean isurtzen baititu errekara. Bertako ura, Arkakatik igaro ondoren, Zaldibian barrena pasatzen da eta Ordizian Oria ibaian isurtzen da.

Goroldioa

Arkaka inguruan eta Osinberdeko sakonean ugari da goroldioa. Biltzea debekatuta dago egun, inguratzen duen habitatean eragin handia izan baitezake bere galerak: lurraren hezetasuna mantentzen laguntzen du, bereziki leku oso hezeetan hazten delako eta animalia ornogabeen bizilekua ere bada. Toki eguzki-tsuetan, goroldioa zuhaitzen zein harrien iparraldean ateratzen da bereziki, baina eguzkia sartzen ez den baso itxiagoetan berdin hazten da alde guztietan.

Gibel-belarra

Leku hezeetan hazten den lore txikia da Anemone hepatica, bereziki mendi aldeko gune ospeletan. Izena hostoek gibelarekin duten antzekotasunagatik dator. Euskaraz zonalde batzuetan gibel-belarra deitzen zaio. Hogei zentimetroko altuera hartzen du gehienez. Hostoek, berde ilunak, hiru lobulu oso eta borobildu dituzte. Loreak, bost eta zortzi petalo bitartekoak, banaka ateratzen dira. Udaberri hasieran loratzen da, nahiz eta zonalde epeletan neguan ere agertzen diren, hosto berriak atera aurretik.

Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta