Hernialdeko baserrietatik

Hernialdeko baserrietatik ibilbidea.

Hernialdeko baserrietatik

Anoetako Benta aldea industrialdetik aterako gara eta Tolosa aldera joango gara. Eskuinean dauden bi baserrien artean dagoen trenbideko zubia igaro eta bide nagusian aurrera jarraituko dugu. Handik 600 metro ingurura, errepideak eskuinera bihurgunea egiten duenean, parean ateratzen den bidea hartuko dugu, errepide nagusitik aldenduz. Bi bideetatik eskubikoa hartuko dugu, aldapan gora. Baserri tartetik aurrera jarraituko dugu eta hurrengo bihurgunean, bidea jarraituko dugu eskuinera.

Bide nagusian aurrera egingo dugu, bide nahiko zuzen etalauan. Zazpi minutu inguruan bihurgune batzuk igaroko ditugu, baina aurrera jarraituz, hirurehun metrora errepide nagusira aterako gara.




Hala ere, ez dugu igoera hemendik egingo herriraino. Errepidean gora hogeita hamar metro ingurura, ezkerretara baserrietara doan bide bat aterako da eta hortik jarraituko dugu. Bidean aurrera, bost minutura lehengo bidegurutzea topatuko dugu, eskuinera hartuz aldapan gora. Boste hunmetroko malda nahiko handia dago hurrengo baserrietara iritsi arte. Bertara iritsitakoan, gauden bidetik jarraitu eta bigarren baserrian, Iriarten, eskubira hartuko dugu eta herrira iristen den errepideko azken bihurgunera aterako gara. Goruntz jarraituz metro gutxitan plazan izango gara.

Itzulerako bidea egiteko, elizari buelta eman eta eskubitara ateratzen den bidean behera joango gara. Segituan errepide nagusira jaitsiko gara eta hura jarraituko dugu beheruntz. Kilometro eta erdi inguru daramagunean, Anoetako bidegurutzera iritsiko gara. Ezkerretara hartuz Anoetarairitsiko gara. Errepidean aurrera jarraituta, berriz, Hernialdeko Bentara eta handik, trenbide azpitik gurutzatu ondoren, industriagunera.

  • Iraupena: 1 o. 30 min.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 237 m.
  • Distantzia: 5,8 km.
  • Irteera: Anoeta

 




 

Inguruan

Udaletxea

Hernialdeko Udaletxea plazako eraikin bakanetakoa da, eliza, frontoia eta eskola zaharrarekin batera. Harlanduz egina 1753an, estilo barrokoa du. Garaiko ohiko eraikinen antzerakoa da, Hercules Torrellik 1718an Donostiarako diseinatu zuen udaletxearen eredua jarraituz: lau arkudun sarrera, solairu nagusia gainean eta frontoi triangeluarra goikoan. Frontoiaren erdian erloju mekanikoa du. Hernialden, malda aprobetxatzeko azpitik beste bi solairuditu eraikinak.

Hernialde herria

Hernio mendiaren magalean kokatzen da herria, izenak adierazten duen bezala. Agirietan lehen aldiz 1374an agertzen da, Tolosari batu zitzaionean. Elkartu arren, Hernialdek bere mugak, mendiak eta gainerako propietateak mantendu zituen, baita administrazio ekonomikoa eta biztanleen kontsejua. Hala ere, liskarrak izan zituen Tolosarekin, 1435ean beste herri batzuekin batera auzitara iritsi ziren arte. Helburuak lortu gabe, 1802ra arte ez zen Tolosatik banatu.

Jasokundeko Andre Mariaren eliza

Nabe bakarreko eraikina da eliza, XVI. mendean egina, herriko plazan bertan kokatua dagoena. Abside poligonala du eta sarreretako batek estilo barrokoa du. Erretaula nagusia Domingo de Zatarain apaizari esker egin zen XVII. mendean. Hala ere, herriko apaiz ezagunena Manuel Santa Cruz izan zen. Hernialdeko bikarioa zen, karlismoaren aldekoa eta ihes egin zuen bera atxilotzera joan zirenean. Gerora gerrilari ibili zen, erahilketa askoaginduz. Karlistadak amaituta, misiolari joan zen eta Kolonbian hil zen 1926an, 84 urterekin.

Hernialdeko baserriak

Landa inguruneko beste hainbat herrien antzera, Hernialden mendeetan zehar mantendu da baserrien antolaketa. Horrela, gaur egun ere egitura originala duten baserriak daude. Gipuzkoako zaharrenetarikoa da Olatzaga baserria. Herriko beste hamabi baserrirekin, guztiak XVII. mendekoak, Gipuzkoako Ondare Katalogoan sartuta dago. Anotzaga baserriak adibidez, fatxada nagusian harrizko armarria izateaz gain, harlanduzko lehioekin, albo batean eguzki-erlojua du.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta