Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude

Ranita Meridional. Alberto Gosa

Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude

Europa mailan gure lurraldea da anfibio-espezie gehien biltzen dituenetakoa, baina herena desagertzeko zorian daude

Aranzadi

Joan den apirilaren 28an, Anfibioak Kontserbatzeko Nazioarteko Eguna izan zen, egun honetako helburua odol hotzeko animalia hauek desagertzeko arrisku larria dutela salatzeko antolatu da. Arrazoiak habitata, hondakin toxikoak, kutsatzaileak eta klima-aldaketa direlarik. Gure lurraldean anfibio-espezie ugari biltzen dira.

Izan ere, azterlan herpetologikoek erakutsi dute Europa mailan anfibioen biodibertsitate handieneko guneetako bat dela. Baina animaliengan adituak diren biologoak kezkatuta daude, Euskal Herrian ezagutzen diren 18 anfibio-espezieen % 56 espezie mehatxatuen katalogoan sailkatuta daudelako, eta % 28 babes handieneko mailan, Desagertzeko Arriskuan.

Bioaniztasunaren kontserbazio egoera aztertzeko inoiz egindako azterketa handienaren emaitzak argitara eman berri ditu Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak. Guztira mundu mailan 57.000 espezie aztertu dituzte, eta “bizitzaren barometro” gisa izendatu izan den espezie zerrenda gorriaren emaitza batzuk kezkagarriak izan dira, ornodunen artean egoera makurrenean dagoen taldea anfibioena izaten jarraitzen baitu, espezieen %41 mehatxu egoeran dagoelarik.

Ion Garin Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko biologoaren iritziz, “egoera honek gauza asko birplanteatu beharko lizkiguke, anfibioak gure planetako talde taxonomikorik zaharrenetako bat baita. Duela 200 milioi urtetik bizi dira mundu honetan, dinosauroen garaitik. Nola liteke milioika urte horiek guztiak mantendu izana eta gaur egun planeta mailan gainbehera larrian egotea? Kontuan izan behar da, gainera, gure ekosistemen egoeraren bioadierazle oso onak direla. Agian zerbait esan nahi digute”.

Espezie mehatxatuen zerrendek jasan dituzten berrikuntzen ostean Euskal Herriko bost anfibio espezie “Galzorian” sailkatuta daude: bi Ipar Euskal Herrian (apo ezproidun iberiarra eta baso-igel piriniotarra), eta beste lau Hego Euskal Herrian (hegoaldeko zuhaitz-igela, apo lasterkariaren kostako populazioak, apo ezproiduna eta apo pintatu iberiarra).

Begirada “Kaltebera” gisa sailkatutako espezieetan ezarri ezkero beste hainbeste espezie sailkatuta daudela konturatuko gara: Apo pikart iberiarra, Zuhaitz-igel iberiarra, Uhandre alpetarra, Baso-igel jauzkaria, Baso-igel iberiarra. Hau da Euskal Herriko anfibio espezieen zerrenda osatzen duten 18 anfibio espezieetatik hamar (% 56), arrisku maila garaienetan sailkatuta daude “Galzorian” edo “Kaltebera”.



Anfibioen kontserbaziorako jardunaldiak

Egoeraz kezkatuta 2020 urteko urriaren 16 eta 17an, COVID 19 pandemia bete betean, Iberiar Penintsulako aditu talde bat gonbidatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kideek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Elkarte Herpetologikoaren laguntzaz, Anfibioen kontserbaziorako III. jardunaldi-etara gai nagusia Anfibio populazio mehatxatuen jarraipena izan zen. Bilgunean eskainitako hitzaldi gehienak artikulu moduan argitara emateaz gain, jardunaldiko parte hartzaileek adostutako ondorioak Munibe aldizkari zientifikoaren bostgarren alean argitara eman ditu Aranzadik.

Aranzadik ia mende erdi daramatza Euskal Herriko anfibioen populazioa aztertzen, eta bere ikerketa lerroen baitan dago galzorian dauden espezieen jarraipena egitea.Espezie mehatxatuen zerrendan Galzorian sailkatuta dauden espezieen jarraipen lanak 25 urte bete ditu hegoaldeko zuhaitz-igelaren kasuan, aldiz kostako apo lasterkariaren populazioen kasuan 20 urte betetzera doa monitorizazioak. Azken urteetan arreta kategoria baxueneko espezie mehatxatuetan ezarri da: besteak beste uhandre piriniotarra, uhandre alpetarra edota baso-igel iberiarra.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta