Hegazti habigileentzako atlas osotua egin da

Hegaztien atlasa egin da. Núñez

Hegazti habigileentzako atlas osotua egin da

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hegaztien egoera islatzen duen bost urteko lana aurkeztu berri da

Mikel Olano, basozaina

Kostata bada ere argitaratu da Euskadiko hegazti habigileen atlasa. Aranzadi zientzia elkarteak argitaratu du eta lan benetan mardula,475 orriko liburukotea gelditu da azkenean: 5 urte kanpoko lanetan eta beste bi bulegokoetan. 2016 urtean hasi ginen eta 2023ko urrian argitaratu da.

Aurreneko aldiz hiru lurraldeetan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) batera egin da lan eta metodologia berdinarekin. 60 ornitologo inguruk hartu dute parte. Lurralde bakoitzak bere koordinatzailea eduki du. Gipuzkoako kasuan Itsas Enara ornitologia elkartea eta Foru Aldundiko Basanimalien Zerbitzua izan dira.

Behar beharrezkoa zen Atlas berri hau burutzea. Azken 20 urte hauetan habitat ezberdinen eraldaketak ze ondorioak izan dituzten gure hegaztien gain jakin ahal izateko.

Lan zehatzagoa

2001ean, baita Aranzadiren eskutik, ‘Atlas de las Aves nidificantes de Gipuzkoa’ argitaratu zen eta 2003an ‘Atlas de las Aves reproductoras de España’ Seobirdlifen eskutik. Horietan, lana egiteko koadrikulak edo gelaxkak 10×10 kilometrotakoak izan ziren. Atlas berri honetan, ordea, 5×5 gelaxketan egin da lan. Hau da, lan zehatzagoa burutu da, finagoa.

Gainera, aurrekoetan espezieen presentzia/ausentzia lantzen zen soilik. Oraingoan, horretaz gain, espezie ezberdinen estimak landu dira. Horretarako bi transekto mota burutu dira, kualitatiboak eta kuantitaboak.

Espezie bakoitzak bere fitxa dauka. Hauetan ondorengo informazioa azaltzen da: Espeziearen izena euskaraz eta gaztelaniaz. Testuak, bertan banaketa eskakizun ekologikoak (habitata), ugaritasuna eta kontserbazioa azaltzen dira.

Fitxa horietan ere azaltzen da 5x5km-ko gelaxkatan behatutako presentziaren mapa. Baita aldaketa mapa ere, hau da, 2003ko Espainiako Atlasarekin alderatzen da espezie bakoitzaren egoera. Banaketa modelizatuaren mapa, espezieak lurraldean duen presentzia probabilitate erlatiboa adierazten du. Mapa hori datu nahikoa bildutako espezieek bakarrik dute. Eta azkenik, Habitat eta altitude lehenespen grafikoak. Informazio berria eta ugaria espezie bakoitzarekiko.




Basoan hegazti gehiago

Eta, txori gehiago dago orain edo gutxiago? Galdera hau jende askok egiten du. Mezu ‘katastrofistak’ ere ugariak dira. ‘Txoririk gabe gelditzen ari gara’, ‘desagertzen ari zaizkigu’… Lan honen arabera ezin da esan txoriak gutxitzen edo desagertzen ari direnik, ikuspegi orokor batetik begiratuta behintzat. Toki batzuetan ugaritu egin dira eta beste batzuetan gutxitu. Hegaztiak ere bere habitat edo bizi lekuari loturik daude. Hauek hobetu badira bertan bizi diren hegaztiak ere bai eta alderantziz.

Denetara 180 espezie habiagile zenbatu dira hiru lurraldeetarako. Aurreko Atlasetan baino gehiago. Hauetariko 175 autoktonoak eta 5 exotikoak. Ugarienak espezie jeneralistak dira. Hau da, habitat ezberdinetara ondo moldatzen diren espezieak.

Estimen arabera ugariena Etxe txolarrea da (dorrotxorie, pareta txorie……) 390.000 ale inguru. Bigarren tokian dago txantxangorria, 330.000 ale ingururekin; hirugarren txepetxa, 290.000 ale inguru; laugarren zozoa, 280.000 ale inguru; bosgarren txinbo kaskabeltza, 270.000 ale inguru; seigarren lekuan Kaskabeltz handia, 210.000 ale inguru… Eta horrela zerrenda luze bat osatu arte.

Ez gara hasiko Euskadiko habitat mota guztiak aipatzen hemen eta beraien eraldaketaren ondorioz zein hegazti motak egin duten gora beraien populazio eta distribuzioan eta ze espeziek jasan duten beherakada. Hori jakin nahi duenak irakurri dezala liburua. Baino bai laburbiltze aldera aldaketa nabarmenenak aipatuko ditugu.

Orokorrean basoko espezieak gora egin dute. Adibide modura okilak jarri ditzakegu. Garai batean okil beltza ikusi eta entzutera hemendik oso urrutira joan behar izaten genuen. Gaur egun lurraldeko edozein lekuetan entzun genitzake bere garrasiak. Zergatik gertatu da zabalkuntza hau?

Arrazoi bat baino gehiago egongo dira zalantzarik gabe. Alde batetik basoaren azalera handitzen doa landa zabalaren kalterako. Bestetik poliki-poliki bertako basoak gero eta helduagoak dira, zaharragoak. Kanpoko espezien landaketak (intsigsis eta Larizio pinuak) gaixotasun larriak jasan dituzte eta egur hila asko pilatu da mendian. Horrek esan nahi du janari asko daukatela bertan. Hauek izan daitezke, besteak beste, arrazoietako batzuk.

Harrapariak ere orokorrean gora egin dute beraien populazioetan, adibidez, miru gorriak edo eta arrano txikiak. Honen atzean ere arrazoi ezberdinak egongo dira. Bata, dudarik gabe, garai batean baino gehiago errespetatzen direla.

 




Basoen kudeaketak ere izango du zer esanik. Pinudi zaharrak oso egokiak dira harrapariak habia egiteko garaian. Gipuzkoako lurraldean behintzat habia gehienak pinudi zaharretan aurkitzen ditugu.

Egurraren prezioa denbora luzean oso baxu egon da eta horren ondorioz pinudi asko bota gabe gelditu dira azken urte hauetan. Hau da, pinudi helduak izan ditugu. Altuak eta zaharrak. Honek, zalantzarik gabe, mesede handia egin die harrapariei, mota horretako pinudiak aukeratzen dituztelako habia egiteko. Ez noski lur jabeari. Dena dela, gaur egun, egoera aldatzen ari da. Egurraren prezioa igo da berriro eta mozketak berriro ugaritu dira.

Sarraskijaleak ere gora egin dute. Sai arrearen kasua nabarmena da. Sai zurien bikoteak ere goraka egin dute eta ugatzaren kasuan, gaur egun, bi lurralde baditugu. Bata Aralarren eta bestea Aizkorrin.




Landa eremuan gutxitzen

Txanponaren beste aldean landa zabalari loturiko espezieak dauzkagu. Landa zabalaren azalera gutxitzen ari da etenik gabe eta ondorioz bertan bizi diren hegaztien kopurua ere bai. Habitat honetara loturiko espezieak beren distribuzioa %30ean jaitsi dute. Bada zerbait, eta etorkizun beltza ikusten zaie.

Badakit landa eremua habitat eraldatua dela baina bioaniztasun ikaragarria du bere baitan. Baserritarrak galtzeko arriskuan daude eta beraiek lantzen duten landa zabala ere bai eta, ondorioz, bertan bizi diren espezieak ere beherantz doaz. Landa txolarreak, galeperrak, mirotz zuriak, gari berdantzak, antzandobiak, usapalak… non dira?

Lan honek balio izan du susmatzen genituen aldaketak baieztatzeko. Fenomeno hau gurean bakarrik ez da gertatzen ari. Nahiko orokorra da beste herrialdeetan ere. Landa eremua poliki-poliki desagertzen ari da eta bertan bizi diren espeziek ere bai.

Hemendik 20 urte barru zelai, belardi eta antzekorik geldituko al zaigu? Bertan bizitzen diren txoriak ikusteko aukerarekin jarraituko al dugu? Erronka galanta daukagu aurretik.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta