Etxarri Aranazko basoetan
Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko gara, bertara sartu aurreko bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu, errepide nagusia ezkerretara utzita. Segidan beste bidegurutze bat topatuko dugu eta, kasu honetan, ezkerreko bidea jarraituko dugu, ‘Haritz zaharren bidea’ izenekoan barrena.
Bidea nahiko laua da. Kilometro inguru daramagunean, Leñubeko mugarria ikusiko dugu. Bide nagusitik jarraituko dugu eta minutu gutxira Santatritei izeneko bidegurutzera iritsiko gara. Berriro bide nagusitik jarraituko dugu eta segituan erreka gurutzatu beharko dugu. Urtaroaren arabera bidea urak estaltzen du, baina ondoan egurrezko zubia dago aurrera egin ahal izateko.
Bidean aurrera, haritz zaharren arteko basoan barrena, Artasoro ingurura iritsiko gara. Gutxira, bidean eskuinetara San Adrian ermita ikusiko dugu eta aurrera jarraituz, aisialdi gunera iritsiko gara, mahai luze ugarirekin.
- Iraupena: 50 min.
- Zailtasuna: erraza
- Desnibela: 56 m.
- Distantzia: 3,2 km.
- Irteera: Etxarri-Aranazko kanpina
Inguruan
Haritz zaharrak
Gure ibilbideak tamaina handiko haritzak ikusiko ditugu bidean zehar, nahiz eta basoko seinaleei jarraituz zuhaitz gehiago ikusi ditzakegun. Antzina baso-motzek eta produktu desberdinak egiteko egurrak zuen garrantziaren erakusle dira zuhaitz horiek, urteetan beren itxuragatik moztetik libratuak izan zirenak. Gaur egun hamar metrotik gorako altuera duten hainbat zuhaitz ikus daitezke oraindik basoan.
San Adrian baseliza
Herrigunearen kanpoaldean, basoz inguratuta dago kokatuta San Adrian baseliza. Uste da Erdi Aroan izan zuela jatorria ermita, baina 1984an gertatutako sute baten ondorioz guztiz eraberritua izan zen. Sarrera nagusiak ateburua dauka, eta alderdi berean, aterpe bat dago. Aldarean gotiko estiloko santuaren irudi berri bat dago.
Baso-igel jauzkaria
Gehienetan ikusi ezin ditugun arren, basoan hainbat animalia bizi dira. Horietako bat da baso-igel jauzkaria. Europa guztian aurkitu daitekeen anfibioa da, baina Espainia mailan Araba eta Nafarroako zonalde mugatu batzuetan bizi da. Animalia gautarra da batez ere, eta egunez eroritako enborretan zein harri artean ezkutatzen da. Araban nahiko arrunta da, baina Nafarroan, toki gutxitan ikus daiteke. Bizitzeko bereziki gustuko ditu hariztiak, hezegune ugari dituztenak. Harizti zaharren eta inguruko hezeguneen desagertzeak bere populazioa asko gutxitu du eta mehatxatutako anfibioen artean dago.
Elorri zuria
Basoko zuhaixken artean udan deigarria de elorri zuria adarretan, hostoen artean, jaiotzen diren fruitu gorriengatik. Udaran ere, lore zuri usaintsuak ditu. Fruituak basoko animalien zein hegaztien janari izan ohi dira, eta bakoitzean hazi bakarra egon ohi da. Mendeetan, elorri zuria sendabelar bezala erabilia izan da dituen propietateengatik, bai loreak edota fruitu eta hostoak.