Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduta geratuko da

Fermin Leizaolaren bilduma Gordailuan jasoko da | La colección de Fermin Leizaola se guardará en Gordailua

Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduta geratuko da

Fermin Leizaolak osatutako bilduma etnografikoak 60 urtez jasotako euskal kultura eta tradizioko 4000 pieza baino gehiagok osatzen dute

Txantxangorri Aldizkaria

Fermin Leizaolak sei hamarkadatik gora eman ditu Euskal Herriko historia eta bizimodua jasotzen duten pieza etnografikoak jasotzen. Berak osatutako bilduma 4000 pieza etnografikok osatzen dute gaur egun eta Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan daude jasota.

Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira bilduma osatzen dutenak hein handi batean, besteak beste, arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak…), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude. Bere lana Gipuzkoan zentratu badu ere, Euskal Herriko beste txokotako piezak ere badaude, baita urte guzti hauetan bisitatu dituen beste herrialdeetan aurkitutakoak.

Izan ere, 1980ko hamarkadara arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare kulturalarekiko zuen interesa sorkuntzako materialetara, hau da, musikara, pinturara eta eskulturara zegoen bideratuta bereziki. Horri zegozkion piezak jasotzeko beka deialdiak egiten zituzten, baina ez zegoen Gipuzkoako historian zentratutako ondarea jasotzeko lerro zehatzik martxan.

Ikerlari donostiarra gaztea zela egin zen Aranzadiko bazkide, hamasei urte inguru zituenean. Segituan barneratu zen elkarteko dinamikaren baitan. Hasiera batean espeleologia sailean laguntzen zuen, baina sail horretarako informazioa bilatuz baserri-munduan murgildu zen eta, horrela bizimodu tradizionala eta horren irudikapenak dokumentatzen hasi zen.

Era berean, bizimodu haren erakusle ziren piezak gordetzeari ekin zion, laster konturatu baitzen bizimodu hark ez zuela urte luzez iraungo eta dokumentatu eta gordetzen ez bazen, betirako galduko zela mende luzez iraun zuen oraindik bizirik zegoen ondare guzti hori. Gaur egun, ondare materialaren inguruko aditu handienetako bat da, baita Eusko Ikaskuntzako eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteko (RSBAP) kidea.

Horrela, Gipuzkoarako bilduma etnografiko bat sortzeko beharra planteatu zuen Aldundian, baiezko erantzunarekin. Arbasoen bizitza eta ofizioak irudikatzeko helburua izan du ordutik bere lanak. Sortutako funtsa Aldundiaren esku dago eta, hemendik aurrera Ondare Bildumen Zentroan egongo da jasota. Gainera, pieza guztiak dokumentatzeaz arduratu dira azken urteetan.

Aranzadi Zientzia elkarteko etnografia saileko zuzendaria izan da Leizaola (Donostia, 1943) 45 urtez eta aurten erreleboa eman dio Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariari. Errarte 2019an sartu zen zientzia elkarteko sail horretan eta, Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu urte hauetan, besteak beste, etnografo donostiarrak jasotako funtsa.




Etnografia jardunaldiak

Urtero bezala, Etnografia Jardunaldiak antolatu ditu Aranzadik San Telmo Museoarekin elkarlanean. Azaroaren 12tik 15era egingo dira 45. edizioari dagozkion ekitaldiak, hainbat ikerlariren parte hartzearekin. Data berezia borobiltzeko, Leizaolak emango die hasiera jardunaldiei. 45 urteren ondoren saileko zuzendari gisa antolatuko diren azkenak izango dira eta, horien bidez, urte luzez zuzendu duen ibilbideari agurra emango diote. Izan ere, berak sortu zituen jardunaldi hauek zientzia elkartean geldirik zegoen saila berreskuratu eta berriro martxan jarri zuenean, gaiaren inguruan egindako lana eta jakintza elkarbanatzeko helburuarekin.

Hiru egunetan, ikerlari ezberdinen hitzaldiak egongo dira San Telmo Museoan. Sailak azken urteetan ikertu eta garatu dituen proiektuak aurkeztuko dituzte dituzte antolatu diren ekitaldietan. Aurten euskal kulturako priezak, genealogia eta pottokaren jatorria izango dituzte hizpide jardunaldietan. Hitzaldiak streaming bidez eskainiko dira Museoaren Youtube kanaletik.

  • Azaroak 12, asteartea: ‘Algunos elementos de cultura material propios de vasconia’. Hizlaria: Fermin Leizaola.
  • Azaroak 13, asteazkena: ‘Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan’. Hizlaria: Mikel Prieto.
  • Azaroak 14, osteguna: ‘Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika’. Hizlariak: Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos, Oihane Mendizabal.

Gainera, azaroko larunbat guztietan, zientzia elkarteko sailak familientzako tailerrak antolatu ditu ‘Ondarea gure bitxia! Bitxigintza tailerra’ izenburupean. Horietan, laiak, kaikuak, argizaiolak eta abarrak tailerreko parte-hartzaileentzat inspirazio-iturri bihurtuko dira, gero beren bitxiak sortzeko. San Telmo Museoan bertan egingo dira tailerrak.

 

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta