Espinakak, burdinaren legendadun barazkia

Espinakak.

Espinakak, burdinaren legendadun barazkia

Pertsiatik etorritako barazkia, mota guztietako errezetentzako osagai gomendagarria da espinaka

Agurtzane Núñez Yarza

Gaizkiulertu batek eman zien ospea espinakei: ez daukate Popeyek uste zuen bezainbeste burdina. Hala ere, barazkien artean propietate ezinbestekoak ditu espinakak, bitamina eta mineral ugari emanez gorputzari. Milaka espinaka barietate daude munduan, baina gaur egun gutxi batzuk bakarrik landatzen eta merkaturatzen dira.

Landarearen jatorria munduaren beste aldean dago, Pertsian. Arabiarrek handik beren lurraldeetara zabaldu zuten, eta XI. mende aldera Espainian sartu zuten. Bertatik zabaldu zen Europa osora eta ondoren Ameriketara. Egun mundu osoan dago hedatuta eta Europa iparraldeko herrialdeetan kontsumitzen da gehien. Txina da gehien ekoizten duen herrialdea, ehuneko 85a bertatik dator, eta segidan daude Estatu Batuak, Japonia eta Turkia.

Espinakak hezetasuna behar du lurrean haz-kuntza egokia izan dezan, eta klima epela. Hala ere, badaude klima hotzera egokitutako landareak, izozteak jasan ahal dituztenak. Urtean behin hazten da landarea, baina urteko eguraldiaren arabera batzuetan bi mozketa ere egiten zaizkio. Espainia mailan, Nafarroan eta Albaceten ekoizten da gehien, baina baita ere Mediterraneo isurialdeko probintziatan. Hori bai, gehienbat izoztuta merkaturatzen dira.

Bi barietate nagusi landatzen dira, negukoa, izozteak jasaten dituena, eta udakoa. Bien arteko ezberdintasun nagusiena begi-bistakoa da. Negukoa lauagoa da eta normalean izoztuta saltzen da, eta udakoa, hosto zimurtuak dituena. Bien propietateak antzekoak dira eta norbere gustuen eta prestatu nahi dugun errezetaren araberakoa da bata edo bestearen aukeraketa.

Izan ere, espinakak gordinik edota egosita kontsumitu daitezke. Haurretan ez da gomendagarria oso txikiak direnean jatea, eta hazten doazen heinean, kantitate txikiak ematea aholkatzen dute adituek. Helduen kasuan, giltzurrunetako arazoak dituztenei, duen potasio kantitate altuagatik, eta antikoagulatzaileak hartzen dituztenen kasuan, K bitamina duelako, ez kontsumitzea gomendatzen da. normalean entsaladan kontsumitzen da, beste barazkiekin batera. Egosita hainbat modutan prestatu daitezke, tortillan, barazki zein lekaleekin batera, pastarekin… eta ia amaiezinak dira prestatu daitezkeen errezetak.

Espinaka ospetsua egin zen XX. mende hasieran burdina kantitate altua izateagatik, nahiz eta gerora jakin zen ikerlariaren akatsa izan zela: koma jartzea ahaztu eta 40 gramo idatzi zuen, 4 gramo beharrean. Hosto berdeko gainerako barazkiek baina burdina gutxiago izan arren, hala ere, oso barazki gomendagarria da bitamina ugari dituelako. Besteak beste A bitaminak begiko gaixotasunei aurre egiten laguntzen du, eta azalaren zein ilearen hidratazioan laguntzen du; C bitaminak kolagenoa sortzen laguntzen du eta burdinak ilearen erorketa gutxitzea eragiten du; edota K bitaminak hezurren haustura ekiditen du, kaltzioaren xurgatze ahalbidetzen baita. Betakarotenoek, berriz, asma gaixotasuna garatzea ekiditen dute.

Horrekin batera, potasioa, presio arteriala gutxitzen duena, magnesioa edota manganesoa ere. Gainera, zuntz ugari du, heste-igarotzean laguntzen duena eta ultzera gastrikoak ekiditen dituena.
Espinakek duten alde txarra azido oxalikoa dutela da. Azido mota horrek gorputzak burdina jasotzea ekiditen du. Hala ere, azido oxalikoa hostoak egosterakoak edo beste modu batera sukaldatzerakoan desagertzen da, eta gordinik jaten den kasuetan bakarrik barneratzen dugu.

 





Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. 

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta